Iñaki Sanz-Azkue

Isildu dira txori kantuak

Aurreko belaunaldiarentzat «paradisua» zen goizean esnatu eta txori kantuak entzutea nonahi. Baina gizakia naturatik gero eta urrunago bizi da, hirietan nagusiki, eta txori kantuak gero eta urrunago eta pobreago entzuten dira.

Kurrilo arruntak («Grus grus») hegan, Euskal Herriko zeruan
Kurrilo arruntak («Grus grus») hegan, Euskal Herriko zeruan (Aitor MONTES ARRONDO)

Munduko populazioaren herena jada hirietan bizi da. Urbanizatze prozesu azkarrak etenik ez duela dirudi eta gizakiaren bizimodua aldatzen ari da. Gailu elektronikoek sekulako indarra hartu dute azken urteetan, gizartearen arauak eta bizitza estiloa moldatzeraino.

Bitartean, eremu urbano horretatik kanpo, natura deitzen diogun gune horretan, beste mundu bat hasten da gizarte hiritartuarentzat. Gero eta ezezagunagoa den “mundu paralelo” bat; bizirauteko beharrezkoa zaigula jakinagatik, urrun ikusten dugun mundu bat.

Hala, naturaren eta gizakiaren arteko deskonexioa sortzen da, osasun fisikoan, gaitasun kognitiboan eta osasun psikologikoan eragina duena. Garen horretatik urruntzen gaituena, non bizi garen eta nondik gatozen ere garbi ez edukitzeraino. Planeta honetan geure burua non kokatzen dugun planteatzeraino.

Eta bat-batean, martxoko egun eguzkitsu batean, leihora ateratzen zara eta txori kantu alai bat entzuten duzu, eta sentitzen duzu halako plazer txiki bat, goizeko isiltasunaren erdian zure belarrietara iritsi den txistu horrek sorrarazi dizuna. Ez dakizu zergatik, baina gustura zaude. Entzuten jarraitu nahi duzu. Zerbait mugitu dizu barruan. Begiak itxi dituzu.

Ez da harritzekoa. Ikerketek garbi adierazten dute: txori kantuek naturaz gozatzeko eta gizakia naturara konektatzeko balio dute. Hartu, beraz, zure tartetxoa, eta segi teilatuaren ertzetik ateratzen den txori kantua entzuten. Gozatu momentuaz. Gero emango dizugu azalpen gehiago…

Isildu dira kantuak ordutik

Baserriko atarian zegoen eserita Joxe Mari. Bizkarra hormaren kontra jarrita, egurrezko bankuan eserita. Iltzatuak zituen begiak; inguratzen zuen paisaiari so. Elkarrizketan zehar behin eta berriz errepikatzen zuen: «Hau? Hau paradisua huen. Goizean esnatu, primaberan, leihoa ireki eta txori kantua nonahi. Hura kantu festa! Zoragarria huen. Isildu dituk kantuak ordutik. Orain? Orain txori kantu solte batzuk baino ez dituk entzungo; baina garai batean… hau paradisua huen. Paradisua! Txoriak kanta eta kanta gelditu gabe».

Hamabi urte izango dira Joxe Mari elkarrizketatu nuela. Adinekoa zen ordurako eta denbora gutxian utzi gintuen. Bere hitzak, ordea, ondo ainguratuta utzi zizkidan memorian. Nola errepikatzen zuen behin eta berriz gauza bera. Ia ehun urteko bizitza batek, egunero leku berean esnatzeak, ematen zion pertzepzioa: «Hau paradisua huen. Isildu dituk txori kantuak ordutik».

Ez zebilen oso oker Joxe Mari. 2021ean Erresuma Batuko East Angliako Unibertsitateko Catriona Morrisonek publikaturiko ikerketa baten arabera, Ipar Amerikako eta Europako hegaztien kantu dibertsitatea eta intentsitatea jaitsi egin da azken 25 urteetan. Alegia, txori kantuak gero eta homogeneoagoak dira eta isilagoak.

Ikerketa aurrera ateratzeko, Ipar Amerikako eta Europako 200.000 lekutako 25 urtean zeharreko soinu paisaia aztertu dute. Horretarako, Xeno-canto izeneko aplikazioa, mundu osoko txorizaleek grabatutako txori kantuen biltegi erraldoia, hartu dute oinarri moduan, eta hiritar zientziatik ateratako datuak erabili emaitza horietara iristeko. Ikerketaren egileen arabera, azken urteetan hegazti espezieen ugaritasunean eta aberastasunean izan diren galerek eragiten dute txori kantuen bakantzea eta soiltzea.

Isiltzen ari omen dira kantuak...

