Elkarrizketa
MARINA BEHERETCHE
BIOLIN JOTZAILEA ETA KONPOSITOREA

«Obra eklektikoa da; musika klasikoa eta herrikoia uztartzen ditugu»

Musikari klasiko gisa ibilbide luzea egina du biolin jotzaile lapurtarrak, lehenik Okzitaniako Tolosa hiriko Ganbara Orkestrarekin eta 2015az geroztik Iparraldeko Orkestrarekin.

Marina Beheretche, biolin jotzailea eta konpositorea
Marina Beheretche, biolin jotzailea eta konpositorea (Guillaume FAUVEAU)

Marina Beheretchek atzo aurkeztu zuen “Aztarnak” diskoa, musika klasikoa eta herrikoia uztartzen dituen lana. Obra berezi horretan Ezekiel kolektiboa osatzen duten Ipar Euskal Herriko musikariak izan ditu lagun. Kantu klasikoekin bat egiteko lau konpositore gonbidatu ditu proiektuan parte hartzera. Adierazpen artistikoa borobiltzeko, lagun duen Arantxa Lannesek egin dituen obrek edertzen dute diskoa. Lannesek hori baino gehiago ere egingo du, diskoa aurkezteko agerraldiak kontzertuak baino gehiago izango baitira bere performanceei esker. Estreinaldi ofiziala larunbatean izanen da Gotaineko Xiru festibalean.

Esan daiteke bidaia mistikoa proposatzen duzula, obra berriekin eta moldaketekin mitologian barneratzeko?

Hemen ditugu sorkuntza batzuk, musika tradizionalaren moldaketa batzuk, eta obra bereziak, bidaia mistikoa egiteko gure sustraien erdian. Duela urte eta erdi ari naizela proiektu horrekin; gogoa nuen zinez nire lankideak biltzeko proiektu baten inguruan. Nire ibilbidea zabaltzeko, edo zeharkatzeko.

Aniztasun horren barruan ildo komunik ba al da?

Zaila da gauza orokor bat esatea, obra guztiak biziki ezberdinak baitira; baditugu obra herrikoiak, fandangoa eta arin-arina kasu, baina baditugu sorkuntza bereziak ere, musika klasikokoak; instrumentu klasikoak eta herrikoiak ere nahasten ditugu. Badira gustu guztiendako obrak, nire ustez. Badugu Iparraldeko artisten begirada gure kulturari.

Arte ezberdinen nahasketarekin, disko bat baino gehiago mundu bat dela esan daiteke?

Konpositoreek beraien obrak landu dituztenean, pixkanaka gauzak handitu eta ezkondu egin dira. Arantxa Lannes marrazkilariarekin gauzak landu ditugu, eta egia da mundu hori landu eta pixkanaka-pixkanaka sortu dugula.

«Konpositoreek beraien obrak landu dituztenean, pixkanaka gauzak handitu eta ezkondu egin dira»

Elkartzen dituzun estilo ezberdinei begiratuta, obra eklektikoa dela esan dezakegu.

Eklektikoa da bai. Domaia da ez dugula anitzetan horrelakorik ikusten, dena banatua izaten da; rock and rolla alde batetik, musika herrikoia bestetik. Denak ezkontzen ahal dira, denok musika egiten dugu, eta denok entseatzen gara jendea hunkitzen; elkarrekin ontsa bizi ahal gara.

Toki batzuetan aurkeztu duzue jada, baina estreinaldi ofiziala asteburu honetan izango da.

Biziki kontent gara gure ikusgarria zabaltzeko; egonaldia egin dugu Bokalen eta larunbatean izanen dugu gure lehen aldia festibal batean. Erakutsiko diogu publikoari nola landu dugun proiektua ikusgarri bilakatzeko.

Artista anitz izan dituzu alboan zurekin bide horretan?

Bai, estilo ezberdinetakoak. Musika klasikoaren aldetik Joacuim Bouillier, Aude Fade, Emeline Bouillier, Emmanuelle Bacquet eta Vincent Planes ditugu. Musika herrikoia lantzen duten Mixel Etxekopar, Paxkal Indo eta Paxkalin Xabaño ere baditugu. Pianoa, biolina, baxoa, kontrabaxua, altoa, biola, txalapartak, txirulak –pluralean esaten dut, flauta anitz jotzen dituelako Mixelek– uztartzen ditugu. Eta testu batzuk ditugu euskaraz. Diskoaren bukaeran bada sorpresa txiki bat, bururaino utzi behar da diskoa; bukaeran bada kantu gorde bat euskaraz, Itxaro Bordak idatzitako hitzen gainean.

Zein konpositorek lagundu zaituzte disko honetan?

Lau izan dira. Lehena, Nathalie Biarnes konpositore miresgarria, bere munduarekin eta bere sentsibilitatearekin, emazte sentsibilitatearekin. “Eki Nox” obra zabaltzen dugu, soka boskote batekin eta txalapartarekin. Bigarrena, Frederic Gaillardet da, nire aitarekin ari zen musikaria; orain Parisen ari da artista handiekin, eta “Agur jaunak” kantuaren jazz moldaketa bat egin digu piano eta biolinarentzat. Hirugarrena Joel Merah konpositore handia da; “Ama Lur” oparitu digu gure instrumentuentzat, hor ditugu pianoa, sokak, txalaparta eta txirula. Talde osoa dugu, zinez obra handia eta biziki indartsua. Laugarrena Peio Çabalette Iparraldeko konpositorea da. Bere mundua biziki poetikoa atzematen dut. Bere bi obra ditugu diskoan, “Ordu eztien segida” piano, biolina eta biolontxelo hirukote batentzat, gehi euskarazko testu txiki batzuk Mixel Etxekoparrek erranak. “Hegalda” obrak tresna guztiak biltzen ditu, basaire baten melodiaren gainean. Obra guztiek badauzkate sustraiak gure musika herrikoietan eta itzuli bat egiten dute, edo horrelako bidaia txiki bat gaurko bizia ere sartuz, gaurko kolorea ere sartuz. Nik ere aurreskuaren moldaketa egin dut tango moduan, eta fandango eta arin-arin bat idatzi ditut proiektuarentzat.

Ez da estilo honetako zure lehen proiektua, «Lau sasuak» egin zenuen Vivaldiren «Lau urtaroak» obra klasikoa musika herrikoiarekin uztartuz.

Duela sei edo zazpi urte hasi nintzen proiektu hori asmatzen, eta egia da bi mundu horiek uztartzeko esperientzia aski ongi atera zela. Aldi honetan nahi izan dut esperientzia berriz ere biziarazi, baina gaurko begirada batekin; disko honetan Iparraldeko konpositoreak, artistak bildu nahi nituen.