Alessandro Ruta

Stefano Cucchiren torturatutako gorpua bakean dago azkenik

Gazte erromatar hau 2009an hil zen, jipoia eta tortura pairatu ondoren. Orain, hamahiru urte eta gero, Italiako Justiziak, hainbat oztopo gaindituz, hamabi urteko kartzela zigorra ezarri die bi carabinieriri.

Ilaria Cucchik Stefano anaiaren gorpuari ateratako argazkia erakusten du.
Ilaria Cucchik Stefano anaiaren gorpuari ateratako argazkia erakusten du. (NAIZ)

Stefano Cucchi Estatuaren biktima da. Gazte erromatar hau 2009. urtean espetxeratu zuten, eta kartzelan bizirik sartu zen baina hilik atera zen, hainbat jipoi eta tortura pairatu ondoren. Nabarmenak ziren kolpeak, gainera. Stefanoren arreba Ilariak hamaika argazki egin zizkion gorpuari. Guztiz beldurgarriak ziren markak azaltzen ziren.

Hasiera batean inork ez zuen gertatutakoa onartu nahi izan. «Istripu bat izango da», esaten zuten, agintarien esanetan «Italiako kartzeletan ez delako torturatzen». Adierazpen faltsua, jakina: hamahiru urte igaro ondoren, eta zenbait oztopo gaindituz, hara non Cucchiren senideek justizia lortu duten. Italiako Justiziak bi carabinieriri hamabi urteko kartzela-zigorra ezarri die.

Astebeteko sufrimendua

Droga dosi bat erosteagatik, horregatik espetxeratu zuten Stefano Cucchi 2009ko urriaren 15ean. Egunero-egunero horrelako gauzak gertatzen dira, batez ere hiri handi baten kanpoaldean.

Stefanok 31 urte zituen eta nahiko “Pasoliniarra” zen: epileptikoa eta makala, anorexiaren eraginez. Iraganean arazo asko izan zituen. Gimnasiora askotan joaten zen, boxeoa praktikatzera. Bere bizitza apala zen, argi izpi bakarrak familia eta iloba ziren.

Cucchi Regina Coeli kartzelara eraman zuten carabinieriek, hurrengo egunean epaiketa izango zuelako. Zigor txiki bat ezarriko ziotela uste zuten.

Hurrengo egunean, ordea, epailearen aurrean agertu zen Stefano, guztiz desorekatuta, minduta eta zaurituta, batez ere aurpegian. Bere aita joan zen berarengana, kezkatuta, azalpen eske, baina Cucchiren erantzuna laburra izan zen: «Ez da ezer».

Epaiketa atzeratzea erabaki zuen epaileak eta ondorioz Stefanok kartzelan jarraitu behar izan zuen. Gazteak familia agurtu zuen eta berriro ere itzuli zen Regina Coeli espetxera. Aitak, amak eta arrebak ez zuten berriro bizirik ikusiko.

Epaiketa atzeratzea erabaki zuen epaileak Stefanok kartzelan jarraitu behar izan zuen. Ez zuten berriro bizirik ikusiko

Ondorengo egunetan gertatu zena oraindik ere misterioa da. Inork ez du erantzunik izan. Cucchik ezin izan zuen familiarekin kontakturik izan. Ondorioz, inork ezin izan zuen jakin mutila Fatebenefratelli eta Sandro Pertini Ospitalera eraman zutela, bere osasun egoera oso larria zelako.

Astebete bat, besterik ez. Urriaren 22an, goizean, carabinieriak joan ziren Cucchiren etxera, baina albiste onik ez zuten ekartzen; baimen bat eskatzeko joan ziren, Stefanori autopsia egiteko, ospitalean hil baitzen.

Nolatan hil? Hori izan zen bere aitaren premiazko galdera. Are gehiago, tanatorioan topatuko zuena izugarria izango zelako. Stefanoren gorpua sufrikarioaren irudia zen: aurpegia belztuta, haginak apurtuta, hausturak edonon, eta zazpi kilo gutxiago aste batean.

Are mingarriagoak izango ziren autopsiaren emaitzak: gose eta egarriren eraginez hil zen gaztea. Eta mugitu ezinik, bizkarrezurraren hausturagatik.