Txori kantuak eta txori kontuak

Eta nork daki. Ziur asko, txori kantuekin batera, joango dira isiltzen txori kontuak. Horiek hizketarako gai izan baitira hainbat belaunalditan baserri askotan. Hala esan izan digute, behintzat, Urumea bailarako zenbaitek: igande arratsaldeko tertulietan beste gairik ez zela ia. Halako txori iritsi da. Halako txorik egin du habia. Halako txori hasi da kantuan. Eta hala, hegaztiei buruzko ezagutza zabal bat igaro da egundaino, transmisioaren eta behaketaren bidez. Haien bizitzeko moduak, erritmoak, hegan egiteko manerak eta kantuei loturiko sekretu txikienak ere gaur arte ekarri dituenak.

Haiei galdetuta segituan erantzungo dizute: martxoan kantuan entzuten duzun txori beltza zozoa (Turdus merula) dela. Zozarra, zozo arra, alegia, moko hori-laranja eta kolore bereko begi inguruarekin. Belaunaldiz belaunaldi igaro den ezagutza horren barruan oso ondo dakitelako zozoak martxoan egiten duela aurreneko habia. Eta hargatik, martxorako edo martirako egiten duenez, marti-zozo deituko diote mendebaldean. Eta ziur asko, esango dizute kantuagatik segituan bereizten dela zozoa: «Kantari handienetako bat da, goizean goiz hasi, eta arratsaldean ilunbistan ere entzun litekeena. Kantu patxadosoa du, txistu lodi bat». Eta esango dizute, sasi artetik kantuan ikusten baduzu, aterkia prestatzeko; izan ere, gauerako euria datorren seinale izaten omen da hori.

Txori kantua belarrietarako gozamena izateaz gain, informazio iturri ere izan daitekeelako hainbatetan. Badelako ikerketa modu bat, eremu jakin batean dauden espezieak eta kopuruak jakiteko. Badelako, ikerketek dioten moduan, gizakia naturara lotzeko modu bat. Kantuak berak txoria ikustea ahalbidetzen digulako, eta txoria ikusteak, behaketa bat hasteko aukera. Natura ezagutzeko eta ulertzeko modu ezberdin bat.

Txori guztiek dute kantu ezberdina, eta txori bakoitzak, garaiaren arabera aldatu dezake abestia edo une horretan duen jarreraren edo ekintzaren arabera ezberdina egin. Txori kantuen munduan sartzean sortzen den hari mataza, amaierarik gabeko bidea bezalakoa delako. Zozoarekin egin bezala, basoaren erdian jarri eta begiak ixteko modukoa.

Kantuak eta euskara txirikordatzen

Aspaldi sartu ziren txori kantuak euskaldunon belarrietan, eta sortu zuten ahozkotasun bat, kantuak bezala, pixkanaka isiltzen ari dena. Kantuek sortu dituzte, esaterako, txori izen asko, hegazti espezie horien berezitasuna egiten duten abesti hori bera delako. Hor dago, agian oraindik ezagunena dena: kukua (Cuculus canorus). Bere «ku-ku» ezagunarekin. Baina hari matazari tiraka aterako zaigu ere, esaterako, txirriskila (Serinus serinus), udaberri inguruan arbolen puntetan edo etxebizitzetako antenen puntetan jarri eta kantu alai xirrixtalaria duena eta izena ematen diona. «Txirriskala da txori bat oso kantu polita duena…», esaten dute Hernani inguruan. «Kantu altua du, bizi-bizia, nota finak eta azkar-azkarrak, kraskateko hots bat egiten dute, olioak frijitzean egiten duena». Martin Itziarrek ere “abeslari alaia” izendatu zuen txirriskila. Baina herriz herri ibilita, aurkituko ditugu beste hainbat txoriren izenak, egiten duten kantuari loturikoak: pin-pina, txurruburrua, txirriskalaia, irrioa, kurriloa, kuliska…

Hori gutxi ez eta, badira garaiaren arabera izena aldatzen dioten pertsonak ere. Hor dago Hernaniko baserri bateko kasua, txonta arruntari bi izen ematen dizkiona garaiaren arabera: txortintxa, udaberrian, kantu hori egiten duelako garai horretan, eta pintxana, urteko gainontzeko egunetan.

Batzuen kantuak horren ezagunak izan dira, izena ere eman izan zaie. Hala, galeperraren (Coturnix coturnix) kantuari poxpolin deitu izan zaio Gipuzkoa gehienean; «pox-po-lin!» egiten duelako omen. Bizkaian, zuzenean, hegaztiari deitzen diote pospolin. Kantuak berak eman dio izena.

Baina, izen eta kantu izen artean galtzen ari zinela uste bazenuen, kantuen hari matazatik gehiegi tiratu ez duzulako da. Izan ere, txoriak haien kantuengatik ezagutzen dituztenak badiren bezala, badira, edo izan dira behintzat, haien jarreraren arabera egiten duten kantua ikasi dutenak ere. Eta horretan maisu izan da Martin Itziar azkoitiarra. Eta hala erakutsi zuen 1966an publikaturiko “Gure txoriak” izeneko liburuan.

