Jon Ormazabal

Lanaren eta sufrimenduaren bidetik finalerako bidea topatu dute Zabala eta Oier Etxebarriak

Aurrelari errioxarrak erritmo itogarria ipini dio partidari eta hutsik egin ez duen atzelariak lagunduta, 22-16 gailendu zaizkie Salaberria-Erostarberi

Gaurkoan ere Oier Etxebarriak ez du pilota bakarra galdu.
Gaurkoan ere Oier Etxebarriak ez du pilota bakarra galdu. (Iñigo URIZ/FOKU)

Duela bi aste 1294 pilotakada behar izan zituzten play offean aurrera egiteko eta gaur beste 953 jota, Promozio mailako Binakakoaren finalera heltzeko bidea topatu dute Zabala eta Oier Etxebarriak Salaberriari eta Erostarberi Ataunen 22-16 gailenduta. Atzelari bizkaitarrak beste partida handi bat jokatu du, azken bi partidetan hiru orduz arituta ere ez du alerik galdu, baina Javi Zabala izan da partidako protagonista, biek urretxuarraren aurka planteatuko partidak etekina eman baitie. Logroñokoak bizi ibili du pilota, erritmo itogarria ezarri du eta aurkariak bertan ito dituzte. Bakaikoak eta Elizegik ondo prestatuta joan beharko dute larunbateko finalera.

Gaurko partidan aurkariak gehiago izan direnez aitzakiarik jartzerik ez badute ere, enpresetako arduradunek aurten ezarri duten txapelketa sistemari buelta bat eman behar diote, 14 astetan bikoterik onena izan eta lau astez lehiatu gabe geldirik egon beharra, finalerako txartela partida bakarrean jokatu behar izanda ez baita onargarria. Salaberriak gainera ez zuen ligaxkako azken partida jokatu, beraz bost aste izan dira txapelketako partidarik jokatu gabe eta erritmo falta hori nabaritu zaie goizuetarrari eta urretxuarrari.

Beste maratoi bat

Pilotalekuak, bere lur biziarekin, Bilbokoaren batere antzik ez duen arren, Zabala-Oier Etxebarriak duela bi asteko bidetik ekin zioten partidari, tanto bakoitzean pilotakada asko jo eta jo araziz. Errioxarrak aurretik bizi ibili du pilota eta ez dio Xabi Erostarberi piloteoan espero zen nagusitza izaten utzi. Hori bai, errematean kamuts antzean ibili da eta garesti ordaindu dute.

Bate ere, oso bestelako jokoa erakutsiz, frontisetik gertu eta lurrari etekina aterata, Iker Salaberriak tanto asko amaitu baititu. Honek urdinei alderen bat eman badie ere, lehen atsedenaldi luzera lau tantotako aldearekin heldu dira (12-8), bere gustuko pilota kantxaratu eta Javi Zabalak bere erritmoarekin aurkariak ito ditu, partida hamahiruna berdintzeraino. Lehen saiakeran lortu ez badu ere, errioxarraren joak partida euren aldera eramatea ere lortu du, nekeak askoz gehiago eragin die eta aurkariei, Erostarberen eskuinak distira galdu du eta Salaberriak aldageletara joan behar izan du 16-15ekoan giharretako arazoekin.

Luze egin zaio partida lehen fasean bikoterik onena izan zenari, buruak ere bere lana egin du, eta Erostarbek ere aldageletarako bidea hartu behar izan du partida amaitu aurretik. Akiturik heldu dira bi urdinak azken txanpa horretara eta finalerako txartelak ihes egin die, ezer askorik egiteko aukerarik gabe.

FITXA TEKNIKOA

Zabala-O. Etxebarria: 22

Salaberria-Erostarbe: 16

Pilotakadak: 953. Iraupena: 90,27 minutu. Markagailua: 2-1, 3-1, 3-4, 5-4, 5-8, 6-8, 6-9, 7-9, 7-10, 8-10, 8-13, 13-13, 13-14, 16-14, 16-15,17-15, 17-16, 22-16. Sakeak: 1 Zabalak eta 0 Salaberriak. Egindako tantoak: 10 Zabalak, 1 Etxebarriak, 9 Salaberriak eta 3 Erostarbek. Galdutakoak: 4 Zabalak, 0 Etxebarriak, 4 Salaberriak eta 5 Erostarbek. Gorabeherak: Sarrera polita eta giro bikaina Ataungo Auzoeta pilotalekuan.