NAIZ

NAIZek Korrikaren petoa banatuko du, bost euroren truke eta euskara bultzatzeko

NAIZek eta AEK-k lotutako akordioari esker, NAIZek Korrikaren petoa banatuko du, euskararen aldeko ekimen hau bultzatu asmoz. Bost euroko laguntzaren truke eskuratu ahal izango dira eta etekin guztiak Korrikara bideratuko dira.

NAIZ eta GARAren bitartez eskuratu ahal izango da Korrikan parte hartzeko petoa.
NAIZ eta GARAren bitartez eskuratu ahal izango da Korrikan parte hartzeko petoa. (NAIZ)

Gero eta gutxiago falta da Korrika Euskal Herriko errepideetara itzultzeko. Pandemiak sortutako etenaren ostean, martxoaren 31n abiatuko da euskararen aldeko lasterketaren 22. edizioa Amurriotik eta apirilaren 10ean iritsiko da Donostiara.

Eta ekimena bultzatu asmoz, akordioa itxi dute NAIZek eta AEK-k. Honen barruan, beste ekimen batzuetan artean, NAIZek lasterketan parte hartzeko petoa banatuko du, honen zabalkundean laguntzeko helburuarekin. Bost euroko laguntzaren truke eskuratu ahal izango dira peto hauek.

Ekimen honen ondorioz NAIZen irakurle eta harpidedunek hedabide honen kanalen bidez eskatu ahal izango dute petoa modu erraz batean, eta egun gutxiren buruan etxean jasoko dute.

Petoa eskuratzeko bide ezberdinak izango dira. Alde batetik, hemen eskuratu dezakezu, NAIZ Dendaren bidez. Bestetik, GARA egunkariko iragarkietan QR kode bat aurkitu dezakezu eta hori eskaneatuta zuzenean eskatu ahal izango da ere. Era berean, NAIZ atarian topa daitekeen bannerrean klikatuz ere egin ahal da eskaria.

Harpidedunek, bere aldetik, asteazken honetan, martxoaren 9an, korreo bat jasoko dute. Bertan atxikita izango duten inprimakia beteta, egun gutxiren buruan etxean jasoko dute petoa.

Petoak amaitu arte banatuko dira, beraz ez galdu aukera eta eskuratu orain.

Datozen asteetan emanen da NAIZek eta AEK-k itxitako akordio honen inguruko xehetasun gehiago.