Jon Ormazabal

Erik Jaka eta Iker Irribarria, gogoa adina errespetu Buruz Burukorako itzuleran

Lehian ariko diren lau txapeldunetatik bik elkarren aurka jokatu beharko dute, lehen kanporaketan, astelehenean Eibarren.

Binaka bai, baina buruz buru sekula ez dute elkarren aurka jokatu Irribarriak eta Jakak.
Binaka bai, baina buruz buru sekula ez dute elkarren aurka jokatu Irribarriak eta Jakak. (Endika PORTILLO/FOKU)

Nahikoa bideratuta zegoen zozketa batek hala erabakita, lehiaketan dauden lau buruz buruko txapeldunetatik bik –Iker Irribarria eta Erik Jakak– elkarren aurka jokatu beharko dute astelehenean Eibarren. Eta sarerik gabe, bietako batek txapelketa utzi beharko baitu partida bakarra jokatuta. Sekula ez dute elkarren aurka jokatu ez kantxa osoan ez kaiolan, eta bientzat ere txapelketa berezia da aurtengoa, iaz ezin izan baitzuten parte hartu arrazoi fisikoak medio –bihotzeko gaitza izan zuen lizartzarrak eta belauneko ebakuntza goierritarrak–. 2020an, aldiz, antipodetan izan zen erakutsi zuten maila, Tolosaldekoak txapela jantzi zuen bitartean, Aramakoa lehen partidan joan baitzen etxera, Darioren aurka Irunen 22-13 galduta.

Horiek horrela, «gogoa adinako errespetuarekin» ekingo dio Iker Irribarriak txapelketari, Erik Jakarentzat ere balio lezakeen adierazpena. «Uste dut Binakako ona egin dugula, hor egon gara borrokan azkenera arte, baina nahi nuke berriz ere ligaxkan egon, lehiakorra sentitu buruz buru ere. Baina horixe, badakigu zuhurtziaz joan behar dela; bi urte, ezetz ematen du, baina denbora asko da buruz buru jokatu gabe. Eta lesioa tarteko eta duela bi urte lehen partida galdu nuela jakinik, bata eta beste mila buelta ematen zaizkio buruari», gaineratu zuen Aspeko aurrelariak.

Binakako finaletik at, hilabete inguru izan du aramarrak Buruz Burukoa prestatzeko, baina ezin izan du nahi beste entrenatu, ezker eskutik nahiko justu amaitu baitzuen. Dena dela, azken txapelketa horren balorazio oso positiboa egiten du, belauneko lesioagatik horrenbeste denbora geldirik eman ostean, onenen aurka lehian aritu ahal izan du eta. «Ez dut uste kexatzeko motiborik dudanik, azken partidara arte aurpegia ematen aritu ginen eta. Gainera, nire gabezietan hobetzen ere saiatu naizela esango nuke, bai tantoa bukatzen eta baita defentsan, eta horixe zen helburua. Hasieran beti egoten dira zalantzak, baina pixkanaka nik uste joan direla, Binakakoan behintzat, eta orain Buruz Burukoan ikusi behar». Bere burua probatzeko astia izateko, ordea, lehen partida irabaztea funtsezkoa luke, eta horixe du lehen helburua.

Motibatuta eta ilusioz

Buruz buruko txapela janztea mugarri da edozein pilotarirentzat, are gehiago Erik Jakarentzat, garaipen hori gauzatu eta denbora gutxira, bere betiko etxea, Aspe, utzi eta Baikora aldatu baitzen. Gauzak, ordea, ez dira espero bezala joan. «Hasieratik okertu zen dena, bihotzeko arazo hori izan nuen lehen partidan eta gero pixka bat ibili naiz a trancas y barrancas esaten dena, ezin arrankatu. Baina nik uste, nahiz eta emaitzei dagokienez horren ona izan ez, Binakakoan izan direla une batzuk hobeto sentitu naizena. Azken asteetan ere jokoz goraka egiten ari naiz eta sentsazio positibo horri etekina ateratzen saiatu behar dut», adierazi zuen.

Kirol ibilbide gehienek dituzte euren gorabeherak, baina Erik Jakak bereziki ondo daki nolakoak diren kirol profesionalaren txanponaren bi aldeak. «Kirolean eta bizitzan denetik pasa behar izaten da eta, zorionez edo zoritxarrez, nik denetik pasa behar izan dut. Eta beti esaten dena, gaizki zabiltzanean ez duzu pentsatu behar munduan dagoen txarrena zarenik eta gauza ez denik aldatuko, eta, alderantziz, gauzak ondo doazenean jakin beharra dago une txarragoak etorriko direla. Nik uste azkenaldian txarrak gehiago pasatzetik natorrela eta ea onak azkar datozen». Astelenako partida aurrera ateratzea aurrerapauso egokia litzateke zalantzarik gabe bide horretan.

Aurkariak ez bezala, nahi beste entrenatzeko modua izan du Jakak, baina ondo daki astelehenean jokatu behar duela ondo. «Zozketan hala tokatu da eta horrela hartu behar. Txapelketan aurrera egin nahi baduzu lehenago edo beranduago txapeldunen, edo txapeldun izateko gaia dutenen aurka aritu behar izaten da eta niri lehen partidan txapeldun handi baten aurka jokatzea egokitu zait. Baina, egia esan, motibagarria eta ilusionagarria da bere aurka jokatzea», azaldu zuen Baikokoak.

Final laurdenetako ligaxkarekin txapelketa inoiz baino gogorrago dator aurten, baina Jakak ez omen dauka «minutu bat ere egoterik ligaxkari begira». Helburu bat eta bakarra du orain buruan, lehen kanporaketa gainditu eta ligaxkan sartzea. «Buruz burukoak orain arte zerbait izan badu, hori izan da, ezustekoak egoteko txapelketa irekiagoa zela Lau eta Erdikoa edo Binakakoa baino. Aurten ligaxkarekin aukera hori pixka bat murrizten da, ligaxkak pilotari erregularragoak saritzen dituelako nolabait esateko».