Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

Geopolitikari eta geoestrategiari larriki loturik

Errrusiarren inbasioak gerra zabaltzea ekarri du.
Errrusiarren inbasioak gerra zabaltzea ekarri du. (Sergi BOBKOV | AFP)

Geopolitika eta geoestrategia gauza garrantzitsuak dira, eta hala ulertu beharko genuke euskaldunok ere munduan kokatzeko eta mundura begiratzeko garaian. Honezkero jakinaren gainean egon beharko genuke, guk ere horiek denak pairatu baititugu; esate baterako, jelkideek AEBei emandako laguntzak ezer gutxi balio izan zuenean Francok eta Washingtonek elkar ulertzea ekiditeko edo, adibidez, 80ko hamarkadan ETAk bere ordezkaritza Aljeriatik kanporatua nola izan zen ikusi zuenean, hango gobernua eredu izandako mugimendu iraultzaile baten esku egon arren.

Geopolitika, azken batean, garrantzitsua da gauzak ulertzeko, baita posizioak finkatzeko ere; non bizi garen eta bertako prozesu politikoari eragiten dion ingurunea kontuan hartuta.

Horrek ezin gaitzake ez itsu ez ziniko bilakatu; azken batean, herri txikiei zintzotasunari eta printzipio zuzenei eustea baino ez zaie geratzen interes handiek agenda markatzen duten mundu honetan. Eta horrela izan beharko du oraingoan ere, azken hamarkadetan nazioartean bizi izan den krisirik handienetariko batek eztanda egin duenean. Egoera larria da, benetan.

Arazoa ez da bart arratsean hasi, egia da, eta interes ekonomiko eta politiko handiak daude tartean, potentzia handien arteko norgehiagoka. Gerra hotzean jaiotako NATOren jokabideari arreta eskaini behar zaio. Errusia aspaldi kexu zen egitura militar hori gero eta hurbilago kokatzen ari zitzaiola, SESB desegin ostean adostutakoa urratuz. Geopolitikak esan zigun Kuba Europako ekialdean kokatua balitz arazorik gabe jarri izango zituela misilak 60ko hamarkadaren hasieran, baina AEBetatik ehunka kilometrora egonik, orduan irlan baseak jartzeko egindako saioak mundua gerra nuklearraren atarian jarri zuen. Zentzu berean, geopolitika positibo batek NATO Errusiako mugetaraino eraman nahi izatea ez dela aukera egokia ebatzi beharko luke.

Logika negargarriak inposatzen ari diren honetan, kontrako norabideak aldarrikatu behar dira

Ukrainaren inbasioak, ordea, urrats kualitatibo bat suposatu du, beste eskala batean jarri baitu inguru hartan jadanik bazen gatazka, gerra zabalduz eta gerra oraindik are gehiago zabaltzeko arriskua biderkatuz, Errusiak modu ezin argiagoan besteen segurtasuna zalantzan jartzeko borondatea erakutsi duelako. Finlandia eta Suedia ere mehatxatu ditu. Paradoxikoki, mugimendu horrek lurralde horiek NATOrekin nabarmenago lerrokatzea ekar dezake. Ez da neutraltasunerako leku askorik uzten ari.

Putin, nonbait, AEBei egotzi diena egiten ari da. Aldebakartasunetik herrialde osoak txikitzea leporatu zion Washingtoni duela egun gutxi, eta Jugoslavia, Irak eta beste aipatu zituen. Orain, egun gutxitan gauzak asko aldatzen ez badira, Ukraina xehatuta geratuko dela zalantza gutxi dago. Bide batez, oso mezu kezkagarria indartu du mugimendu militar honek: potentzia nuklearra izatea dela norberak nahi duena egiteko biderik eraginkorrena. Armamentu lehiarako hauspo berri bat, hondamendi nuklearrerako aukera gehiago.

Gaur egun, bide diplomatikoa ere termino militarretan kokatua dago, gatazka handitzeko bidean baikaude, eta horrela ulertu behar da EBk armak bidaltzeko hartutako erabakia. Arma horiekin ez dute errusiarrek atzera egitea lortuko. Zenbait analistak dio soilik gatazka luzatzeko erabiliko direla, orain negoziazio bat egingo balitz Putinek indar posizioa izan lezakeelako.

Logika negargarriak inposatzen ari diren honetan, kontrako norabideak aldarrikatu behar dira, indarkeriaren intentsitatea jaisten hasteko, elkarrizketa bideak indartzeko, nazioen segurtasuna zein autodeterminazio eskubidea eta herritar guztien eskubideak barnebilduko dituen konponbideak bilatzeko.