Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Txuri Urdinek izotz hockeyko Kopa etxera ekarrita biribildu nahi du denboraldi historikoa

Duela aste gutxi batzuk historiako lehen Liga irabazi zuten talde donostiarreko neskek eta asteburu honetan Jacan ospatuko den Kopa ere irabazi nahi dute. Finalerdietan Quimeras Valdemoro izango dute aurkari. Lehendabiziko aldiz, asteburu eta toki berean mutilen Kopa ere jokatuko da.

Dobletea lortzeko aukera ederra du Txuri Urdinek Jacako Kopako Lauko Finalan.
Dobletea lortzeko aukera ederra du Txuri Urdinek Jacako Kopako Lauko Finalan. (FLICR MAJADAHONDA)

Izotz hockeyak denboraldiko beste une garrantzitsu bat du asteburu honetan, Jacan Kopako Lauko Finala jokatuko baita larunbata eta igandean. Bertan izango da euskal talde bat; duela aste gutxi batzuk historian lehen aldiz Liga irabazi zuen Txuri Urdin, hain zuzen ere.

Donostiarrek Quimeras Veldemoro izango dute aurkari larunbatean Jacako izotz pabilioilan jokatuko den finalerdian (14.30). Beste neurketan Majadahonda –gipuzkoarren aurkaria Ligako finalean– eta Milenio Panthers arituko dira (11.00). Finala, berriz, igandean jokatuko da, 12.30etik aurrera.

Bertan egon nahi dute lau taldeek, noski. Baina Txuri Urdinek dobletea egiteko aukera ederra du. «Argi dago denboraldia ondo bukatu nahi dugula eta ahal bada irabazi nahi dugula. Garrantzitsuena da guk egindako lanarekin harro egotea. Irabazi ahal bada, ondo; bestela behintzat borrokatu», adierazi zuen Ainhoa Salillas Txuri Urdineko atezain gazteak Liga irabazi berritan NAIZeko erreportaje batean.

Kopako lehen aurkaria nor zen jakin aurretik, bere entrenatzaile Koldo Saenzi, aldiz, berdin zitzaion nor izan aurrean. Bere taldean konfidantza asko du ipinita. «Berdin du. Guk gure onena atera behar dugu eta aurrean dagoenak sufrituko du», azpimarratu zuen NAIZerako barre batekin ahoan. «Taldea horrela ikusita, bai ala bai Koparen bila goaz», gaineratu zuen Liga eskuratu ostean. Hori bai, «gestioak eta emozioak kudeatu» behar dituztela argi zuen.

Lauko Finaleko lau taldeek beste eragingarri bat izan dezakete asteburu honetan. Emakumeen izotz hockeyak aurrerapausoak ematen jarraitzen duela dirudi, eta horren erakusle da lehendabiziko aldiz gizonezko eta emakumezkoen Kopako Lauko Finala asteburu eta toki berean ospatuko dela.

Gizonezkoen larunbateko finalerdiak hauek dira: Jaca-Barça (18.00) eta Puigcerda-Majadahonda (21.30). Finala igandean 16.00etan izango da.

Jacako izotz kirolek aurten 50. urteurrena ospatzen dutelako antolatu da ekimen hau. Hala, Kopako partidez gain, ostegunetik igandera bitartean ekitaldi ezberdinak antolatu dituzte.

Koldo Saenzek uste du «oso oso polita» izango dela ekitaldia, baina bere alde txarrak ere ateratzen dizkio. «Honelako ospakizun bat ospatzeko zoragarri, baina gestio aldetik eromena da. Zortzi talde pista batean, orduak, Aste Santua da, hotelak hartzeko… Azken orduan ibili ginen, ozta-ozta lortu genuen lo egiteko…», kontatu zuen duela aste batzuk entrenatzaileak.

Ainhoa Salillasen iritziz, aurrerapauso «handi bat da». Izan ere, «mutilekin batera jokatzean, nik uste dut jende gehiago etorriko dela ikustera, bisibilidade gehiago edukiko du partida honek eta hori onuragarria da guretzat», azpimarratu zuen bergararrak.