Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Nabarnizek Pablo Gonzalezen askatasuna eskatu du, «kazetaritza ez delako delitua»

Nabarnizko herriak (Bizkaia) bere babesa eta elkartasuna erakutsi dio igande eguerdi honetan, elkarretaratze jendetsu baten bidez, Polonian espetxeratuta dagoen Pablo Gonzalezi eta bere senitartekoei. Kazetariaren abokatuak, Gonzalo Boyek, haren inguruko inolako berririk gabe jarraitzen du.

Nabarniz herriko plazan egin da ekitaldia.
Nabarniz herriko plazan egin da ekitaldia. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Nabarnizeko plaza lepo, euripean eta, bukatzeko, txalo zaparrada Pablo Gonzalezen askatasunaren alde. Frontoia inauguratu zen egunetik ez zuten hainbeste jende ikusten Busturialdeko herri honetan (260 biztanle). Udalean ordezkaritza duten bi taldeek (EH Bildu eta EAJ) aho batez onartutako ekitaldia egin da igande eguerdi honetan, hainbat komunikabiderekin, NAIZ eta GARA barne, kolaboratu duen kazetariaren alde. Otsailaren 28an atxilotu zuten Polonian eta ordutik han dago behin-behinean espetxeratuta eta inkomunikatuta, abokaturik gabe eta leporatzen dizkioten akusazio latzei eta zentzugabekoei (Errusiaren alde espioitza lanak egitea, alegia) aurre egin ezinik.

Gonzalez Bizkaiko herri honetan bizi baita bere familiarekin. Hiru haur dituzte.

Joxe Maruri alkateak (EH Bildu), herrian dagoen harridura eta kezkaren lekuko da. «Jendeak galdetzen dit ea zer gertatu den, ea zer leporatzen dioten, dudak daudelako ea zer gertatuko zaion berari eta bere familiari. Baina Pablori buruz ez du dudarik jendeak, ezta nik ere, leporatu dizkioten salaketak inolako fundamenturik ez dutelako. Ez dute oinarririk, zeren nik ezagutzen dut urteetan kazetaritzan lanean, kanpoan lanean asko ibili da, eta kazetaritza egitea ez da delitua, ezta gutxiagorik ere!».

Aho batez Udalak onartutako adirazpenean, herriaren babesa eta elkartasuna helarazi zaie kazetariari eta bere senideei: «Ez zaudete bakarrik, eta Udalak bere eskuetan dagoen guztia egingo dute laguntzeko. Pablo berehala askatu dezala eskatzen diogu Poloniako Gobernuari –gehitu dute–, kazetaritza ez delako inondik ere delitua eta hori da Pablo egiten ibili dena bai Polonian bai Ukrainian: informatu. Prentsa askatasuna estatu guztiek babestu behar dute, eta kazetariek euren lana egiteko bermea izan, munduaren edozein lekuan, kazetariek hornitzen diguten informazioa gure iritzia osatzeko ezinbestekoa delako. Informaziorik gabe gure askatasuna erren dago».

«Nola egongo da bera?»

Baina kazetaritza independentea deserosoa da zenbaitentzat, eta horren adibide, Pablo Gonzalezen atxiloketa. Errusian jaiotakoa da –‘gerrako haurren’ biloba da–, eta urteak daramatza Euskal Herriko eta espainiar Estatuko medio desberdinetan eskualde horretan gertatzen denaren berri ematen.  

Eman dizkioten besarkada guztien artean, hunkituta aurkitu dugu Oihana Goiriena, Pablo Gonzalezen bikotea. Egunotan jasotako mezuak, elkarrizketak... «Hau surrealista, beldurrezko film baten antzekoa», dio. Baina, egun nola dago? «Ez dakit apur bat urduriago ote gauden, egunetik egunera ezer ez delako heltzen. Hasieran, 48 orduko inkomunikazioa arrunta zela esan ziguten. ‘Ados, itxarongo duzu normala delako’. Baina 24 gehiago, eta beste 24, eta 24, eta ezer... Azkenean urduri gaude, bere deiaren zain eta ea noiz helduko den abokatuaren deiaren zain».

