NAIZ

Lehiakor izateko erronkarekin jasoko du Bidasoak Berlingo Fuchse indartsua

Hurrengo faserako txartela eskuratuta, lehen postua nahi duen taldearen aurka itxura ona eman nahi du zaleen aurrean.

Ander Ugarte Berlinen jokatutako partidaren irudi batean.
Ander Ugarte Berlinen jokatutako partidaren irudi batean. (LAECHLER)

Europa Leagueko final zortzirenetarako txartela poltsikoan dutela, Fuchse Berlin, txapelketa hau irabazteko faborito handienetako bat jasoko du astearte honetan Bidasoa Irunek arratsaldeko 20.45etatik aurrera. Laugarren postua hobetzea ia ezinezkoa duenez, lehen postua eskuratzeko garaipena beharrezkoa izango duen munduko talderik indartsuenetako baten aurrean lehiakor izatea izango da bidasotarren erronka euren zaleen aurrean.

«Erronka polita daukagu Europa eta munduko talderik indartsuenetako baten aurka, Bundesligan laugarreak doaz eta txapelketa hau irabaztea da euren asmoa. Aurreko astean ikusi genuen zer nolako maila duten» azaldu du Jaacobo Cuetara entrenatzaileak. «Gu dagoeneko sailkatuta gaude, inolako presiorik ez dugu eta munduko txapelketarik onenetako batean aritzeaz gozatu behar dugu. Irungo eskubaloiarentzat egun oso polita izan daiteke» gaineratu du.

Hobetzeko asko

Duela astebete, 35-23 galdu zuten bidasoatarrek Alemaniako hiriburuan jokatutako partidan. Lesioek eraginda, harrobiko zenbait jokalarirekin aritu behar izan zuten irundarrek eta aste honetan Kauldi Odriozola eta Adrian Fernandez jokatzeko moduan izango dira, Mikel Zabalzaren parte hartzea zalantzan dago eta Jon Azkue eta Rodrigo Salinasek ezin izango dute jokatu.

Berlingo partidarekin alderatuz, Cuetararen iritziz, bere taldak «galdutako baloiak murriztu» beharko ditu, alemaniarrei kontraerasoan aritzeko aukerarik ez emateko eta zaleen babesarekin defentsa lana gehiago gogortu ahal izango dutenaren esperantza ere badu.

Era berean erasoan erangikorragoak ere izan beharko dute emaitza hobetzeko, izan ere, «euren atezainak sekulako partida jokatu zuen, sailetik apartekoa, nahiz eta guk ere gauzak asko erraztu genizkion».

Dena dela, hori guztia lortzea batere erraza izango ez dela argi du Cuetarak, «jokalariak oso nekatuta daudelako. Larunbatean Antequeraren aurkako partidaren aurreko beroketan, zenbait jokalarik indarrik ez zutela esan zuten, nahiz eta gero lehiatzerakoan ez zen askorik antzeman». Hori dela eta, lesio arriskuak ekidite aldera, errotazioak egin beharko ditu jokalarien artean, ezin baita ahaztu igandean Asobaleko partida garrantzitsu bat ere izango dutela Santanderren Sinfinen aurka.

Rodrigo Salinas

Bestalde, Bidasoa-Irunek jakinarazi du Rodrigo Salinas txiletarrak ez duela ebakuntza-gelatik igaro beharko ezker belauneko lesioa konpontzeko.

Arazo horiek duela 10 egun egindako probetan antzeman zitzaizkion, Benidormen jokatutako Kopako hirugarren kanporaketako itzulerako partidan min hartu ondoren.

Klubak emandako osasun-partean adierazi duenez, proba berriek agerian utzi dute hasieran uste zena baino alterazio txikiagoa duela ezkerreko belauneko kanpoko meniskoan, eta lesio horrek ez duela ebakuntzarik behar.

Hori dela eta, «tratamendu kontserbatzailea» burutuko du Salinasek, eta tratamendu horren bilakaerak markatuko duela jokalaria noiz itzuliko den taldearekin batera lanera.