NAIZ

Emeryren Vila-real eta Real Madril, luzapenean, Txapeldunen Ligako finalerdietara sailkatu dira

Vila-realek bana berdindu du Munichen eta joanekoan eskuratutako garaipenarekin, finalerdietarako sailkapena lortu du. Unai Emeryk lehendabiziko aldiz jokatuko du Txapeldunen Ligako finalerdia eta Vila-realen historiako bigarren aldia izango da. Real Madril luzapenean sailkatu da finalerdietara.

Chukwuezek sartu du banakoa 88. minutuan.
Chukwuezek sartu du banakoa 88. minutuan. (Jose JORDAN | AFP)

Vila-real Txapeldunen Ligako finalerdietara sailkatu da Municheko Bayernekin 1-1 berdindu ostean. Samuel Churkwuzek 88. minutuan sartutako golari esker lortu du finalerdietarako txartela urpekontzi horiak. 

Bayernek abantaila lortu du 52. minutuan Robert Lewandowskiren golarekin, Thomas Müllerren pasea probestu. Comanek Dani Parejoren pasea geldiarazi ostean eraiki dute golaren jokaldia etxekoek. Hala, kanporaketa berdintzea lortu dute. 

Partida luzapenean erabakiko zela zirudienean, 88. minutuan, Chukwuezek kontraeraso batean partida berdindu du eta kanporaketa Vila-realen alde jarri du. Hala, Castelloko taldeak bere historiako bigarren finalerdia jokatuko du Txapeldunen Ligan eta Unai Emery hondarribiarrarentzat, estreinakoa izango da.

Liverpool edo Benfica izango du aurkari. Asteazken honetan jokatuko da dema hori Londresen eta talde ingelesak bi goleko abantaila dauka (1-3). 

Benzema, berriro

Bestalde, Real Madril eta Chelsearen arteko dema luzapenean erabaki zen talde madrildarraren alde. Rodrygo Goes brasildarraren gol batek, amaierarako hamar minuturen faltan, Real Madrilen kaleratzea saihestu du eta partida luzapenera eraman du. Ordurako, Chelsea finalerdiak dastatzen zegoen joaneko emaitza ondo baino hobeto iraultzea lortua zuelako (0-3). 

Stamford Bridgeko joaneko partidan Real Madrilek 1-3 irabazi zuen arren, Tuchelek zuzendutako taldeak itxaropenez heldu dio kanporaketari eta 
Ancelottiren taldeak ez du jakin abantaila hori kudeatzen. Mason Mountek goiz egin du 0-1ekoa eta horrek, hegoak eman dizkio Chelseari. 

Lehendabiziko zatian ez da mugitu markagailua baina sentsazio onenak, Chelsearen aldekoak izan dira. Sentsazioak ez ezik, markagailuan ere islatu da nagusitasuna Antonio Rudigerrek 51. minutuan eginiko golarekin. 0-2koarekin kanporaketa berdindu egin dute londrestarrek eta emaitza alde edukitzeak ematen duen hauspoarekin, egoera iraultzea ere lortu dute. Lehendabizi, Marcos Alonsoren golarekin baina hau VARak baliogabetu egin du. Hamahiru minutu beranduago iritsi da markagailura igo den 0-3koa, Timo Werner golegile. 

Benzemak egin du 2-3koa. (Pierre-Philippe MARCOU/AFP)


Dena galduta, Carlo Ancelottik aulkia mugitu eta Toni Kroos –min hartuta–, Casemiro edo Ferland Mendy bezalako gizonak zelaitik atera ditu. Etsi-etsian aurkitu du Real Madrilek Modricen jaurtiketaren inspirazioa eta zelairatu berria zen Rodrygoren errematea, kanporaketa luzapenera bidaliko zuen gola egiteko (1-3). 

Luzapenean, Benzemak egin du 2-3koa, Viniciusen erdiraketa bat buruz errematatuta. Aurrelari frantsesak lau gol egin dizkio Chelseari bi partidatan, horietatik hiru, buruz eta azken honek zutik jarri du Santiago Bernabeu estadioa. Atletico Madril edo Manchester City izango dute aurkari madrildarrek finalerdietan (1-0 irabazi zuen Pep Guardiolaren taldeak joanekoan).