Asier Aiestaran

Unai Lasok arazorik gabe menderatu du Peña II.a eta final-laurdenetan izango da (22-13)

Prestatzeko denbora askorik izan ez arren, aurrelari nafarrak maila bikaina erakutsi du Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan, pilota ongi atzeratuz eta errematean asko asmatuz. Artola, Rezusta eta Jaka edo Irribarria izango ditu aurkari final-laurdenetako ligaxkan.

Unai Laso, Lekeitioko partidan pilota astintzen
Unai Laso, Lekeitioko partidan pilota astintzen (Monika DEL VALLE | FOKU)

Unai Laso Buruz Buruko Txapelketaren final-laurdenetako ligaxkan izango da, gaur Lekeition Jon Ander Peñari 22-13 irabazi ondoren. Bizkarreta-Gerendiango aurrelariak pronostikoak bete ditu final-zortzirenetako kanporaketan eta datorren astean Iñaki Artolaren aurka ekingo dio Rezustak eta Jaka edo Irribarriak osatuko duten ligaxka multzoari.

Unai Laso faborito argia zen gaur Lekeition irabazteko, baina Buruz Burukoa prestatzeko Jon Ander Peñak baino denbora gutxiago eduki izanak zalantza batzu sortzen zituen. Bada, aurrelari nafarrak hasiera-hasieratik uxatu ditu zalantza horiek eta neurketa bikaina jokatu du Santi Brouard pilotalekuan.

Partida hasiera bizia izan da, eta Peñak ere jokatzeko zegoela erakutsi du 1-2 aurreratzeko bi tanto eder eginez: aurrenekoa pilota hormara ongi arrimatuz eta bigarrena horma-biko bikain batekin. Baina Buruz Burukoan horren garrantzitsuak diren lehen takada Lasok lortu du. Nafarrak joko ikusgarria erakutsi du zortzi tanto segidan egin eta 9-2 aurreratzeko.

Sakearekin sekulako minik egin ez arren, Peña deseroso sentiaraztea lortu du, botera zein sotamanoz pilota ongi atzeratu du, eta aurrean aukera izan duen ia bakoitzean errematean asmatu egin du. Guztira 16 tanto izan ditu jokoan eginak, eta beste bi sakez. Zenbaki apartak nahitaez txapela janzteko faboritoen artean sartu beharra dagoen pilotariarentzat.

Jon Ander Peña, aldiz, aurkariaren jokoa moztu ezinda ibili da. Lehen takada horretan atsedena eskatu du 7-2koaren ostean, baina Aitor Aranguren botileroak emandako gomendioak ez dira nahikoa izan egoera aldatzeko. Aukerako pilotaren bat izan duenean ere ez du asmatu tantoa amaitzen, eta horrek konfiantaz galtzen joatea eragin dio. Lehen zati horretan, deigarria izan da Unai Laso behin baino gehiagotan epaileari Peñaren atxikiak eskatzen ikustea.

Markagailua horren zail jarri ostean, ezinbestekoa zen tolosarrarentzat sakea berreskuratutakoan takadaren bat sinatzea, baina hori ere ezin izan du lortu. Sakea da Peñaren arma nagusienetako bat, baina gaur ez dio zuku handirik atera, hein handi batean Lasok errestoan erakutsi duen maila apartaren erruz.

Hala ere, gipuzkoarra ez da erabat irten partidatik eta saiatu da markagailua estutzen. Gantxo on batekin 14-7 hurbildu da neurketaren erdi aldean adibidez, baina Lasoren erantzuna berehalakoa izan da eta Peñak ez du inoiz lortu aurkariaren garaipena benetan arriskuan ipintzea.

Oso atzean bikain gurutzatutako pilotakada batekin egin du Lasok azken 22-13koa, bere lehen helburua lortu eta ligaxkara sailkatzea lortuz.

«Pozik nago garaipenarekin, baina ez naiz eroso sentitu. Denbora asko zen buruz buru jokatu gabe eta kosta egin zait jartzea. Baina eskubiarekin ongi gozatu dut, eta hori oso garrantzitsua da jokamolde honetan, eta Peñaren eskubia bilatzen ere asmatu dut, bere puntu ahula. Orain ligaxkan hiru partida oso polit datoz, gogorrak baina politak, eta ea maila ona ematen dudan», adierazi du nafarrak.

Peñak, aldiz, «sentsazio gazi-gozoak» izan dituela aipatu du. «Hasieran alde egin dit markagailuan, ez dudalako asmatu une jakinetan, eta pena horrekin noa. Gero uste dut hobeto aritu naizela, amaierara arte partidan sartuta jarraitu dut eta alde horretatik pozik egindako lanarekin. Maila honetako pilotariei irabazteko hobetu beharra dago eta horretan saiatuko naiz», onartu du tolosarrak.

Pilotakadak: 216. Partidaren iraupena: 44 minutu eta 59 segundo. Markagailua: 1-0, 1-2, 9-2, 9-3, 10-3, 10-4, 12-4, 12-5, 14-5, 14-7, 16-7, 16-8, 17-8, 17-10, 18-10, 18-11, 21-11, 21-13 eta 22-13. Sakez: 2 Lasok eta 1 Peña II.ak. Jokoan eginak: 16 Lasok eta 8 Peña II.ak. Galdutakoak: 3 Lasok eta 4 Peña II.ak. Gertaerak: Sarrera ederra Lekeitoko Santi Brouard pilotalekuan. Jon Mariezkurrena izan zen Unai Lasoren botileroa eta Aitor Aranguren Jon Ander Peñarena. Lehen sakea, gorri.