Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea / Redactor especializado en internacional

Palestinarren etsipenak atea zabaldu diezaioke ISIS erakundeari

Tel Aviv inguruan izan zen atentatua.
Tel Aviv inguruan izan zen atentatua. (Gil COHEN-MAGEN | AFP)

Israeldarrak izututa daude azken egunetan 15 hildako eragin dituen atentatu andanaren ondorioz.
 
Lehenengo biak martxoaren 22an izan ziren, bata Negeveko basamortuan auto batekin eta bestea palestinar batek labankadakaz egin zuen erasoa; eta aurreko igandean Haderan, Israelgo iparraldean, arabiar komando batek beste eraso bat burutu zuen, tiroka. Denak bere gain hartu ditu Estatu Islamikoak (ISIS).

Atzokoak, Tel Aviv hiriburuaren inguruan dagoen Bnei Brak herri ortodoxoan gertatu zenak, ez du oraindik inork bere gain hartu.

Hala ere, Hamasek eta Jihad Islamikoak txalotu egin dute, aurreko bietan egin zuten moduan. Palestinako Aginteak (PAN), ordea, atentatua gaitzetsi egin du. Israelek ziurtatu duenez Poliziak hil zuen erasotzaileak Fatah alderdi historikoaren erakunde armatuarekin lotura zuen. Fatah-ren goi agintaria Mahmud Abbas PANeko presidentea bera da.

Denborak esango du aurreko erasoen mimetizazio kasu baten aurrean gauden ala zerbait gehiago dagoen. Kontuan izan behar da, gainera, ISISek ohitura duela taldeak berak zuzenean asmatu ez dituen erasoak bere gain hartzeko.

Dena dela, palestinarrek sobera motibo dituzte irainduta sentitzeko –ez dut esaten zibilen aurkako erasoak justifikatzeko–.

Herrien etsipena ISISen lagunik onena da, Iraken eta Sirian ikusi zen bezala, eta Tindufeko basamortuan sahararren kanpamenduetan atzeman zen bezala, hainbat gaztek ISISekin borrokatzera alde egin zutenean.

Hamasek kontrolpean du ISIS erakundea Gazan. Bertako tribu edo klan bat jihadistekin harremanetan jarri zen duela urte batzuk baina Anai Musulman palestinarrek errotik moztu zuten saiakera, hilketekin, atxiloketekin eta mehatxuekin.

Zisjordanian PANen eta Abbasen ustelkeriak eta politikeriak palestinarrak atsekabetuta dauzka.

Bitartean, Israelen bizi diren palestinarren artean muturra sartzeko aukera ikusi dute jihadistek.

Bazeuden, gure artean ere, ISIS Mendebadeak sortutako erakundea dela ziotenak, eta Israeli eraso ez ziotela egiten erabiltzen zuten argudio gisa.

Saiatuko dira besteren bat bilatzen.

Israelek, dena den, aurre egingo dio ISISen mehatxuari edo behintzat horrekin bizitzen ikasiko du.

Arazoa palestinarrek dute. Erasoak txalotuko dituzte baina, ugaltzen badira, palestinar herriaren borroka guztiz desitxuratuko da eta nazioartean duten babes eskasa ezerezean geldituko da.

Ez da horrelakorik gertatuko den lehen aldia. Galde diezaietela txetxeniarrei, edota siriarrei…