Arnaitz Gorriti

Play-offetan sartzeko aurreneko aukera izango du Lointek Gernika Bizkaiak etxean

Nahiz eta asteartean atzeratutako partida jokatu behar duten bizkaitarrek, azken jardunaldia dute domeka honetan. Partida guztiak 20.00eta hasiko dira. Kutxabank Araskin Laura Pardoren agurra biziko da eta IDK Euskotrenek karanbola bat behar du bosgarren postura itzultzeko.

Kopan egin  bezala, domekan ere Lointek Gernika Bizkaiak Cadi La Seuri irabazi nahi dio.
Kopan egin bezala, domekan ere Lointek Gernika Bizkaiak Cadi La Seuri irabazi nahi dio. (FEB)

Endesa Liga, kostata bada ere, iritsi da Fase Erregularreko amaierara. Datorren asteartean bere garaian atzeratu behar izan ziren bi partida jokatuko dira, tartean Lointek Gernika Bizkaiak Malosten Gironaren aurka jokatu beharrekoa, baina domekakoa da beren Liga Erregularreko azken partida, eta hargatik, neurketa guztiak 20.00etan hasiko dira.

Parte hartzen ari diren hiru euskal taldeen artean Lointek Gernika Bizkaia bera da sailkapen nagusian jokoan gehien duena –hargatik, Teledeportek zuzenean eskainiko du bizkaitarren dema–. Asteazkenean Leganesen kantxan irabazi eta gero, 13 garaipenekin daude Mario Lopezek zuzentzen dituen emakumeak, sailkapeneko zortzigarren postuan; hau da, play-offak jokatzeko mugan. Ikusi egin behar gauzak nola ateratzen zaizkion talde bizkaitarrari, baina Cadi La Seuren aurka jokatu behar duen partidak aukera ezinhobea dirudi zortzigarren postua bermatzeko. Bestalde, garaipen bat gehiagorekin dagoen Estudiantesek berea galduko balu, akaso zazpigarreneraino jauzi egiteko aukeratxo bat izan lezake Gernikako taldeak, baina hortarako madrildarrek Leganesen aurka galdu beharko lukete eta gernikarrek falta zaizkien partida biak irabazi.

Baina inoren akatsak ez daudenez bizkaitarren eskuan, ezin espero besteek eman dezaketen oparirik, norberak etxeko lanak egitea baino. Ikusi egin behar Lleidako taldean Irati Etxarri jokatzeko dagoen, orkatila bihurritu baitzuen duela pare bat aste. Denboraldi honetako hegal-pibot onena izendatu dute jokalari iruindarra eta bere falta asko ari da nozitzen azken neurketetan. Hala, joan zen asteburuan Donostian erraz asko galdu zuten eta baita astean zehar Perfumerias Avenidaren aurka ere.

Jokalari onak ditu Cadi La Seuk Irati Etxarri gabe ere, baina taldeari sekulako sendotasuna eskaintzen dio hegal-pibot nafarrak. Litekeena da katalanek play-offetara begira atseden ematea Etxarriri eta hori da gernikarrek baliatu beharko luketen aukera play-offetan sartzeko. Are gehiago datorren martitzenean Gironaren aurka lan askoz txarragoak izango dituztela, noiz eta Gironak Perfumerias Avenida ahalguztidunari irabazi berri dion unean.

Gogoan izan behar da Kopako final-laurdenetan bizkaitarrek Cadi La Seu menpean hartu zutela, Irati Etxarri sano egon arren. Tinara Moorek sekulako partida egin zuen eta Mario Lopezek planteatu zuen defentsak bikain geratu zuen Etxarri. Hori bai, azken orduan Laura Peña antolatzailearen hirukoekin gorriak ikusi zituzten, eta Malosteko partidari begira, Laura Peña eta Laia Raventos antolatzaile biekin argi ibili beharko da Gernikako taldea.

