Asier Aiestaran

Mikel Larrañaga eta Iker Vicente prest dira larunbatean jokatuko duten apustu handirako

Hamabi kanaerdiko eta sei oinbiko ebaki beharko dituzte eta alde bakoitzak 7.000 euro jokatzen ditu. Larrañaga txapeldunordeak kilo batzuk galdu eta hauspoa landu duen bitartean, Vicente txapeldunak kilo batzuk hartu eta indarra landu nahi izan du. Biak 89 kilotan omen daude orain.

Larrañaga eta Vicente, gaur eguerdian Tolosako zezen-plazan
Larrañaga eta Vicente, gaur eguerdian Tolosako zezen-plazan (Jon URBE | FOKU)

Mikel Larrañaga eta Iker Vicente prest dira larunbatean 18.30etatik aurrera Tolosako zezen-plazan jokatuko duten aizkora apustu handirako. Hamabi kanaerdiko eta sei oinbiko ebaki beharko dituzte eta alde bakoitzak 7.000 euro jokatzen ditu.

Aurkezpen prentsaurrekoa gaur eguerdian egin dute Tolosan bertan eta bi protagonisten adierazpenak jasotzearekin batera, ekitaldiaren azken xehetasunak ere eman dituzte. Adibidez, sarrerak telefonoz erreserbatzeko epea ostiralean 20.00etan itxiko dela eta egunean bertan sarrerak erosteko lehiatila 10.00etan irekiko dela.

Oinbikoak eta bi kanaerdiko Larrañagak eramango ditu plazara, eta beste hamar kanaerdikoak Vicentek. Esan dutenez, gustoko egurra topatzea ez da erraza izan, baina ez dago aitzakiarik alde horretatik. «Kosta zaigu egurrak aurkitzea. Neguan ez da erraza izaten. Lehendik gordeta edukiz gero bai, baina bestela ez, oraintxe mendian ez direlako ibiltzen lanean. Baina azkenean gustoko egurra aurkitu dugu eta alde horretatik lasai gaude», azaldu du Iker Vicentek, Euskal Herriko txapeldunak.

Kontuan izan behar da erronka Mikel Larrañaga txapeldunordeak bota ziola Vicente txapeldunari. Historian hamabi aldiz jokatu du desafioa txapeldunak txapeldunordearen kontra, azkeneko aldiz orain dela 23 urte, eta zazpi aldiz azpitxapeldunak irabazi du, eta bost aldiz bakarrik txapeldunak.

Alde horretatik, deigarria da aizkolari bakoitzak prestaketa garaian zer alde desberdinak landu dituen. Larrañagak kilo batzuk galdu eta batez ere hauspoa landu duen bitartean, Vicentek kilo batzuk hartu eta indarra landu nahi izan du batez ere. Oraintxe bertan, biak 89 kilotan omen daude.

«Hamar kilo bota ditut. Indar aldetik eta ongi ibiltzen nintzen, baina behin ordu erditik aurrera ikusten nuen asko jaisten nintzela fisikoki, eta horregatik indar asko galdu gabe iraupen fisikoa irabazten saiatu naiz. Uste dut lortu dudala», onartu du Larrañaga azpeitiarrak.

«Kiloren bat gehiago hartu nahi izan dut, aurkariak ni baino kilo gehixeago dituelako eta kolpe gehiago, eta apur bat bere pare jarri nahian», azaldu du Vicente otsagabiarrak.

Gainontzean, prestaketa lanak ongi joan omen dira. «Gustora geratu nintzen bere egunean adostu genuen apustu klasearekin, eta gero ere gustora jardun naiz entrenatzen. Hasieran gerrietako arazo batzuekin eta ibili nintzen, baina orokorrean gogotsu aritu naiz», aipatu du Vicentek.

«Hiru hilabete nahiko luze egiten dira azkenerako, eguna pasatzeko gogoa ere izaten da», gaineratu du Larrañagak, maila ona emango dutela ziur: «Jendea asko hitz egiten ari da apostu honen inguruan eta maila eman beharra dago. Ni gustora nago egindako lanarekin. Egun aldrebesa irtetzen ez bada uste dut nire maila emango dudala eta jendea gustora geratuko dela ikuskizunarekin».