Kantu eta doinu artean

Belarri fineko pertsonak txori kantuaren nondik norakoak ere ondo ezagutu ditu eta, hala, horiei buruzko ezagutza bat sortu da, kantuan bertan sakonduz, txoriaren adinaren, garaiaren eta jarreraren arabera. Martin Itziarrek hainbat hegaztiren kantua apuntatu izan zuen, noski, haien doinuak bere belarrietara egiten zuten musikarekin.

Kuliska txikiaren (Actitis hypoleucos) kasua da horietako bat, non modu dotorean deskribatu zuen, luze eta aldaera guztiekin haren kantua. Hala egiten omen zuten Azkoiti inguruko ibai inguruetan ikusten ziren banaka batzuek: «tui-tui-uii-uii, ta titi-uiiti, titi-ulit».

Baina kantuan sakontzen jarrita, karnabarenean (Carduelis carduelis) jarri behar arreta. Martin Itziarrek zioen moduan, karnabaren kantuak: donarak eta illarak eta popitekoak eta txintxinak dira.

Esaten zuen, karnaba arrak eta emeak nonahi geratzen direla, lehenengo donarak jotzen omen dituzte, elkarri nongoak diren adierazteko (udaberrian, zortzi-hamar donara jotzen omen dituzte, isatsa zabal-zabal eginda). Eta donarak jo ondoren, kanta luzeagoari ekingo diote, eta horri esaten zaio illara (bakoitzak lauzpabost illara izaten omen ditu). Itziarrek dioenez, donarak eta illarak ikasi egiten ditu karnaba bakoitzak, jaio den lekuan jaio dela. Eta ez da hor bukatzen karnabaren errepertorioa. Horrez gain, beste txoriek bezala, erreklamo eta abarrak baditu. Kumeetan, «txita-txita» deitzen omen diete gurasoei, eta hirugarren astetik aurrera «txinpa-txinpapa». Horiek ahaztu, eta ondoren popitekoak eta txintxiñak ikasten dituzte, karnaba guztientzat berdinak: hara eta hona dabiltzanerako «popit-popit», eta elkarri deitzeko «txin-txin». Berezkoak dituzte, baita ere, haserretzean «tri-tri-tri», beldurtzean «puit-puit», eta maitemintzean «tsin-sinsinsin». 

Isiltasuna noraino iritsiko ote

Jon Maiak kontatu digu duela gutxi, belatzaren hegaldiari begira sortu omen zuela kantua artzain zuberotarrak; eta hegaztien hegaldia begiratzea bezain inspiragarria suertatu da ahozkotasunean txori kantuen aurrean belarria zorroztea. Hala, hegaztien kantuak eta euskara doinu berean aritu izan dira mendez mende, eta hegaztien mintzoa iturri bihurtu da, hainbat izen, kontakizun, ipuin, bertso eta abesti sortzeko.

Txorien kantuak galtzen doazen heinean, gizarteak ere galdu du Zuberoako artzainak egiten zuen bezala haiek behatzeko eta entzuteko ohitura. Biodibertsitatearen galerak desagerrarazi ditu hainbat hegazti espezie, eta haiekin batera joan dira kantuak. Bide beretik joango da gure ahozkotasuna. Biodibertsitatea galtzen goazen heinean, naturarekin kontaktua eteten dugun heinean, txori guztiak txori bihurtuko direlako eta txori kantu guztiak kantu soil. Galduko dira donarak eta illarak, galdu hegaztiak izendatzeko moduak, eta haiei loturiko kontakizunak eta bertso zaharrak, besteak beste.

Duela lau urte zarata handi batek esnatu ninduen goizeko ordu txikitan. «Kur-kur» ozen eta errepikakor batek hartua zuen zerua. Etengabea zen. Behin eta berriz errepikatzen zen. Gelako leiho ohola ireki eta lanbro itxi batek herria estali zuela ikusi nuen. Eta han, gure leihotik metro gutxi batzuetara, kurriloak hegan ari ziren, galduta, migrazio betean, lainopean noraezean, etxe artean hegan, kantu ozenarekin bata besteari jarraituz. «Kur-kur» kantu nahasezina: kurriloa. Hegoak astintzean egiten zuten soinua ere aditzen zen. Ez nintzen oheratu tarte batean. Dei nazazue eroa. Han geratu nintzen denbora batez, sekula berriz ikusiko ez dudan espektakuluaz gozatuz. Zuberoako artzainak bezala, hegaztien hegaldiekin eta kantuekin bizitzak aurrera egiten duela gozatuz. Naturarekin gozatzea, hautu pertsonal bat ere badelako maiz; eta txori kantuak entzutea, bizi garen mundura gerturatzeko modu atsegin bat.