Marcel Pena

‘Beyond Spain’ ekimena, espainiar Estatuaren irudi garbiketaren kontra Frankfurteko Azokan

Aurtengo Frankfurteko Liburu Azokako ohorezko gonbidatua espaniar Estatua izango da. Jardunaldi ofizialekin batera, ‘Beyond Spain’ ekimenak Euskal Herria, Galizia eta Kataluniako hizkuntzak bultzatuko ditu, espaniar errealitate politikoa salatzeaz gain.

Frankfurteko Liburu Azokako 2018ko edizioaren irudia.
Frankfurteko Liburu Azokako 2018ko edizioaren irudia. (FRANKFURT LIBURU AZOKA)

Espainiar Estatua izango da 2022ko Frankfurteko Liburu Azokako ohorezko gonbidatua. ‘Creatividad desbordante’ (‘Sormenez gainezka’) lelopean, joan den martxoaren 17an aurkeztu zen Frankfurteko Cervantes Institutuaren egoitzan programa ofiziala. «Irudi garbiketa» hori salatzeko asmoarekin, Euskal Herritik, Galiziatik eta Kataluniatik ‘Beyond Spain’ ekimena bultzatu dute hizkuntza koofizialek azokan beren lekua eduki dezaten.

«Azoka honetako tendentziek, eztabaidek eta ekitaldiek mundu mailan dute eragina. Hala, bertako gonbidatua izatea Espainiarentzat plataforma ezin hobea da azken urteotan hainbat gertakarirengatik (Kataluniako erreferenduma eta errepresioa, erregea, ustelkeria, VOX alderdiaren igoera…) kaltetu den irudia zuritzeko eta kontakizun berri bat eraikitzeko», adierazi dute kontraproposamenaren bultzatzaileek.

Nazioarteko herri ekimen honen helburua da «kultura eta literatur sorkuntzarako, hizkuntza zein hizkuntza eskubideetarako eta, era berean, ideia demokratiko, antifaxista eta antikolonialen aldeko» espazio bat sortzea Frankfurten 2022ko urriaren 19tik 24ra, liburu azoka ofizialarekin batera. Posible izan dadin, finantzaketa kolektiboko kanpaina bat ipini dute martxan.

Petra Elser antolakuntza taldeko kideak azaldu duenez, ekimena Frankfurten bertan jaio da, Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako diasporako jendeak bultzatuta. Aldarrikapen politiko batetik abiatuta, ‘Beyond Spain’ ekimenak agertoki bat eskaini nahi dio «esparru ofizial horretan sartu nahi ez den eta hizkuntzen, kulturaren, literaturaren eta aktibismo politikoaren errealitate guztiz ezberdina erakutsi nahi duen orori».

Bultzatzaileek ohartarazi dutenez, «white washing edo green washing delakoetan bezala, litekeena da hemen ere ahots dibergenteak zenbait gauza zuritzeko erabili nahi izatea, sistematikoki baztertzen diren hizkuntzak, hots, katalana, euskara eta galiziera, Espainiaren ‘aberasgarri moduan’ aurkeztuz».

Izan ere, azoka ofizialak erakarriko duen arreta erabili nahi dute espainiar Estatuak «horrekin zerikusirik» ez duela erakusteko. Horregatik, nazioen hizkuntzak, kulturak, memoria historikoa eta borrokak aurkeztuko dituzte «Espainiako erakundeen menpe egon gabe».

«Kristalezko sabaia»

‘Beyond Spain’ kultur jaialdia lau lan ildotan oinarrituta dago. Antolatzaileek Euskal Herria, Galizia eta Katalunia nazioak direla aldarrikatzen dute, baita berezko hizkuntzak, kulturak eta literaturak dituztela ere. Ildo horretan, espainiar Estatuko nazioen hizkuntzei, kultur ekoizpenari eta errealitate politiko eta sozialari «oholtza bat» ematea dute helburu, «Espainiaren eszenifikaziotik haratago».

‘Sormenez gainezka’ leloak alde iluna duela uste dute ‘Beyond Spain’ ekimenaren antolatzaileek: «Espainian hainbat artistari espetxe zigorra ezarri zaie monarkiarekin kritiko diren testuengatik. Gainera, ‘koofizialak’ deritzen hizkuntzak sistematikoki baztertzen dira funtsezko funtzio sozialetan, folklore soil gisa erabiliz».

Europako beste herrialde askotan bezala, espainiar Estatuan ere «eskuindar populismoa eta eskuin muturreko alderdiak lekua» irabazten ari direla salatu du nazioarteko ekimenak. Bertako kideen ustez, eta beste herrialde batzuetan ez bezala, tendentzia hori «nahita bultzatu zuen Gobernuak» Kataluniako mugimendu independentistaren aurka ‘Salbatu Espainia’ kanpaina bat bultzatuta.

Ekimenaren sustatzaileek salatu dutenez, «Espainiako indar eskuindar eta neofrankistek Latinoamerika oraindik ere kolonia gisa ikusten dute, espainiar kulturaren menpeko; hizkuntza eta kultura indigenak suntsitzen jarraitzen dute eta bertako lurra eta baliabideak ustiatzen».

Horregatik guztiagatik, Elserrek nabarmendu du «aurpegi zuriketa» bat dela Frankfurtekoa: «Beste hizkuntza koofizialetako idazleak ekartzen dituzte ‘begira ze ondo, dibertsitatea aurkezten dugu’ esateko, baina gero eguneroko bizitzan ez da aukerarik ematen euskara, katalana edo galiziera hizkuntza osoak izan daitezen». Zehaztu duenez, «kristalezko sabaia» aurkitzen dute hizkuntzok guztiz garatzeko.

Azkenean, gogoratu du ‘Beyond Spain’ azoka crowdfunding bidez eta partaideen banakako finantzaketaren bidez antolatuko dela. «Dohaintza bakoitzak programa zabalagoa eta interesgarriagoa egiteko aukera emango digu, azpiegitura egoki bat eskaintzeko eta baliabide ekonomikorik ez duten egileek eta aktibistek parte har dezaten».