Jon Ormazabal

Matematiken nazioarteko egunerako ariketa ederra utzi digu Binakakoak

Aurtengo zortzi pilotarietatik sei lehian zirela, 2018ko ligaxkan ere lau bikoteak aukerekin heldu ziren azken jardunaldira eta lehen bi partidak irabazi zituzten Olaizola II.a-Imaz finaletik at geratu ziren azken partida 22-7 galduta.

Altuna-Martija eta Irribarria-Rezusta dira txartela euren esku duten bakarrak.
Altuna-Martija eta Irribarria-Rezusta dira txartela euren esku duten bakarrak. (Iñigo URIZ/FOKU)

Lehen fasearekin gertu zen bezala, orekarena bezala saldu ziguten Binakako honen finala zein bi bikotek jokatuko duten finalerdietako ligaxkaren azken partidan erabakiko da, zale eta enpresen gozamenerako, nahiz eta nahi baino jende gutxiago ari den pilotalekuetara gerturatzen. Gehiago edo gutxiago, lau bikoteek dituzte apirilaren 3an Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatzeko aukerak eta pi edo matematikaren nazioarteko egun honetarako ariketa ederra utzi digute. Hori bai, gauzak errazte aldera, bi bikote dira txartela euren eskuetan dituztenak; Altuna III.a-Martija eta Irribarria-Rezusta, euren partidak irabazita aurrera egingo dute. Amezketarrak eta Etxeberrikoak, hala ere, badute, Laso-Imazen aurkako euren partida jokatu aurretik sailkatuta egoteko aukerarik, horretarako Elezkano-Zabaletak larunbatean Irribarria garaitu beharko lituzkete.

Hortik aurrera, halako data baterako buruketa ederra utzi digu txapelketak eta Laso-Imaz eta egungo txapeldunen aukerak asko korapilotzen dira. Baikoko bikote bakarraren finalerako biderik errazena igandean Altuna-Martijari gutxienez 22-20 irabaztea litzateke. Hau lortu ezean, kalkulagailuari eragiten hasi beharko lukete. Astelenako partida tanto bakarraren aldearekin aterako balute, bezperan Irribarria eta Rezustak galdu izana beharko lukete. Baina bada, igandean jokatu gabe ere finalera eraman ditzakeen bide zail bat, horretarako, bezperan Labriten Elezkano-Zabaletak Irribarria-Rezustari irabazi beharko liekete 22-17 eta 22-21 arteko emaitza batekin. Baina gauzak are gehiago zailtzearren, Altuna-Martijaren aurka 16 tanto egitea ere nahikoa lukete, egungo txapeldunek 2017koak 22-16 gaindituko balituzte.

Lortu beharrekoa zailagoa den arren, gauzak askoz argiago dituzte zaratamarrak eta Etxarrenekoak. Finalistak izango dira Irribarria-Rezustari 22-15 irabazi eta Laso-Imazek Astelenan galtzen badute edo ezkerrei 22-16 gailendu eta Laso-Imaz ez badira 16 tantura heltzen.

2018an bezala, gutxi gora behera

Argi dago bikote denek nahi luketela Altuna-Martijaren lekuan izan, baina bada lehen bi partidak irabazi eta kanpoan geratu diren bikoteen aurrekaririk. 2018koa litzateke horietako bat eta aurtengo txapelketan bizirik jarraitzen duten gehientsuenei egoera ez zaie arrotza egingo. Pentsa, 2022ko zortzi pilotarietatik sei lehia berean ziren duela lau urte, amezketarrak eta Etxeberrikoak gainera bikotea osatzen zuten orduko hartan ere, nahiz eta justu kontrako egoeran heldu ziren azken jardunaldi honetara. Aimar Olaizola eta Ander Imaz lirateke orduko hartan euren lekuan zirenak Altuna-Martija beraiei eta Elezkano-Rezustari lehen bi partidak irabazita. Hirugarren jardunaldia amaitu aurretik ere finalerako sailkatuak izango ziren Altuna-Martijak Astelenan Ezkurdia-Zabaletari irabazi izan baliete, baina 22-11 gailendu ziren sakandarrak eta dena airean geratu zen.

Azken jardunaldi horretan, garaian Baikoko bikoteak nahikoak zituen 19 tanto nafarren aurka, baina gerora txapeldun izango ziren Ezkurdia-Zabaletak egurra eman zieten Bilbon 22-7. Emozioak, ordea, hurrengo egunean jo zuen goia, Gasteizen, 18-21 galtzen joan ostean, partidari buelta eman eta Elezkano-Rezustak ordurako aukerarik gabe ziren Altuna-Martijari –22-4ko emaitza bat behar zuten euren alde– irabazi eta finalerako txartela eskuratu zutenean, Olaizola-Imaz aho bete hortz utzita.