Manex Altuna

Iñigo Cabacas gogoan eta euskal selekzioen ofizialtasuna aldarri, derbiaren atarikoan

Zale zuri-gorriak nagusi izan dira derbiaren atarikoan. Etxean jokatzeaz gain, ez da sarrerarik saldu talde txuri-urdinaren jarraitzaileentzat eta Realaren kamiseta gutxi ikusi dira Bilboko kaleetan.

Iñigo Cabacasen omenez Kirruli plazan dagoen plaka.
Iñigo Cabacasen omenez Kirruli plazan dagoen plaka. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ordaintzen duten telebista kateek ezartzen dituzten ordutegiak futbol giroa ezabatzen ari dira. Igande bat zaleak kaleetan elkartzeko aproposa izan daitekeen arren, hain berandu jokatzeak uxatu egiten ditu gero eta gehiago. Pandemiarengatik San Mamesen ezarritako %85eko edukiera mugak ere ez du batere lagundu eta ez da sarrerak erosteko aukerarik egon.

Lagun zuri-gorririk izan ezean, ez zegoen zelaira sartzerik eta Realzale gutxi izan dira Bilbora hurbildu direnak, nahiz eta ikusi ahal izan diren zenbait kamiseta txuri-urdin inguruko kaleetan.

Eguerdian bertso derbia ospatu da Zornotzan. Anjel Mari Peñagarikano, Jone Uria eta Aitor Etxebarriazarraga izan dira Athletic ordezkatzen eta Realaren partetik Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus. Iribarrek eta Aitor Elizegi presidenteak Fundazioaren Aintzatespen Saria eman diote Athleticen balioak zabaltzen laguntzeagatik.

Bizkaiko hiriburuko kaleetan berriz, ez da garai bateko giro berezirik izan. Partida gerturatu ahala berotzen joan arren. 19.00etan Iñigo Cabacas omendu dute Kirruli plazan. Hamar urte beteko dira apirilean Ertzaintzak jaurtitako pilotakada baten ondorioz hil zenetik.

Horren ondoren, Euskal Zaletuak izenpean zabalduriko ekitaldien baitan kalejira bat egin dute San Mameserarte euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko. Argazki erraldoi bat egiteko asmoa ere zuten amaieran.

‘Txoria txori’ eta Mauriri omenaldia

Zelai barruan ere ekimen bateratu bat antolatu dute Lakuako Gobernuak eta bi taldeek bultzatuta. Jokalariak ateratzerakoan ‘Txoria txori’ kantua abestea proposatu dute kirol munduan euskara bultzatzeko asmoz.

Aldi berean, minutu bateko isilunea egitekoak ziren ostiralean hildako Mauri jokalari ohiaren omenez. Gernikako futbolaria 50. hamarkadan zehar talde zuri-gorriko ikurretako bat izan zen eta liga bat eta hiru kopa irabazi zituen. 90.eko hamarkadan Letxundiren Zuzendaritza Batzako kide izandako Fidel Basterra ere izango dute gogoan.