Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Gureak eta demokraziaren aurkakoak

Asteon irakurri dudanez, Israelgo presidenteak Turkiara egindako bisitak kezka sortu du Hamas mugimendu palestinarrean. Presidente turkiarra palestinarren alde agertu izan da, ulergarria Hamas eta AKP Turkiako Gobernuko alderdia Anaia Musulmanak antolakunde politiko islamistakoak baitira. Aspaldiko ezagunak.

Ez da inongo sekretua Mendebaldean musulmanak ez daudela ondo ikusita. 2012an Egipton Anaia Musulmanek irabazi zituzten hauteskundeak, eta 2013an estatu kolpe batek bota zituen boteretik, Mendebalde demokratikoa asaldatu gabe. 1991n Aljeriako hauteskundeak irabazi zituen FIS Askapenerako Fronte Islamiarrak, Anaia Musulmanek, alegia, eta haien aurkako estatu kolpea egin zuten, Europaren onespenarekin, edo babesarekin. Turkian Anaia Musulmanak 2002tik daude agintean, herrialdeko eta Mendebaldeko establishmentek mesfidantza handiz hartu bazituzten ere, Erdoganek Mendebaldeko demokratekin negozioak egiteko gai dela erakutsi baitu.

Mendebalde demokratiko honek diosku zein den benetako demokrazia: agintariak herritarren boto bidez hautatzen dituena. Baina musulmanak ez daude ardura demokratikoak hartzeko prestatuta, nonbait. Horregatik Saudi Arabian, esate baterako, ez dute hauteskunderik egiten.

Antza denez, ezkerra ere ez da agintea hartzeko –bertan irauteko– gauza, horregatik Mendebalde demokratikoak txalotu eta sustatu izan ditu herritarrek hautatutako ezkerreko gobernuen aurkako estatu kolpeak. Aspaldikoa da Txilekoa, edo sandinisten aurkako gerra, baina azken urteetan Hondurasen edo 2019an Bolivian ere izan dira ezkerreko gobernuen aurkako estatu kolpeak, Mendebalde demokratiko honen espanturik batere gabe. Besterik izango zen agintari horiek betiko kontserbadoreak edo liberalak izan balira.

Baina nola jakin zein den demokrata eta zein ez? Horretaz hedabideak arduratzen dira, denok dakigunez kazetaritzaren egiteko nagusia gureak eta besteak zein diren esatea baita. Gureak, prentsa askatasuna eta, beraz, kazetariak babesten dituztenak dira –baldin hedabideak besteenak ez badira–. Esate baterako, Polonia.