NAIZ

Ordiziak ezin izan du El Salvador ezustean harrapatu eta galdu egin du Kopako finalerdian

Ampo Ordiziak ezin izan du ezustekorik eman Kopako finalerdietan. El Salvador nagusi izan da hasieratik eta denboraldi honetan Altamiran irabazten duen lehen taldea izan da (16-23). Maiatzaren 1ean jokatuko da finala La Cartujan. Alcobendas edo Ciencias Enerside izango da beste finalista. 

Ordizia eta El Salvadorrek Altamiran jokatu dute Kopako finalerdia.
Ordizia eta El Salvadorrek Altamiran jokatu dute Kopako finalerdia. (Jon URBE | FOKU)

Ampo Ordiziak ezin izan du Kopako finalerako txartela eskuratu. El Salvador nagusi izan da Altamiran eta merezimendu osoz irabazi du lehia. Saiatu dira ordiziarrak historiako hirugarren finalera sailkatzen baina azkenerako, ezinezkoa izan da. 

Finalerdia Altamiran jokatuko zela jakin zenean, ikusmina sortu zuen lehiak. Ordizia, denboraldi honetan, oso indartsu aritu baita etxean. Ligan jokatu dituen zazpi jardunaldietan garaile izan baita. Nolanahi ere, larunbat honetan ezin izan dute ezustean harrapatu txapelketa erregularreko liderra. 

Lehendabiziko 40 minutuak gogorra egin zaizkie Martin Du Toit-en erruz. Argentinarrak entsegua egin du 15. minutuaren aurretik eta ondorengo Sam Katzek bikaintasunez bihurtutako zigor kolpeak, 0-7 markagailua jarri du. 

Partidaren zati handiena ordiziarren zelaian jokaut da, Ligako liderra oso dinamiko aritu baita. Soilik lehen zatiaren bukaera aldean lortu dute etxekoek kanpokoen presioa askatu eta markagailua estreinatzea (6-13).

Bigarren zatian, euri jasa etengabearekin batera, intentsitatea murriztu dute bi taldeetako jokalariek. Jokoa moteldu egin da lehen ordu laurdenean eta bi taldeak euren fase estatikoei ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatu dira. 

Ordiziari mesede egin diote ordezkapenek eta partidan sartzeko aukera eman diote. Anthony Matotok eskuan izan du etxekoen lehen entsegua baina obalak aurrera ihes egin zion markatik bi metro pasatxora zegoenean. Bere akats handiak, hala ere, ez dio Ampo Ordiziari kalte handiegirik egin, eta ondorengo melean, Marotiasen mutilek oso azkar jo dute eta Andell Loubser atzelariak, azkenean, kanpoko defentsa hautsi du atepean pausatzeko (13-16).

Partida estutu egin da erabat baina etxekoek zelai erdian egindako beste akats bati esker, David Barriosek ostikada luzea jo du Franco Velarderen lasterkaldia bilatzen, eta entsegu-lerrotik metro gutxira pilota harrapatzea lortu du. Kolpe erabakigarria izan da etxekoen asmo guztiak zapuzteko. 

Katzen geroko bihurketak errenta 10 puntura handitu du eta Valladolideko taldeak defentsa-lerroa berriro tenkatu du, Goierrikoen etsipenerako. Berriro ere, etxekoek Mujikak zutoinera egindako jaurtiketa batekin konformatu behar izan dute (16-23).