NAIZ

Bizkaia atzean utzi eta Debagoiena zeharkatuta, Gasteizera bidean da Korrika

Korrikak bigarren eguna du gaurkoa. Amurriotik irten eta Aiaraldean eta Bizkaian egin ditu gaua eta goizeko lehen orduak; harrera beroa jaso du. Debagoienetik Arabara joko du berriro eta arratsaldeko 17.00ak inguru Gasteizen espero da, lasterketak bisitatuko duen lehen hiriburuan.

Korrikaren 212. kilometro hunkigarria, Eibarren.
Korrikaren 212. kilometro hunkigarria, Eibarren. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Korrika atzo arratsaldean abiatu zen Amurriotik eta bertan lehen kilometroak eginda Aiaraldean jarraitu zuen, giro ederrean.  

 

Araba atzean utzita, Bizkaian sartu zen eta Enkarterrin egin zituen herrialde horretan lehendabiziko orduak; Balmaseda eta Zallan jendetza zegoen zain. Atzera berriz Araban sartu-irtena egin ondoren, gauerdiarekin Bizkaian murgildu zen berriro: Basauri, Arrigorriaga, Zornotza, Iurreta, Durango... Gauean ere milaka herritarren babesa jaso du. 

Goizeko lehen orduekin Elorrio eta Berrizen egin diote harrera, eta handik Zaldibar, Mallabia eta Ermuarantz jo du.

 

Eibarren izan du hurrengo hitzordua. Elgoibarren, Mauxitxa taldeko musikariek alaitu dute giroa eta, Autismoaren Egunarekin bat eginez, eskolako haurrak globo urdinekin batu dira Korrikara.

Handik Debagoienera abiatu da. Soraluzen txingorra bota eta bota ari arren, harrera beroa egin diote lasterketari. Euskara ikasleen eskutik Osintxun barna ibili da lekukoa, eta Bergaran Euskal Herri euskalduna aldarrikatu dute.

 

 

 

Tipi-tapa, tipi-tapa bereziak izan dira Arrasaten, elur soinukoak.

 

 

Aretxabaleta eta Eskoriatza pasata, Leintz Gatzagako mendatea igaro dute, bazterrak zurituta, eta Gasteizera bidean jarri dira korrikalariak.

 

 

Arratsaldeko 17.00ak aldera espero da iristea Gasteizera, Korrikak bisitatuko duen lehen hiriburua.

Lautadan emango ditu apirilaren leheneko azken orduak Korrikak, Eginotik Ziordirako bidetik Sakanan sartzeko. Larunbata izango da dagoeneko, apirilaren 2a.