Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea / Redactor especializado en internacional

Zemmourrek ere ez du itzali Marine (Le Pen)-en gorakada

Iaz urte bukaeran bazirudien Eric Zemmourren indarrak Marine Le Peni itzala egingo ziola ultraeskuinaren unibertsoan. Azkenean, lehenaren elitismoak eta bigarrenak bere diskurtsoa neurtzeko egindako ahaleginak gauzak baretu ditu. Le Pen izango da ia ziur Macronekin bigarren itzulian lehiatuko dena.

Bi pertsona, Marine Le Pen eta Eric Zemmourren kanpainako afixei begira.
Bi pertsona, Marine Le Pen eta Eric Zemmourren kanpainako afixei begira. (Loic VENANCE | AFP)

Iaz urte bukaeran izugarrizko indarrarekin sartu zen Estatu frantseseko presidentetzarako hauteskundeen lehian Eric Zemmour idazle eta telebistako tertulietako polemista. Hainbesteraino, ordura arte Marine Le Penek kontrolpean zuen ultraeskuinaren unibertsoan nolabaiteko lurrikara eragin zuela Reconquête alderdia sortu zuen politikari erreakzionario islamofoboak.

Aljeriatik Estatu frantsesera heldutako familia judu berbere (amazig) bateko ondorengoa da Zemmour, Montreuil (Sena Saint-Denis) hirian 1958an jaioa. Bada, nola demontre da posible biografia hori duen intelektual batek Marine Le Pen bera eskuinetik aurreratzea?

Batetik, egungo ultraeskuina, Ameriketako Estatu Batuetan alt-right gisa ezagutzera eman dena, fenomeno konplexua da eta, sarri, antzinako azalpenak eta adjektiboak aplikatzea –faxista edota neonazi kasu–, kaltegarria baino mesedegarria da horrelako mugimenduontzat, ez baitute egungo errealitatea islatzen. Bestetik, Zemmourrek berak, judutzat baino –hildakoen omenezko erritualak baino ez dituela jarraitzen dio–, bere burua kristautzat du, kulturalki bederen. Eta horrek badu aurrekaririk, izan zirelako faxismoaren bide-erakusle jotako Charles Maurrasen Action National mugimenduan sartu ziren juduak.

Zemmourrek ‘Ordezkapen Izugarriaren’ teoria defendatzen du. Hau da, Europako populazio kristaua etorkin musulmanekin ordezkatzeko plana. Horrela bada, paperik gabeko etorkin guztiak Estatu frantsesetik kanporatzeko konpromisoa bere egiten du Zemmourrek, nola egingo duen azaltzen ez badu ere. Bide batez, patriarkatua irmo defendatzen du eta gauza bakarra miresten du islamaren muturreko interpretazioa egiten duten jihadistengan: beren ideiengatik bizia emateko duten konpromisoa, «gure zibilizazioak aspaldian galdu zuena».

Aldarrikapenokin Le Penen mugimenduan bertan tirabirak sortu zituen Zemmourrek eta Marie Le Penen iloba Marion Marechalen eta hainbat hautetsiren babesa ere jaso zuen. Inkestetan izugarri gora egin zuen gainera, Le Pen bera gaindituz. Denbora igaro ahala, dena den, urak baretu egin dira eta Rassemblement National alderdiko hautagaia finkatu da Emmanuel Macron Eliseoko Jauregiko maizterrari kargua ken diezaiokeen politikari bakar gisa.

Hasieratik bertatik, hirietan bizi den eskuin eta eskuin muturreko hautesle unibertsitarioen babesa jaso du Zemmourrek. Izan ere, askok ‘Trump frantses’ gisa aurkeztu badute ere –populismoa eta polemikak sustatzen maisu da–, intelektuala da Zemmour, idazlea. Makiavelo irakurri duen Trump bat. Elitismo horrek urrundu du, hain zuzen ere, aldirietako langile auzoetako eta Frantzia barneko hautesleetatik. Eta hor du indarra Le Penek. 2011n hartu zuen Jean-Marie Le Pen aitaren lekukoa Marinek, baina laster aldendu zen bere altzotik eta politikoki erail ere egin zuen 2015ean. «Asko miretsi izan dut beti, baina egin beharreko zerbait zen», esan zuen.

Front National alderdi historikoari izena ere aldatu zion Marinek 2019an, Rassemblement National hautatuz. Hori nahikoa ez eta kanpaina honetan bere afixetan Marine izena azaltzen da soilik. Le Pen abizen polemikoa galdu du antza. Ultraeskuin frantsesa itxuratzeko (dédiaboliser) programaren barruan sartzen dira ekimen guztiok.

Azkenaldian Marinen eredua bere senar ohia da: Rassemblement National berarekin sortu zuen Louis Alliot, 2020an Perpinya Ipar Kataluniako hiriburuko alkatetza lortu zuena. Kudeaketa defendatuz eta betiko politikarien inertziak salatuz irabazi zuen eta ultraeskuinak udal politikan lekua duela aldarrikatu du. Gauza bera lortzearekin amesten du Marinek, baina Estatu mailan. Eta horretarako bazterrean utzi ditu etorkinen aurkako mezu gordinenak eta abortuaren eta dibortzioaren aurkako jarrera historikoa. Ez pentsa, ordea, aldatu denik. Bildotsa balitz bezala agertzen da, baina otsoa da. Azken batean, gainontzeko politikariek bezala, iritzia aldatu izanaren itxura ematen ikasi du. Ukrainako inbasioa hastean, adibidez, Putin lagun minaren ondoan ageri zen paskin guztiak erretzea agindu zuen. Zemmourrek ez du horrenbesteko erreflexurik.

Horrela bada, Le Penek Macronekin batera lehen itzulia irabazteko aukera handiak ditu, baita bigarren itzulian gailentzeko ere. Presidente frantsesak hiru puntu eskas baino ez dizkio ateratzen inkestetan. Demoskopiak «marjina tekniko» gisa aurkezten duen tarte txikia. Alde batera edo bestera.