Arnaitz Gorriti

Apirilaren 9an «ikuskizun bikoitza» eskainiko dute Gernikak eta Bilbao Basketek Miribillan

Duela bi urteko hitzarmena berriro martxan jarriko dute klub biek. Hala, larunbat arratsaldeko 17.00etan gernikarrek Campus Prometeren aurka jokatuko dute eta 20.45etan hasiko da Bilbao Basketen Valentzia Basketen arteko dema. 2020ko urtarrilaren 4an 5.562 lagun bildu ziren.

Gerardo Candina eta Isabel Iturbe, apirilaren 9ko ekitaldiko aurkezpenean.
Gerardo Candina eta Isabel Iturbe, apirilaren 9ko ekitaldiko aurkezpenean. (Oskar MATXIN EDESA / FOKU)

Datorren apirilaren 9an, larunbata, Lointek Gernika Bizkaia Miribillako Bilbao Arena pabilioira itzuliko da. «Bizkaiko saskibaloiaren jaia» aurkeztu dute astearte goizean Miribillan bertan Isabel Iturbe, Bilbao Basketeko presidenteak eta Gerardo Candinak, Lointek Gernikako presidenteak, biek elkarrekin eman duten prentsaurrekoan.

Larunbat arratsalde betea izango da Bizkaiko saskibaloiarentzat. Hasteko, 17.00etan talde gernikarrak Logroñoko Campus Prometeren aurka Endesa Ligako partida jokatuko du eta ostean, 20.45etan hasita, Surne Bilbao Basketek Valentzia Basketen bisita jasoko du Bilbao Arenan.

Duela bi urte, Bilbao Basketek eta Gernika Saskibaloi Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu zuten. Hitzarmen horren ekintza garrantzitsuenetako bat denboraldi bakoitzean, behin gutxienez, Lointek Gernikak Bilbao Arenan joka zezala bermatzea zen. Hala, 2020ko urtarrilaren 4an Lointek Gernika Bizkaiak Zaragozako Mann Filter taldearen aurka jokatu zuen neurketa jarraitzera 5.562 lagun elkartu ziren.

Tamalez, handik pare bat hilabetetara mundua goitik behera aldatu duen covid-19a dela-eta, gizartea pandemia egoeran sartu zen eta hainbat eta hainbat hitzarturiko eginbehar –saskibaloi kanpus ezberdinak Gernikan eta Bilbon batik bat, baita 2020/21 denboraldiari «zegokion» partida ere– bertan behera geratu ziren.

Aukera berriro zabaldu den honetan, kirol elkarte biek bere garaian hizarturikoa betetzea deliberatu dute. «Bion arteko harremana zein sendoa den erakusgarri da saskibaloi jai hau iragartzea», adierazi dute aho batez presidente biek.

«Ikuskizun zoragarri bikoitz hau ikurstera gonbidatu nahi ditugu saskibaloi zale guztiak», adierazi dute presidenteek. Horretarako, prezio merkeak ezarri dituzte, bai Lointek Gernika Bizkaiaren partida ikusteko, nola Bilbao Basketek jokatu behar duen norgehiagokara begira ere.

Hala, Endesa Ligako partidara begira, Lointek Gernikako bazkideek sarrera doan izango dute eta, gehienez, beste hiru lagunentzat sarrerak lortzeko aukera izango dute; bosna eurotan sarrera bakoitza, kasu honetan. Eskola lizentzia edo federazioari lotutako lizentzia duten saskibaloi jokalari eta entrenatzaileek ere ez dute gernikarren partida ikusteko ordaindu beharko. Bilbao Basketeko bazkideek ekitaldiko aurreneko partida ikusteko bost euro ordaindu beharko dute eta bazkide ez diren gainontzeko ikusleek, adinaren arabera, hiru eta hamabi euroren artean aurkituko dituzte sarrerak.

Gernika Kirol Elkarteko bazkide izan eta Bilbao Basketen partida bertatik bertara jarraitu nahi duten horiek guztiek, berriz, adinaren arabera, zortzi eta hamar euroren truke lortuko dute sarrera. Bazkidetzarik ez duten gainontzeko zaleek, Bilbao Basketen webgunetik edo leihatilatik sarrera lortzerik izango dute.

«Ea urtero... hurrengo 25 urteetan ere urtean behin bederen halako ikuskizunik eskaintzeko aukerarik dugun», amaitu du Gerardo Candina, Gernika KESBeko presidenteak.

Naiara Diez

Bestalde, hilaren 19an Naiara Diez Lointek Gernika Bizkaiako kapitain izan zen jokalariari, omenaldia egin behar zitzaion, gernikarrek Gironaren aurka Malosten jokatu behar zuten neurketa aprobetxatuz. Ez zen posible izan, tamalez, partida atzeratu beharrean izan baitzen Gironak Euroligako final-laurdenetako kitarakoa jokatu behar izan zuelako egun hartan bertan.

«Gironaren aurka jokatzeko data berria jartzen digutenean ikusiko dugu orduan egin omenaldia edo ez. Bere garaian, pandemia zela-eta ezin izan genion merezi bezalako agurrik egin gure kapitainari. Hala ere, Gironaren aurka posible izango ez balitz ere, ahal bezain arinen egingo diogu omenaldia», gaineratu du Gerardo Candina presidenteak.

Izan ere, Malosten bertan egitea nahi zaio agur omenaldia Altsasuko jokalari ohiari. Besteak beste, «6» zenbakiarekin kamiseta eskegiko du klubak eta hargatik, Gernikan bertan egitea du xede.

IDK Euskotren, Salamancan

Bestalde, IDK Euskotrenek Ligako partida jokatu behar du asteazken honetan. Hain zuzen, Kopako txapeldun atera den Perfumerias Avenidaren kantxan, Salamancan, 20.30etatik aurrera.

Gogoan izan behar da donostiarrek Kopako final-laurdenetan estu baino estuago hartu zituztela Salamancakoak, azken hauek 60-56 nagusitu baitziren. Azkenean, Gaztelako taldeak pronostikoak bete zituen eta bere hamargarren Kopa eskuratu zuen finalerdietan Lointek Gernika Bizkaiari 72-56 irabazita eta finalean Gironari 74-69 gailendu ostean.