«Donostia postaletik atera nahi izan dut, heavy metala eta emozioa eman»

Egunero zortzi ordu ematen ditu Donostiatik bueltaka, gidatzen duen autobusean jendea hara eta hona eramateko, baina Ibon Abadek maite duena irakurtzea eta idaztea da. Errelato laburrak idazten urteak eman ostean, eleberrira eman du jauzia «El akelarre de San Sebastián» lanarekin.

Ibon Abad.
Ibon Abad. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Oso txikia zela hasi zen Ibon Abad (Bilbo, 1990) eleberriak irakurtzen, zuen adinerako akaso zailegiak ere baziren obrak irensten. “El Hobbit” eta “On Kixote Mantxakoa”, adibidez. Gero heldu ziren bere eskuetara Agatha Christie egilea eta Harry Potterren saga, besteak beste. Mesanotxea beti liburuz gainezka, irakurtzen zuen gose berberaz, ekin zion idazketari handik urte batzuetara. Errelato laburrak ziren hasieran, inorekin elkarbanatzeko asmorik gabe idatziak. Plazer hutsagatik. Bilbon jaioa baina Arabako Izarra herrian hezia, Donostian bizi da gaur egun Ibon Abad. “El akelarre de San Sebastián” (Circulo Rojo) du lehenengo eleberria.

«Idazketak errespetu handia ematen zidan, edonork ezin duela egin pentsatuta. Baita, aldi berean, egiten nuen hori erakusteko lotsa sentituta ere. Baina duela urte batzuk pausua ematera ausartu nintzen. Zergatik ez? ‘El escritor tatuado’ webgunean argitaratzen ditut lanak idazten noan neurrian», dio.

Eleberriak Galerna hirira garamatza, Donostiaren “B aldea” edo aurpegi iluna. «Donostia oso polita da, batzuetan politegia, eta horrekin apurtu nahi nuen, imajinatu nahi nuen inork bisitatu nahiko ez lukeen hiri bezala. Heavy metala sartu diot, arriskua, kondairak, munstroak, amesgaiztoak, sorginkeria… Ez beldurra pasatzeko, baizik emozioa emateko. Postaletik atera nahi nuen».

Aiara 12 urteko neskato itsua eta Dimitri autobus gidari errusiarra dira eleberriko protagonistak. Antagonismoen jolasak maite ditu Abadek, eta aurreiritziak apurtzea ere gustuko du. Akzioa lehen orrialdeetatik hasten da. Gaztea hiriko estolda batetik behera erortzen da eta atzetik salto egiten du Dimitrik, neskatoa laguntzeko. Kalera irten nahi dutenean, ordea, ohartuko dira harrapatuta daudela, estolda itxi egin duela norbaitek. Galernan daude, izaki fantastikoz eta mitologikoz betetako hirian. «Irakurri nahiko nukeena idazten dut. Liburu baten lehen 100 orrietan ezer gertatu ez eta deskribapenak soilik daudenean… liburua oso ona izan daiteke, baina niri hasieratik egurra gustatzen zait. Eta hemen seigarren martxa sartu dut, bidaia hau ‘kañeroa’ da».

Abadek kontatu duenez, ideia “Gautxori” autobus zerbitzuan lanean ari zela sortu zitzaion. «Gauetan nire irudimena piztu egiten da, eta Maria Cristinako zubiko faroletan dragoi txikiak daudela ohartu nintzen. Gero kraken bat irudikatu nuen Kontxako badian eta…».

Aiara eta Dimitrik hamaika zailtasun gainditu beharko dituzte Galernatik ihes egin eta Donostiara itzultzeko. Errealitate paralelo baten gisa, hiria ezagutzen duenak errekonozituko ditu eraikinak, hondartzak, kaleak… baina beste dimentsio batetik, ezezaguna.

Autoedizioaren bidea hartu du Abadek eta Circulo Rojo argitaletxekoen laguntza izan du zuzenketa eta inprimatze lanetan. Lehen fruituak jaso bitartean, baditu beste bi eleberri martxan eta hirugarren labur bat amaituta. Fantasia utzi gabe, thrillerrean murgildu da autobusak gidatzen dituen idazlea.