NAIZ

Ordiziak eta Eibarrek 4. postua bereganatu nahi dute; Gernikak azken-aurrekoa du helburu

Errugbiko Ohorezko Maila bueltan da, goierritarrek play offeko laugarren postua sendotzea eta gernikarrek jaitsiera postuak ekiditea helburuak dituztela. Emakumezkoen maila gorenean, Eibar Errugby Taldeak play offengatik borrokatuko du azken jardunaldian.

Ordiziak eta Gernikak zeharo ezberdinak diren helburuak dituzte igande honetan.
Ordiziak eta Gernikak zeharo ezberdinak diren helburuak dituzte igande honetan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Nazioarteko partidak behin amaituta, bueltan da berriro ere Ohorezko Maila liga erregularreko azken jardunaldiei aurre egiteko. Bertan dira Ampo Ordizia eta Grupo Intxausti Gernika, bakoitza bere helburuekin, eta igand ehonetako partidak oso garrantzitsuak dira bi euskal taldeentzat.

Ordizia laugarren postuan dago sailkapenean 39 punturekin, eta bihar VRAC Quesos Entrepinares Valladolideko taldea jasoko du Altamiran (12.00). Aurkaria bederatzigarren postuan dago 25 punturekin, Complutense Cisneros zortzigarren sailkatuarengandik 2 puntura.

Garaipena funtsezkoa da ordiziarrentzat, gaur egun Sevillako Ciencias Enerside bosgarren sailkatuari 4 puntu ateratzen baitizkiote. Fase erregularra amaitzean laugarren postuan sailkatzen den taldeak bosgarren sailkatua hartuko du bere zelaian titulurako final-laurdenetan eta bere zaleen babes osoa izango du partida horretan.

Ez da VRACen urtea izaten ari. Aurreko denboraldian titulua eskuratu ondoren, Merinoren jokalariak titulua berresteko hautagaiak izango zirela zirudien, baina badirudi trantsizio-garaian daudela, ez dute fitxaketetan asmatu eta harrobiko gazteek oraindik esperientzia falta dute Ohorezko Mailan.

Faktore horiek aprobetxatu beharko dituzte goierritarrek. Lehen itzuliko neurketan ordiziarrek irabazi zuten Pepe Rojo zelaian, baina biharkoa beste neurketa ezberdin bat izango da.

Partida hasi aurretik, Ordiziak 300 partida baino gehiago jokatu dituzten hiru jokalarien ibilbidea goraipatzeko omenaldia egingo die: Xabi Lerma, Iñaki Puyadena eta Asier Alvarez de Eulate.

Gernika, putzutik atera nahian

Grupo Intxausti Gernikari dagokionez, beste helburu zeharo ezberdin bat du. Azken jardunaldian La Vilaren etxean jasotako porrotaren ondorioz, bizkaitarrek ia aukera guztiak galdu zituzten Ohorezko Mailan mantentzeko helburuari.

Igande honetan Les Avellesen zelaia bisitatuko du Gernikak (12.00) eta etxeko taldeak puntu bat lortuta, bizkaitarrek azken-aurreko postuaren bila joan beharko lukete bai ala bai. Azkenekoa zuzenean jaitsi egingo da kategoriaz, eta aurretik geratzen denak mantentzeko play out-a jokatu beharko du Ohorezko Maila B-ko bigarren sailkatuaren kontra.

Beraz, garaipena ezinbestekoa dute. Gehienbat, jakinda momentu honetan azken-aurreko postuan dagoen La Vilak –gernikarrek baino bost puntu gehiago dituzte– zazpigarren den Barçaren kontra jokatuko duela eta baliteke partida galtzea.

Lehen itzuleko neurketan Gernikak porrota jaso zuen etxean Les Abellsen aurka, baina hiru punturengatik bakarrik izan zen (26-29).

Eibarrek aukera aparta du laugarren postua lortzeko, baina beste emaitza batzuk itxoin behar ditu. (Jon URBE/FOKU)

Eibar, laugarren postuaren bila

Emakumezkoen Ohorezko Mailak liga erregularreko azken jardunaldia biziko du asteburu honetan. Eta a zer emozioa izango duen! Eibar Errugby Taldeak laugarren postuarengatik borrokatu beharko du play offetan sartu ahal izateko.

Momentu honetan gipuzkoarrak bosgarren sailkatuak dira, baina laugarren postua puntu bakarrera dute. Igande honetan CRAT residencia Rialta taldea jasoko dute Unben (12.00) eta irabaztea berebizikoa dute.

Aurkariak gauza asko ditu jokoan ere. Izan ere, seigarren postua sendotu nahi du pndoren jaitsiera edo mantentzeko play offa ez jokatzeko.

Eibar beste partida batera ere begira egongo da: Complutense Cisneros-Olimpico de Pozuelo (12.30). Azken hau dago momentu honetan play offetarako azken postuan. Beraz, punturik ez luke bildu behar eta Eibarrek bi beharko lituzke gutxienez laugarren postuan amaitzeko.