IDK Euskotren bosgarren izan nahian

Kanaria Handiaren etxean galdu zuen asteazkenean IDK Euskotrenek. Horrez gain, Basket Zaragozak Benbibreren kantxan garaipena lortu zuen. Ondorioz, Aragoiko taldea 17 garaipenekin bosgarren postura igo zen eta, aldiz, gipuzkoarrak seigarrenera jeitsi. Bien arteko puntu aldea donostiarrek beraien alde dute, eta hargatik, Teneriferi irabazten saiatu behar dira Azu Muguruzarenak eta aldi berean Zaragozaren porrotaen zain egon.

Bosgarren edo seigarren amaitu, berez ez legoke alde handirik donostiarrentzat, azken baten play-offetan lekua bermatuta dutelako eta baita Emakumeen Eurocuperako ere, printzipioz.

Alabaina, final-laurdenetan –joaneko eta itzuliko partidak izango dituzten neurketak, ez ahaztu–, errazago dirudi Cadi La Seuri irabaztea –joan zen larunbatean 20 puntuko aldeaz nagusitu ziren donostiarrak eta katalanen etxean, hiru puntugatik bakarrik galdu zuten– Girona edo Valentzia Basketi baino. Girona maila onean ari da amaitzen Fase Erregularra eta Valentzia Basket min hartuta izan duen jendea berreskuratzen hasi da.

Baina ez dirudi talde mañoa oparirik emateko prest dagoenik. Campus Prometeren aurka jokatu behar du etxean eta Errioxako taldea aspaldi konformatu zen mailari beste urtebetez eutsita. Bada, nekez barkatuko du Zaragozak, baina hala gertatuko balitz, mailari azkenean eutsiko diola dirudien Tenerife gainditu beharko du talde donostiarrak.

Hori bai, Kanaria Handiaren aurka baino moldatu beharko dira Azu Muguruzarenak urrutiko jaurtiketan, Las Palmasen 19 hiruko saiakeratik 2 baino ez baitzituzten sartu.

Eskerrikasko, «Laupa»

Fase Erregularra etxetik kanpo amaituko duen euskal talde bakarra Kutxabank Araski izango da. Asteazkenean Ensinoren aurka 59-90 galdu arren, ilusiorik ezingo dute galdu Madelen Urietarenek, Valentzia Basketen kantxara bisita zail askoa egin beharko badute ere.

Asteazkeneko porrotaren ondotik, ez hotz ez bero geratu dira arabarrak eta lehenengo atseden hartu eta gero datorren denboraldia prestatzea izango da Kutxabank Araskiren helburua. Ez da erraza halako kasuetan Valentzia Basket lako talde gogor bati aurre egitea –are gutxiago valentziarrek bigarren postua bermatzeko nahiatez garaipena behar dutenean–, baina era berean, Laura Pardo kapitainari bere agurreko partidan poz bat ematea nahiko diote.

«Laupak» joan zen asteazkenean esan zion agur Mendizorrotzari, nahi baino gehiago okertu zen partida baten ostean izan bazen ere. Dena dela, araskizaleek aurten erakutsi duten jokoa baino gehiago badutela erakutsi nahiko dute, irregulartasuna izan baita Madelen Urietarenak ez hotz ez bero laga dituen gurutzea.

Esan behar polita izango dela Laura Pardoren agurreko partida honetan Valentziak Raquel Carrera pibot gaztea berreskuratzea, abenduan belauneko ebakuntza egin ostean. Pibot galiziarrak 2019/2020 denboraldia Araskin utzita jokatu zuen eta bere talentu itzela behin baino sarriagotan erakutsi zuen. Carrerak berak sarritan onartu du Madelen Urietak konfiantza lehenengotik eman ziola eta horri esker asko hobetu ahal izan zuela urtebete eskasean. Horrez gain, Laura Pardo bezalako jokalari beteranoengandik ere asko ikasi zuen pibot gazteak eta, nolabait esatearren, gasteiztarraren agurrean «erreleboa» emango dio Carrerari behinola «maistra» izan zuen Pardok.