Alberto Matxain
Iritzi arloko erredaktorea / redactor de la sección de opinión

Posizioak argituta, kaleak du hitza

Panorama kezkagarria da oso eta soilik mobilizazio ziklo bat abiatuta baldintzatu daiteke. Euskal Herrian behintzat badaude horretarako aukerak.

Kakitzaten elkarretaratzea atzo Bilbon, Sabin Etxearen aurrean.
Kakitzaten elkarretaratzea atzo Bilbon, Sabin Etxearen aurrean. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Atzo, errusiar Defentsa Ministeritzak lehen aldiz hildako errusiar soldadu kopurua publiko egin zuen: 498 militar lirateke inbasioaren lehen sei egunetan bizitza galdu dutenak eta zaurituak, 1.597. Ukrainar Gobernuak bere aldetik hildako soldadu errusiarrak 5.800 direla adierazi zuen; iturri beraren arabera, hildako zibilak 2.000tik gora lirateke. Iturriak gerran dauden bi aldeak izanda, datu hauek zalantzan jarri behar dira. Edozein modutan, biktima kantitatea ez da aipatutakoa baino txikiagoa izango eta, inbasioaren seigarren egunekoak izateko, oso altuak dira.



Ez da erraza zurrunbilo mediatikoan burua hotz mantendu eta informazioa eta propaganda bereiztea. Aditu ugariren analisiak irakurri eta entzun ahal izan ditugu eta Errusiak bere segurtasunagatik benetako kezka izateko arrazoiak baditu ere, ez dute egunotako sarraskia justifikatzen. Ezkerreko ikuspuntu batetik honek ez du eztabaidarik ezta ñabardurarik ere onartzen. Edozein modutan, adierazgarria da azken hamarkadotan ideologia ezberdinetako aditu ugarik, Noam Chomsky bezalako anarkista batetik Henry Kissinger bezalako «belatzetara», adierazi izan dutela zein arduragabea eta arriskutsua zen SESB desagertu ostean sinatutakoa urratu eta NATO Errusiaren mugaraino eramatea. Eta, arduragabea eta arriskutsua izanda ere, NATO Errusiaren mugetan dago, Ukraina ere bereganatzeko prest.


 Zurrunbiloan, mendebaldearen hipokrisia eta arrazismoa argitara atera dira naturaltasun harrigarriarekin. Atzo Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak emandako informazioaren arabera, 874.000 ukraniarrek herrialdea utzi dute eta Europaren ateak eta besoak ireki dizkiete Afganistan eta Siriako gerretatik edota gosetik ihes egiten duten afrikar eta asiarrei itxi dizkieten mandatari berberek. Hau ez da fribolitatea: urtetan zehar, baita gaur egun ere, pertsona gehiegi Mediterraneoan bizitza arriskatzera behartuta ikusten ari dira Batasunak mugak itxi dizkielako. Pertsona gehiegi hil dira itsasoaren ur isiletan itota. Beste milaka batzuk Greziako kontzentrazio esparruetan baldintza negargarrietan usteltzen ari dira. Zenbat enpatia batzuekiko eta nolako mespretxua besteekiko. Santiago Abascalek ongi laburbildu zuen atzo Batasunaren harrera politika: «los ucranianos son refugiados de guerra; los musulmanes vienen a invadirnos».

Arrazismoaren beste espresio batzuk ikusi ahal izan ditugu. Polonia eta Ukrainako mugan ukrainar poliziak herrialdetik ihes egin nahi zuten ikasle afrikarrak eta indiarrak diskriminatu ditu, ukrainar hiritarrak lehenetsiz. Hau ez da propaganda, Afrikar Batasunak eta NBEk berak salatutako gertakizun bat baizik. Mendebaldeko komunikabide batzuetan ere adierazpen arrazista lotsagarriak ikusi ahal izan ditugu, duela egun batzuk txiolari batek argitaratutako txio hari honetan ikus daitekeen bezala:



