NAIZ
Donostia

Donostian amaituko da Korrika igandean eta «hitzordu ederra» prestatu dute antolatzaileek

Lekukoa 12:30ak aldera iritsiko da gipuzkoar hiriburuko Bulebarrera. Bertan ezagutuko dira mezuaren edukia eta egilea bera ere. Horren atzetik, ospakizunerako egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek gune ezberdinetan. Tartean, Zuloaga plazan izanen den NAIZ gunea.

Korrika antolatzaileek amaiera jaia aurkeztu dute.
Korrika antolatzaileek amaiera jaia aurkeztu dute. (AEK)

Donostiako Bulebarrean egingo ditu Korrikak igandean 22. edizioaren azken metroak. Hilaren 10ean eta 2.500 kilometroren ostean, Gipuzkoako hiriburu osoa zeharkatuko du euskararen aldeko lasterketak.

Gaur prentsaurrean antolatzaileek amaierako jaia aurkeztu dute. Deialdia egin dute Euskal Herriko txoko guztietako jendea bertaratzeko eta, era berean, uste dute Donostiako herritarrentzat nahiz eragileentzat «hitzordu ederra» izango dela, «euskararen auzian lanean segitzeko akuilua».

Amaiera ekitaldia udaletxearen ondoan izango da. Lekukoa 12:30ean helduko dela aurreikusita dago. Une horretan, lekukoaren barruan doan mezu sekretuaren egilea nor den jakingo da, eta noski, mezuaren beraren edukia ere. Ekitaldi nagusiaren aurkezleak Bagera Elkarteak sortutako ‘Atzean zuloa’ proiektuaren aurpegiak izango dira; esketxotako pertsonaiak gorpuzten dituzten aktoreak Ivan Aizpurua eta Nerea Aranburu donostiarrak, alegia.

Bestalde, azken eguneko arduradunak, Luix Intxauspek, azaldu du Donostiako jairako «dena prest dagoela» eta egun osoa iraungo duela. Festa «handia bezain berritzailea» prestatu du auzolanean eta elkarlanean aritu den Donostiako antolaketa taldeak: gune desberdinetan sakabanatuta, publiko desberdinei begirakoa, egitarauan Donostiako kultur eragileen parte-hartzea lehenetsita, eta abar.

NAIZ gunea

Tartean NAIZek gune berezia ere izango du Zuloaga plazan, ekimenari doinu berezi bat eman asmoz. Musikak espazio garrantzitsua izango du bertan, ETS, Lamiak eta Mugan taldeekin. 14.00etatik aurrera Pirata elektrotxarangak girotuko du eguna. Honen atzetik, 14.30ean, Auzoko ekimena aurkeztuko da bertan eta 15.00etan Gipuzkoako sortzaile sarearen aurkezpen emanaldia hartuko du guneak.

16.30etik aurrera, aldiz, kontzertuek hartuko dute protagonismoa. Lamiak taldea izango da oholtza igotzen lehena. Ondoren, 17.30ean, Mugak taldearen txanda etorriko da eta 18.30ean ETS taldeak borobilduko du jai egun handia. Jatekorik eta edatekorik ez da faltako NAIZ gunean, korrika egin ostean indarrak berreskuratu eta jai egun luze bati aurre egiteko.

Korrikaren amaiera entzun ez ezik ikusi ere egin ahalko da NAIZ Irratiaren eskutik. Bi kolpetan, 10:00etatik ekimenaren beraren amaiera eskainiko du NAIZek eta arratsaldean saio berezia eskainiko du NAIZ gunetik, hainbat gonbidatuk lagunduta.

Egitarau osoa

Bulebarrean bertan kokatuko da Etxepare gunea, non amaieraz gain, arratsaldean zehar ‘Egunean Behin’ partida edo Alerta Morea eta Kilimak taldeen kontzertuak izanen diren. Alderdi Ederren, aldiz, txikientzako tailerrak eta ikuskizunak izanen dira. 17.00etatik aurrera, adibidez, aurtengo Korrikak omendu dituen Pirritx, Porrotx eta Marimotots izanen dira. Egitarau osoa webgune berezi honetan ezagutu daiteke.

Kaian kokatuko da, berriz, Eusko Label gunea. Azoka, bertsolariak eta Olatz Salvador edo Trikidantz arituko dira. Plaza Berrian ere musika izanen da nagusi eta herri bazkaria, berriz, Trinin izango da. Gipuzkoa plazan artisau eta herri eragileen azoka izanen da egun guztian zehar eta Sarriegi plazan txerri sekretuaz eta pureaz gozatu ahalko da.

Amaitzeko, bi ohar nabarmendu dituzte antolatzaileek jaiari begira: «Batetik, eraso sexistarik gabeko eguna izateko, eta, bestetik, garraio publikoa erabiltzeko».