NAIZ

Bere katalogoaren %1a euskaratuko du Netflixek, itzulita edo azpititulu bidez

Gizarte aldarrikapena eta zenbait neurri politikoren ondoren euskaraz eskaintza egiteko urratsa eman du Netflixek. Iragarri duenez, euskal hizkuntzaz, galizieraz eta katalaneraz 70 lan jarriko ditu eskuragarri. Estatu espainolean duen katalogoak 5.559 film eta telesail biltzen ditu gaur egun.

Netflix Euskaraz plataformaren agerraldia Durangon.
Netflix Euskaraz plataformaren agerraldia Durangon. (Endika Portillo | Foku)

Netflixek hirurogeita hamar telesail eta film sartuko ditu 2022an bere katalogoan, azpitituluak jarrita edo katalanera, galizierara eta euskarara itzulita (azken hau haur edo familiakoen kasuan). Neurri hori plataformak berak ordainduko du, enpresako iturriek Efe agentziari jakinarazi diotenez.

Bertan izango dira, besteak beste, ‘Emily in Paris’ eta hurrengo estreinaldiak, hala nola ‘The Mother’, ‘Garra’, ‘Sandman’ eta ‘Pinocho’, Guillermo del Tororena, aukeratuen artean, etorkizunean etengabe handituz joango den taldea, hau da, urtero izenburu berriak gehituko dira.

Gizarte aldarrikapenak bultzatu du aldaketa hau. Euskal Herrian Netflix Euskaraz plataforma nabarmendu da bide honetan, sinadura bilketa eta bestelako ekimenak abiatuz, hutsunea oso nabaria baita. Diputatuen Kongresuan ere pisu handia hartu du gaiak, Ikus-entzunezko Legearen eztabaidaren harira edota 2022ko aurrekontuetarako eztabaidan, gorabehera ugarirekin.

Urrats motza antzematen da, hala ere, Netflixen partetik. Hasteko, aipaturiko 70 horiek ez dira denak batera argitaratuko, iturri horren arabera, baizik eta zerbitzuan eskuragarri dauden heinean. Horrela, aurtengo hautaketa 2022aren amaieran ikusi ahal izango da osorik, modu iraunkorrean (Netflixentzako ekoizpenak dira) eta 190 herrialdetan.

Bestalde, hori burutuko denean Estatu espainolean plataformak duen eskaintzaren %1a baino gehixeago izango da euskaraz. Izan ere, Justwatch bilatzailearen arabera, gaur egun 5.559 film eta telesail ditu eskuragarri.

Orain arteko eskaintza oso murritza zen, ia ezeren pare. «Plataformes de streaming en catalá» delakoaren arabera, joan den abenduan 30 bat izenburu zeuden hizkuntza horretan, eta ‘O sabor das margaridas’ galizieraz eta ‘Handia’, ‘Errementari’ eta ‘Black is Beltza’ euskaraz aurki zitezkeen.

Ikus-entzunezko Legearen kuotak

Netflixeko bozeramaile batek adierazi duenez, «istorio onenak mundu osora eramaten saiatzen jarraitzen dugu. Gure zerbitzuan katalanaren, galegoaren eta euskararen presentzia sustatzeko ematen ari garen beste urrats bat da hau».

Iragarpena Ikus-entzunezkoen Legearen izapidetze parlamentario betean egin da. Lege horrek plataformei zabaltzen die telebista tradizionalek zuten betebeharra: obra europarren gutxieneko kuota batzuk bete behar zituzten, Estatuko hizkuntza ofizialeko eta koofizialetako portzentaje batzuk barne. Oraindik ez dago argi baldintza honek egoitza Estatutik kanpo duten konpainiei eragiten dien ala ez.

Izapidetzen ari den eta Gobernuak ERCrekin hitzartu zuen legearen arabera, Europako ekoizpenaren %30eko kuota egon behar da katalogoan; ehuneko horretatik, %50 hizkuntza ofizialean edo koofizialetan egin behar da (guztizkoaren %15), eta azpikuota horretatik, %40 hizkuntza koofizialetan (guztizkoaren %6). Netflixek iragarritakoa honen azpitik gelditzen da, beraz.

Hizkuntza eskubideak bermatzetik urruti

Pantailak Euskaraz euskal ikus-entzunezkoen aldeko ekimenak positiboki baloratu du Netflix plataformak egin duen iragarpena; hala ere, azpimarratu du ez zaiola nahikoa iruditzen. «Euskararen presentzia %0,05etik %1,2ra igotzea pauso bat izan arren, euskarak anekdotikoa izaten jarraituko duelako, eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzetik urrun jarraitzen duelako», kritikatu du.

Urteko film eta telesailik arrakastatsuenak euskarara bikoiztuta eskaintzea eta katalogo osoa euskaraz azpidatzita eskaintzea da Pantailak Euskarazen eskaera eta hori legez bermatu behar dela iritzi du. «Euskal erakundeek gaiak euskararen etorkizunerako duen estrategikotasuna ikustea eta euskarazko edukiak ugaritzearen aldeko apustu sendoa egitea beharrezkoa da, euskarazko edukien ekoizpenera bideratutako diru kopurua handituz eta nazioarteko edukien bikoizketara bideratutako dirulaguntza lerro sendoak sortuz», agertu du prentsa ohar batean.

Horrela, Estatu espainiarreko Ikus-entzunezko Lege berrian, plataformen ekoizpenean eta katalogoetan hizkuntza gutxituen %6ko kuotak berma daitezen, existitzen diren euskarazko audio eta azpidatziak derrigor txertatu ditzaten, eta RTVEk edukiak euskaraz ere eskaini ditzan eskatzeko lanean jarraituko duela ziurtatu du Pantailak Euskarazek, Kontseilua, Topagunea, Hekimen eta Tokikom-ekin elkarlanean.