Jon Ormazabal
Elkarrizketa
Amaia Aldai
Pilotaria

«Inork irabaztekotan, Olatzek egitea nahi dut, baina bere aurka galtzeak izorratzen nau gehien»

Dimoztarrak aurrerapauso handia eman du bere jokoan eta, Lau eta Erdiko txapela jantzi ostean, Binakakoa ere eskuratu nahiko luke Andrea Capellanen laguntzaz. Faborito txartela Arrizabalaga-Gaminderen bizkar uzten du, baina amore ematea ez da aukera bat eurentzat.

Amaia Aldai, Lau eta Erdiko Emakume Master Cup txapelketaren finalean, Miriam Arrillagaren aurka.
Amaia Aldai, Lau eta Erdiko Emakume Master Cup txapelketaren finalean, Miriam Arrillagaren aurka. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Sekretu askorik gabeko finala izango da igandekoa, lau pilotarietatik hiru batera entrenatzen baitira ia egunero –Miguel aitarekin baino David Merinorekin aritzea nahiago duen Andrea Capellan izango da salbuespena–. Hala ere, kantxan dena emateko prest da Amaia Aldai.

Final berri baten atarian, nola zaude?

Azkenean beti diot finaletan irabazteko aukerarik ikusiko ez banu ez nintzatekeela kantxara irtengo. Badakigu partida zaila izango dela eta eurak faborito irtengo direla, baina Andrea eta ni gauza batek definitzen bagaitu, oso langileak garela eta azkenera arte borrokan jarraituko dugula da.

Zer egin behar duzue ondo edo zertan asmatu beharko zenukete bereziki, irabazteko aukerak izateko?

Dena. Nik uste dut halako partida batean dena egin behar duzula ondo, zerbait oparituz gero besteak aprobetxatuko duelako, eta, oparitzen badugu, ez dugu aukerarik izango irabazteko, baina gure asmoa izango da Olatz jokotik ateratzea, bien tartera jokatzea, Olatz lekutik ateratzen saiatu, koadro batzuk atzerago jokaraztea, eta ea egun ona dudan eta aurrean errematatzeko aukera dudan.

Olatz eta Enararen jokoa zaleentzat ikusgarriagoa ote den aipatu zenuen aurkezpenean.

Bai, Olatz eta Enara azkenean ikusgarriak dira jokatzen ikusteko. Olatzek postura guztiak dominatzen ditu eta elegante manejatzen ditu, gainera, eta gero Enara atzean oso segurua da, ez du pilotarik oparitzen eta posturalki ere oso ikusgarria da.

Zuk zeuk azken urtean garapen izugarria izan duzula esango nuke.

Bai, nik uste baietz, hasi nintzenetik hona nik uste gorakada handia eman dudala. Uste dut pilotari langilea naizela; azkenean helburu bat jartzen diot neure buruari eta hori lortzeko gogor lan egiten dut. Telebistan beste pilotari batzuk ikusita, saiatzen naiz hori gero imitatzen eta uste dut horrek asko laguntzen duela.

Batez ere, buruz indartsuago nabaritzen zaitugu.

Askoz lasaiago nago eta, batez ere, disfrutatzen. Azkenean beste modu batean ikusten ditut gauzak. Lehen uste nuen partida bat galduta mundua amaitzen zela eta orain badakit bat galdu arren beste asko ditudala eta lasaiago jokatzera narama horrek.

Olatz eta zu, zu eta Olatz partida handi gehienetan elkarren aurka zabiltzate. Ez dakit hori ona edo txarra den zuentzat.

Azkenean nik beti diot inork irabazi behar badit Olatzek irabaztea nahi dudala, baina inork irabazteak izorratzen banau, hori ere Olatz izaten da. Partida horiek gogo handiagoz hartzen ditut; gainera, beste bi finalistak nire klubekoak izanda, pike sano bat ikusten dut partida horretan eta lehia hori jokatzea oso polita da. Lehiatik kanpo oso lagunak gara.

Entrenatu ere batera entrenatzen zarete?

Bai, batera egiten dugu beti. Ondo ezagutzen dugu elkar, badakigu non dagoen bestearen ahultasuna eta indargunea eta horri etekina ateratzen saiatu beharko gara.

Ados sortu zen eta bakoitza bere aldetik zabiltzate. Ez al da pena emakumezkoen esku pilotan denak banatuta aritzea?

Bai, pena da. Emakume gutxi daude kirol honetan eta banatuta egon behar izatea ez da polita, baina iritzi desberdinak, ikuspuntu desberdinak, ditugu, ez ditugunak konpartitzen. Guztiak errespetagarriak, baina nik uste emakumeen pilotarako kaltegarria dela.

Kirol mailan ere eragiten du horrek?

Bai, azkenean txapelketaren mailan ere ikusten da. Ez dugu esango txapelketaren maila jaitsi denik, baina pilotari batzuen falta igartzen da. Azkenean pilotari handiak beste aldean geratu dira eta horregatik nik uste onena denak elkarrekin jokatzea izango litzatekeela eta kirol honetaz gozatzea, baina ez dugu berdin pentsatzen eta errespetatu egin behar da bestearen erabakia.