Joan den ostean jaso zuen Espainiako kontsularen deia. Argibide askorik ez, ordea: «Atxilotuta dagoela, behin behineko atxiloketa dela hiru hilabeterako, zeintzuk ziren karguak eta kito. Esan zidan hurrengo egunean berarekin hitz egiten saiatuko dela». Gonzalezen egoerarekin, inkomunikatuta baitago erabat Polonian, kezkatuta oso dago. «Nola egongo da bera? Zer aurkituko dut? Hori da nire ardura. Hainbeste egun inor ikusi gabe... Gatazka guneetan ibiltzen ohituta dago, baina honekin ez».

Gonzalo Boye abokatuak bezeroarekin egon ahal izateko eskaera luzatu dio Espainiako kontsulari, berak bideratu omen behar duelako kontua. Horren zain daude.

«Aste bete pasa da»

Elkarretaratzean EH Bilduren ordezkaritza bat ere egon da. Horien artean Jon Iñarritu diputatua, gaia gertutik jarraitzen ari dena. «Jakin badakigu ostegunean Poloniako kontsulak berarekin hitz egin zuela, baina ez dakigu gehiago. Ordutik kontsulak ez dio deitu ez emazteari ez abokatuari, eta une honetan eskatzen duguna ez da bakarrik Pabloren askatasuna, baizik eta bere familiarekin eta abokatuarekin hitz egiteko eksubidea izatea. Ez da normala Europar Batasuneko Estatu batean horrelako egoeran egotea pertsona bat. Teorian ez dago inkomunikatuta, baina praktikan bai. Aste bat igaroko da eta ez dakigu ezer Pablori buruz: ez dakigu nola dagoen eta zein egoeratan dagoen».

Oso akusazio larria da, eta horren aurrean ez du bere burua defendatzeko aukerarik izan. «Ez dauka inolako babes judizialak une honetan –dio Iñarrituk–. Eta hori da eskatzen duguna: ez da bakarrik babes kontsularra izatea, baizik eta ere babes legala izatea. Bere abokatuak oraintxe bertan esan dit ez daukala oraindik inolako berririk. Hori da eskatzen dioguna Espainako Estatuari eta hain justu Kanpo Ministroari. Egin behar duena egitea, azkenean Pablok eskubidea izan dezan bere familia eta bere abokatuarekin hitz egiteko. Ministroak niri esan zidan lehentasuna bat dela bere Ministerioaren Pabloren babes kontsularra ziurtatzea ahalik eta arinean, baina aste bete pasatu da oraindik ikusten dugu babes kontsular eta legala ez dagoela».

Zer dela eta atxiloketa hau? «Polonian gertatu da eta ez da lehenengo kasua, askoz gehiago egon dira. Ez da kasualitatea hain justu kazetari batekin gertatzea. Pablo Errusian jaio zen eta ‘rusofobia’ apur bat egon daiteke, hor agerian geratzen da hori. Bestalde, ikusten dugu nola Ministerioak esaten duela martxan jarri dituztela prozedura guztiak eta lehentasun bat dela, baina praktikan aste bat pasa dela eta ez dugu inolako emaitzarik ikusi».

Espainiar zerbitzu sekretuen ‘parte-hartzea’ zalantzazkoa da oso, zerbait esateagatik. Nabarnizen etxera joan zitzaien ‘bisitan’. «Defentsa ministroak esan zidan ez zeukatela deus. Etorri zirela honera, Bartzelonara ere, bere amaren etxera, eta lagun baten etxera Katalunian, esatera Pablo arriskuan zegoela Ukrainiako zerbitzu sekretuak esanda. Baina ez du zentzurik, kontuan izanik gaur egun telefonoak daudela eta Kieveko Espainiako enbaxadan ere zerbitzu sekretuetako ordezkaritza bat dutela, enbaxada guztietan bezala. Azken finean Gobernuak esan zigun ez zeukatela deus Pabloren aurka, zeren zerbait izanez gero ez da prozedura normala bere etxera joatea, baina hala eta guztiz ere ez zaigu iruditzen normala».

«Akusazio oso larria da, kontuan izanda gainera gatazka egoera batean gaudela, eta Polonia hainbatetan zigortuta izan dela giza eskubideak ez errespetatzeagatik», azpimarratu du Iñarritu diputatuak. Urte batetik 10 urtera arteko espetxe zigorra ekar lezake leporatzen dioten delitua.

«Espero dezagun bat ere ez izatea!», dio kazetariaren emateak.