‘Bretxa’ Toti Martinez de Lezea idazlearen liburuan oinarritutako musikala egingo da

Oihan Vega eta Valen Moñuxek sortu dute ‘Bretxa’ liburuan oinarritutako musikala, «Gipuzkoako gertakari ilunena» kontatzeko helburuz. Lanaren euskarazko bertsioa aurkeztu dute.

Oihan Vega, Toti Martinez de Lezea eta Valen Moñux, gaurko aurkezpenean.
Oihan Vega, Toti Martinez de Lezea eta Valen Moñux, gaurko aurkezpenean. (Maialen Andres | KUL)

‘Bretxa’ Toti Martinez de Lezearen liburuaren euskarazko bertsioarekin batera, eleberrian oinarritutako musikal bat iragarri dute Donostiako Udal Liburutegian eskainitako prentsaurrekoan. Oihan Vega eta Valen Moñux izango dira Donostiako setioa dramatizatzen duen musikalaren zuzendari eta konpositoreak.

Oihan Vegaren abesti originalekin, musikalak «Brodwayeko musikalen tamaina» izango duela azaldu dute sortzaileek, «baina gure erara eramanda». Sei urte daramatzate lan egiten Martinez de Lezearekin batera, antzokian kontatzen den istorioak liburuaren antza handiena izan dezan. Saiatu dira ahalik eta aldaketa gutxien egiten eta «liburuaren istorioa behar bezala eramaten eszenatokira».

150 artista baina gehiagorekin lan egin dutela azaldu du Vegak. Bergarako Musika Eskola eta Antzerki Elkartearekin lan handia egin dute obra egiteko. Beste hainbat talderekin ere egon dira harremanetan: Danza Tempo 22 akademia, Recreacionistas 31 de Agosto eta Donostia 31, Irungo Araka Kofradia, Zarauzko Monte Albertia makillaje eta pelukeria akademia eta Donostiako Union Artesana.

Musikala 1813ko abuztuaren 31ko Donostiako setioaren testuinguruan kokatuta dago. Bost urteko okupazioaren ondoren, donostiarrek ilusioz beterik espero dituzte askatzaileak, baina beldur dira frantsesek haiei buru eginez gero zer gertatuko den. «Gutxik pentsatuko zuten ustezko salbatzaileek hiriari su emango ziotela eta herritarrak hil, sarraskitu eta, batez ere emakumeak, laidoztatuko zituztela», azaldu du Martinez de Lezeak.

Duela 16 urte argitaratu zen ‘La Brecha’ liburua eta orain Erein argitaletxeak euskarazko bertsioa atera du, Miren Arratibelen eskutik. Martinez de Lezeak azaldu du berak ezin duela euskaraz idatzi, baina «herri honen parte» sentitzen dela eta «opari handia» dela beretzat euskarazko bertsio hau ikustea.

Donostiako historia

Martinez de Lezea trebatua da eleberri historikoak idazten. Kasu honetan azaldu du beretzat erraza izan zela testuinguruan kokatzea, Donostiako kale gehienek garai horretan zeuden bezala jarraitzen dutelako. «Nire asmoa zen emakume bortxatu zein hildakoen eta beraien familien istorioa kontatzea», azaldu du idazleak. Adierazi du normalean, gerrako istorioetan, bataila handiek eta general famatuek bereganatzen dutela garrantzia, «eta ez guk, herrikoiak». Alde hori erakusten saiatzen dira liburua eta musikala.

Eleberrian garai historikoak berezko garrantzia duenez, ahalegin handiak egin dituzte musikalaren sortzaileek XIX. mendea antzokira eramateko. Vega eta Moñux zuzendariek Jose Maria Leclercq historialariarekin lan egin dute eta Jose Javier Pi Chevrot arkitekto doktorearen lanak erabili dituzte eszenatokiak egiteko: «Pi Chevrot garaiko hiriko planoak 3D moduan dituen munduko pertsona bakarra dela esango nuke, eta gure lanerako bereganatu ditugu, LED pantaila baten bitartez garaiko Donostia ezagutzeko».

Halaber, musikala hizkuntza anitzezkoa izango da, garai historikoa errespetatzeko asmoz. Pertsonaia bakoitzak bere hizkuntza originalean hitz egingo duela azaldu du Vegak: «Herritarrek euskaraz egingo dute, militarrek ingeles, frantses eta portugesez, eta beraien artean gazteleraz edo ahal dutenaz egingo dute». Dena den, istorioaren alde handiena Donostiako herritarren inguruan izanik, musikalaren %85 inguru euskaraz izango dela ziurtatu du.