Europar Batasunak adierazpen askatasunari ere eraso egin dio. Poloniar poliziak Pablo Gonzalez freelance kazetaria eta GARAko kolaboratzailea astelehenetik inkomunikatuta dauka. CNIak bere senide eta lagun batzuk galdekatu zituen. Prentsa askatasunaren kontrako eraso onartezina da. Batasunak "Russia Today" eta "Sputnik" komunikabide errusiarrak blokeatu ditu propagandarako tresnak direlakoan. Mendebaldeko komunikabide gehientsuek egingo ez balute bezala. Europarroi norabide bakarreko propaganda irenstarazten ari zaizkigu, kontrastatzeko aukera ukatuz. Twitterrek, bere aldetik, AEBak eta Europar Batasuna inposatzen saiatzen ari diren ikuspegi bakarrarekin bat egiten ez duten kazetari ugariri errusiar Gobernuarekin lotzen dituen etiketa jartzen ari da. Gaur bertan, Mikel Ayestarani kontua suspenditu dio. Eta, bide batez, Facebookek Azov batailoi neonazi ukrainarraren kontua berriz gaitu du. Adierazgarria.



Lehen egunetan zalantzati egon ostean, Europar Batasunak jarrera aldatu du: Ukraina armatzeko Bakerako Europear Funtsetik 450 milioi euro bideratuz gerran parte hartzea erabaki du. Errusiari zigor ekonomiko drastikoak ezarri dizkio eta boikot kulturala totala da, baita, lehen esan bezala, propaganda ahalegina ere.



Espainiar Gobernuak ere iritzia aldatu du. Hasieran Sanchezen Gobernuak armak bidaltzeari uko egin bazion, atzo azkenean armak bidaltzea erabaki du. PSOEtik ezkerrera, Iñigo Errejonek eta Yolanda Díazek Sanchezen erabakiari babesa eman diote. Deigarria Yolanda Díazena, bere boto emale potentzialetako askok nekez ulertuko baitute Sanchezi emandako babesa. EAJk ere espainiar Gobernuari babesa adierazi diote eta Podemosek, ERCk, EH Bilduk, CUPek eta BNGk, haien aldetik, haien kontrakotasuna adierazi dute deseskalatzearen eta irtenbide diplomatikoaren alde agertuz. Maila lokalago batean, astelehenean Enrique Mayak Maria Chiviteri gerra errefuxiatu ukrainarrak hartzeko prestutasun osoa adierazi zion, gerra errefuxiatuen gaia otsaila hasierako reprobazioa eta PSNrekiko urrunketa eragin zuten adierazpen arrazista eta aporofoboak atzean uzten saiatzeko baliatuz.



Alderdi eta instituzioek euren posizioa zehaztu dute; gehienek gerra elikatzearen alde. Adostasun sistemikoa dago gerra elikatzearen alde, itxura guztien arabera, Putini porrot politikoa ekarriko dion eta Ukrainan hondamendi humanitarioa eragingo duen Vietnam berri bat eragiteko asmoarekin. Panorama kezkagarria da oso eta soilik mobilizazio ziklo bat abiatuta baldintzatu daiteke. Euskal Herrian behintzat badaude horretarako aukerak. 



Errusiar inbasioaren kontra, ukrainar herriarekin elkartasunean; gerra elikatzearen kontra, deseskalatzea eta irtenbide diplomatikoaren alde; Donetsk eta Luganskeko herriekin elkartasunean irtenbide demokratikoaren alde; Ukraina, Errusia, Donbass eta, orohar, Europarendako bake eta segurtasun eszenatoki iraunkor baten alde, NATOren zabalkundearen kontra, eta, orohar, NATOren existentziaren kontra; ukraniar errefuxiatuak jasotzearen alde eta Europar Batasunaren mugak irekitzearen alde, gerratik eta miseriatik ihes egiten duten pertsonak babeslekua aurkitu dezaten, edozein dela haien jatorria eta azalaren kolorea; adierazpen askatasunaren alde, zentsura eta kazetariekiko errepresioaren kontra; gerrarekin negozioa egingo dutenen kontra eta Bardeetako tiro poligonoaren kontra; inperialismoaren, militarismoaren eta faxismoaren kontra, herri askeak bilduko dituen Europar Batasunaren birfundazioaren alde. Atzo Kakitzatek Bilboko Sabin Etxearen aurrean elkarretaratzea egin zuen. Izango al da gobernu eta alderdien posizioa aldaraziko duen mobilizazio ziklo baten abiapuntua?