NAIZ

Alex de la Iglesiak bere azken filma estreinatuko du ostiralean: ‘Veneciafrenia’

Zuzendari bilbotarrak The Fear Collection zigiluaren lehen filma estreinatuko du: ‘Veneciafrenia’, masa turismoa salatzen duen beldurrezko filma. Zinemetan eta Amazon Primeren bidez ikusi ahal izango da.

Alex de la Iglesia, film baten grabaketan Bilbon, 2021ko urtarrilan
Alex de la Iglesia, film baten grabaketan Bilbon, 2021ko urtarrilan (Aritz LOIOLA | FOKU)

Datorren ostiralean, apirilaren 22an, Alex de la Iglesiaren azken filma zinemetan estreinatuko da. Beldurrezko zinemaren bidez hiri askok jasaten duten masa turismoaren arazoari heldu nahi izan dio. ‘Veneciafrenia’-rekin, The Fear Collection inauguratuko du, Sony Pictures eta Amazon Prime Videorekin elkarlanean martxan jarri duen beldurrezko zigilu berria. Italiako «giallo»-aren berrirakurketa hau zigilua osatuko duten bost filmetako lehena da.

‘Veneciafrenia’-n, De la Iglesiak bost turisten (Ingrid García Jonsson, Silvia Alonso, Goize Blanco, Nicolás Illoro eta Alberto Bang) istorio gorabeheratsua kontatzen du. Veneziara iristen dira hiriko inauteri ospetsu eta masifikatuak ahalik eta gehien gozatzeko prest. Baina hara iritsitakoan, gazteek bertokoen talde baten amorruari aurre egin beharko diote, enoratuak izateaz nekaturik, jentrifikazioarekin eta turisten marabuntarekin edozein modutan amaitzeko prest daudenak.

«Izua ezin hobea da gauzak kontatzeko nabaritu gabe», dio zuzendariak. Garaiko jantzien, izu-oihuen, bufoi hiltzaileen eta, aldi berean, dekoratu erreal eder eta beldurgarrietan ematen diren jazarpen ikaragarrien artean, Dario Argento edo Lucio Fulci bezalako egileen «giallo» usaina duen «slasher»-ean salaketa sozial indartsu bat ezkutatzen du. Suspense eta beldurrezko zinta bat, De la Iglesiaren arabera errealitateak beti gaindituko duena. Batez ere azken bi urteetakoagatik.

«Egunerokotasuna da beldurrik handiena ematen didana. Eta orain egunerokotasunak gidoilariak aldatu ditu, eta badirudi berehalako arrakasta lortu nahi dutela beren gidoi ikaragarriekin. Baina errealitatea da azken urte hauetan bizitzen ari garen guztia», adierazi du zuzendariak Europa Press-i eskainitako elkarrizketa batean. Bertan adierazi duenez, «beti eduki dugun egonkortasun sentsazio faltsua» ez zen erreala, eta aitortu du pelikula hau egitea erabaki zuela ohartu zenean bera, zinema-jaialdiaren markoan hainbat aldiz Venezian egon dela, turista bat gehiago zela».

Ideia film bihurtzeko behin betiko palanka No Grandi Navi mugimenduarekin kontaktua izatea izan zen, urteetako borrokaren ostean, gurutzaontziak eta transatlantikoak Veneziatik aldentzea lortu duen herritarren mobilizazioa.

Zuzendariak zigiluari hasiera eman nahi izan dio zinema-aretoetan estreinatuta, nahiz eta hilabete batzuetako atzerapena izan. «Pantaila handian estreinatu nahi genuen, baina Amazon gabe filma ez zen posible izango». Duela ia hamarkada bat, De la Iglesia eredu hibridoaren alde agertu zen lehen ahotsetako bat izan zen. Eredu horretan, aretoak eta plataformak «ezin hobeto bizi dira elkarrekin».