Tanatorioan familiak bat-bateko erabakia hartu zuen: gorpuari argazki batzuk egiteko eskatu zieten langileei. Gaztearen erailketa salatzeko lagunduko zutenak.

Argudio politikoa

Ausarta izan zen Cucchiren familiaren erabakia, testinguru horretan salaketak aurrera egin ote zuen zalantzazkoa zelako. Izan ere, bere kasua ez zen bakarra: 2008an, esate baterako, Stefano Uva hil zen, Vareseko kartzelan. Poliziaren esanetan bere buruaz beste egin zuelako.

Askoz gogorragoa izan zen Federico Aldrovandiren hilketa, 2005ean. Ferrarako gazte hau etxera zihoan, apur bat mozkortuta, bi patruilekin topo egin zuenean. Sekulako liskarra hasi zen, eta lau polizikidek mutilaren aurka egin zuten.

Aldrovandi kalean hil zen, polizia bat bizkarrera igo ostean, ito arte. Askok ikusi zuten gertatutakoa eta beraien testigantza ezinbestekoa suertatu zen epaiketan.

Federico Aldrovandi kalean hil zuten. Askok ikusi zuten gertatutakoa eta beraien testigantza ezinbestekoa suertatu zen

Federicoren amak, Stefano Cucchiren arrebak egin zuen bezala, argazkia egin zion gorpuari, kasua salatzeko. Epaileak 2012an hiru urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zien hiru polizikideei.

Baina Stefanoren kasua ezberdina zen, espetxean gertatu zen eta lekuko gutxi zeuden. Nork izan zen benetako erruduna? Sendagileak edo carabinieriak?

Berlusconi, Maroni eta Salvini

2009. urtean Italiako Gobernua eskuinaren eskuetan zegoela gogoratu beharra dago. Silvio Berlusconi zen lehen ministroa, eta Barne ministroa, Polizia eta carabinieriekin lotura zuena, Lega Nordekoa zen: Roberto Maroni, alderdiaren gogorrenetako bat.

Eskuinaren ordezkariek Cucchiren auzia hala azaldu zuten: «Drogazale bat zen, anorexiaren eraginez hil da». «Baten batek bere burua gorroto badu, bere osasun-egoera mespretxatzen badu, ondorioak ordainduko ditu», erantsi zuten, eta drogak hartu izan ez balitu oraindik bizirik egongo litzakeela adierazi zuten.

Ilaria Cucchi Stefanoren arrebak borrokatu zuen Estatuaren kontra, eta abokatuei esker epaituak izan ziren medikuak eta zenbait carabinieri. Baina ordezkari politiko batzuen erasoak pairatu zituen ere, Matteo Salvinirenak esaterako.

Bi carabinierien testigantzak erabakigarriak izan ziren. Bi gizon horiek dena ikusi zuten: Cucchiri sekulako jipoiak eman zizkioten, ostikoak, kolpeak… Torturatu zuten, nahiz eta epailearen ustez polizikideen helburua ez zen inolaz ere gaztea hiltzea.

Ospitalean Stefanok ez zuen arreta egokirik jaso. Inork ez zion laguntza eskaini eta zabor poltsa bat bezala albo batera utzi zuten, hil arte.  Mediku batek epaiketan azaldu zuenez, Stefano berak azaldu zion eskaileretatik behera bota egin zutela.

Estatu-heriotza izan zen Cucchirena. Auzitegi Gorenak azkenean bi carabinieriri hamabi urteko kartzela zigorra ezarri die astelehen honetan.

«Nahigabeko hilketa» izan dela agindu dute. Baina hilketa, azken finean, ez istripua. Stefano bizirik sartu zen Estatuko egoitzetan eta handik hilda atera zuten, drogak horretan zerikusirik izan gabe. Ilariak bere borroka irabazi du.

“Sulla mia pelle” (“Nire azalearen gainean”) filmak jaso zuen Stefanoren istorioa. Veneziako Zinemaldian aurkeztu zuten, eta oraindik ere Netflix plataforman badago. Film gogorra da, gordina eta errealista. Netflix baldin baduzue, ez ezazue ikusteko aukera galdu, gauza asko ulertuko dituzuelako.