Elkarrizketa
Maialen Naberan «Mutri»
Murtziako Alhama-ko atezaina

«Oso zaila da, baina Real Madril gainditzeko lan egingo dugu»

Duela urte eta erdi joan zen Murtziara atezain mutrikuarra, Bigarren Mailako Alhamara, aurretik herriko taldean, Gasteizko Neskak-en eta Alavesen jokatu ondoren. Lehen Mailara igotzeko bidean dago eta Kopan, aurreko kanporaketan Eibar gainditu ondoren, Real Madril hartuko du bere taldeak.

Maialen Naberan «Mutri», bere herrian, Mutrikun.
Maialen Naberan «Mutri», bere herrian, Mutrikun. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ligako etenaldia aprobetxatuz, egun batzuk eman ditu etxekoak bisitatzen. Mutrikun denak bere lekuan jarraitzen duela ikusi eta pilak kargatu ondoren, bueltatu da Murtziako Alhamara, denboraldi amaierarako gogotsu. Minutuak falta zaizkio Mutri-ri esperientzia biribila izateko.

Bigarren Mailan jokatzeko 800 kilometroko bidaia egitea ez da erabaki erraza izango.

Aldatzeko gogoa nuen. Mutrikun jokatu ondoren, Gasteizko Neskak taldean jokatzen hasi nintzen, eta gero Alavesen, taldea asimilatu zuenean. Azken denboraldian ikusten nituen kanpotik etorritako jokalariak, Txile, Katalunia, Argentina, Andaluzia... Eta horrelako esperientzia bat probatzeko gogoa piztu  zitzaidan, eta kanpora joateko erabakia hartu nuen. Hori egiteko unea heldu zitzaidala uste nuen eta Alhamaren eskaintza onartu nuen.

Ez da oso talde entzutetsua, baina ez da nolanahiko proiektua.

Egia esan, nik ere ez nuen ezagutzen. Informatu nintzen eta ikusi nuen ez zeukala ibilbide luzea, baina apustua egin nahi zuela. Fitxaketa dezente egin zituzten, nirea barne, kanpotar asko... eta denboraldi polita egin genuen. Aurten ere aldaketa gutxi batzuk egon dira, baina lana aurretik zetorren; elkar ondo ulertzen dugu eta argi dago gauzak ondo irteten ari direla.

Hego multzoko liderrak zarete, baina lau talde zaudete hiru puntuko tartean eta lehena bakarrik igoko da. Zein estresagarria!

Bai, eta horregatik ez dugu larregi horretan pentsatzen. Entrenatzaileak beti esaten digu sailkapena ahazteko eta hurrengo partidan pentsatzeko soilik. Eta arrazoia dauka. Alde batetik, garrantzitsuena norberak lortzen dituen puntuak direlako; zu zara irabazi behar duzuna. Eta bestetik, partida guztiak izaten ari direlako zailak. Goiko zein beheko taldeen kontra jokatu, oso gogorrak dira eta, beraz, denei eman behar diegu kontzentrazio, lan eta ahalegin guztia.

Hurrengoek behintzat asko exijituko dizuete. Ligan bigarrenaren eta hirugarren aurka jokatuko duzue jarraian, eta bien artean Real Madrilen aurkako Kopako kanporaketa daukazue.

Egia esan, pixka bat pena da hain denbora gutxian hain partida garrantzitsuak izatea, baina oso gogotsu gaude.

Juan Granderen eta Granadaren kontrakoak, betebeharra, eta Real Madrilen kontrakoa, ilusioa?

Bai, Ligak dauka garrantzia eta Kopak sekulako ilusioa pizten du. Eibarren kontrako kanporaketa ere oso polita izan zen; azken finean, Lehen Mailako taldea da eta oso giro ona izan genuen zelaian. Argi dago Real Madril erraldoi bat dela, are zailagoa izango dela, baina oso erakargarria ere bai. Oso ilusionatuta gaude, herrian eta taldean. Eta ez da ilusioa bakarrik, oso-oso zaila den arren, kanporaketa gainditzeko lan egingo dugu.

Zelaian bertan bizitzeko aukera izango duzu? Entrenatzaile gehienek atezainak txandakatzen dituzte, baina momentuz zuenak Laura Martinez aukeratu du Liga zein Koparako.

Zaila ikusten dut. Entrenatzaile bakoitzak bere lan egiteko era dauka eta gauzak ondo doazenean zaila da aldatzea. Aukera beti dago hor, hala ere, eta beti bezala, ni prest egongo naiz edozein unetan erantzuteko.

«Atezain batek partida aulkian hasten duenean badaki ez duela jokatuko. Ez da erraza, mentalizazio lana egin behar da»

Badakit atezainak horretarako ere desberdinak zaretela; ez da erraza izango denboraldi on batez gozatzea jokatu barik.

Zaila da, egia esanda. Zelaiko jokalariek ez bezala, atezain batek partida aulkian hasten duenean badaki ez duela minuturik izango. Mentalizazio lana egin behar da; esperientziak ere laguntzen du, lana gogor egiten jarraitzeko. Egunero ezin hobeto entrenatu, aukera heltzen bada zure onena eman ahal izateko, eta ez etsi. Ez da erraza, baina egin daiteke eta lanak berak eta taldeko jendearekin gustura egoteak, konfiantza izateak... asko laguntzen du.

Hor jarraitzeko lain? Zure kontratua ekainean amaitzen da.

Auskalo. Jokatzen ez duzunean buelta gehiago ematen diozu buruari, baina une honetan ez dut ezer erabaki, ez eta ezer baztertu ere.