NAIZ

Migratzaileak Bidasoan heriotzaraino eramaten dituzten kontrol selektiboen aurkako martxa

Ehunka lagun bildu ditu igande goizean Arrazakeria era Xenofobiaren aurkako XXV. martxak. Irun eta Hendaia arteko mugan azalaren kolorearen arabera aplikatzen diren neurriek migratzaileentzat dituzten ondorioak salatu dituzte, Bidasoa ibaia «tranpa hilgarria» bihurtu dutela gogoratuz.

Pasaia eta Donostia arteko arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako martxa.
Pasaia eta Donostia arteko arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako martxa. (Jon URBE | FOKU)

Ehunka lagunek hartu dute parte igande goizean Trintxerpe eta Donostia artean egin den arrazakeria eta xenofobiaren aurkako mobilizazioan. Ekimena bihar ospatuko den Arrazagatiko Diskriminazioa Ezabatzearen Aldeko Nazioarteko Egunaren harira deitu dute, urtero egiten den Arrazakeriaren Aurkako Martxaren testuinguruan.

"Pasa" leloa izan du hamarnaka kolektiboren babesa duen XXV. edizio honek, eta fokua Irun eta Hendaiaren arteko mugan bizi den errealitatean jarri du. Salatu dutenez, bertan ezarritako kontrol selektiboek babesgabetasun egoeran uzten dituzte pertsona migratzaileak.

Jai giroan ospatu den martxaren buruan, "Pasa. Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka" leloa zuen pankarta joan da. «Bidasoa ibaia bihurtu den tranpa hilgarria» erakusten duten salaketak gogoratu dituzte megafoniatik, besteak beste azken egunetan ibaian desagertutako lagunaren kasua gogora ekarriz.

Grosera heltzean batukada batek girotu ditu martxaren azken metroak. Gipuzkoako Plazara helduta, SOS Arrazakeriak, Gipuzkoako MedcusMundik eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeak bultzatutako mobilizazioak «iparraldearen eta hegoaldearen arteko amildegi berria» salatu du mobilizazioa ixteko irakurritako oharrean. Bidasoa ibaiaren 40 metrotan iaz gutxienez hiru migratzaile hil zirela nabarmendu du.

Horregatik, «mugak zeharkatu nahian bizitza jokatzen duten migratzaileek bizi duten babesgabetasun-egoera» mahaigaineratu nahi izan dute hainbat kolektibok. Ekimenaren bultzatzen duten eragileek nabarmendu dutenez, beharrezkoak dira kontzientziazioa eta mobilizazioa, gizarteak ezin duelako onargarritzat hartu «duintasun handiagoko bizitza bat bilatu nahi izatea, bizi ahal izateko lan bat bilatu nahi izatea» bizitza galtzearekin lotuta egotea.

«Mugak heriotza-leku izateari utzi» behar diotela adierazteaz batera, «erabaki politiko eta sozialak» eskatzen dituzte. Testuinguru horretan kokatzen dute nazioarteko babes, asilo eta aterpe eskaerei beharrezko erantzuna ematea, herrialdeen arteko joan-etorriak hobeto erregulatzea, «migratzaileei bisak emateko politika eraginkorrak sortzea» edota herrialdeen arteko akordioak bultzatzea, beharrezkoak diren «sartzeko bide legalak errazteko».