Andoni Arabaolaza

Izotz eskaladaren zimenduak hautsi ditu Gaydoshek 12 urterekin

Eskalatzaile estatubatuarrak garaipen handi lortu zuen iragan hilabetean Suitzako Saas-Feen jokatutako Izotz Eskaladako MundukoTxapelketan. 16 urtez azpikoen mailako lehiakide gazteena izan zen.

Orriotan maiz aipatu izan ditugu kirol eskaladan zein boulderrean haur “mutanteek” egiten dituzten jarduerak. Eta, aurreratu behar dugu, berri horiek gero eta ohikoagoak bihurtu badira ere, jarraian aipatuko dugunak zur eta lur utzi gaituela. Izan ere, hurrengo protagonistak katu-oinak alde batera utzi, kranpoiak eta pioletak hartu eta Izotz Eskaladako Munduko Txapelketa irabazi berri du. 

Landers Gaydosh da ezustekoa eman duena. Eta hori diogu soilik 12 urte dituelako. Estatubatuarra, gainera, 16 urtez azpikoen mailan gailendu da, eta horri gehitu behar diogu Suitzan jokatutako txapelketako lehiakide gazteena izan zela. Gainera, izaera horretako hitzorduetan apenas du eskarmenturik: Saas-Feen jokatutakoa bere bigarren lehia zen.

Ezustekoa aipatu dugu, eta haurraren aitak, Jonathanek, gauza bera azpimarratu nahi izan du: «Txapelketarako txartela lortu zuenean, semearen asmo nagusia azkena ez geratzea zen. Onartu beharra dut bitxia dela oso hain gaztea izanik titulua lortu izana. Nire semea oso gaztetik hasi zen eskalatzen, batez ere arrokan. Baina izotzean duela lau hilabete egin zituen lehen urratsak. Astean behin soilik entrenatzen zuen izotzean, baina Suitzako hitzordu garrantzitsura joateko txartela oso azkar eskuratu zuen».

Esperientzia berria

Horrenbestez, 12 urte eskasekin, presio handiko lehia batera joan zen estatubatuarra:«Onartu behar dut semea lehietan beti lehen postuetan ibili dela. Baina azken txapelketa honek asko ‘beldurtzen’ gintuen. Apaltasun osoz jardun behar zuela aholkatu nion, eta bezperan, egia esan, jokoz kanpo ikusten nuen. Alabaina, entrenatzaileek ez zutela presionatuko esan ziguten. Hots, txapelketak ikasteko balio behar ziola, ez besterik». 

Eta, antza denez, mutikoak ondo barneratu zituen jasotako aholkuak: «Urduri nengoen. Baina lehiatzen hasi nintzenean, neure buruari zera esan nion: ‘Ahalik eta azkarren eskalatu eta asko goza ezazu’. Lortutako emaitza ez nuen espero. Isolamendu gelan utzi nindutenean, galduta nengoen; izan ere, beste lehiakideak ez nituen ikusten. Baina eskalatzen hasi eta urduritasun guztiak uxatu nituen. Erabat dibertigarria izan zen! Bidea kateatzea lortu nuen, eta, gainera, bigarren sailkatuak baino hogei segundo gutxiago egin nituen. Nik ez nuen inolako eskarmenturik, eta poz handia eman zidan iazko txapeldunaren aurretik geratzeak».