Elkarrizketa
Guillaume Irigoyen
Baionan Kantuz taldeko kidea

«Guri esker euskarak eta euskal kulturak izan dute beren lekua Baionaren erdian»

Duela 25 urte Baionan Kantuz sortu zutenen artean dago Guillaume Irigoyen. Kulturgilea eta euskararen defendatzailea, hiriburuan euskararekiko eta euskalduntasunarekiko izan diren aldaketen lekuko izan da eta garrantzitsua izan da taldearen lanak euskal kultura eta hizkuntza karrikara jalgi duelako.

Guillaume Irigoyen, Baionan Kantuz taldearen saio batean.
Guillaume Irigoyen, Baionan Kantuz taldearen saio batean. (Bob EDME)

Hilabete bakoitzeko laugarren larunbatean Baionan Kantuz taldeko kideak hiriburuko karriketan elkartzen dira euskal abesti tradizionalak eta klasiko bihurtutakoak abesteko, eta euskarari plaza emateko.

Nola hasi zen Baionan Kantuz?

Baionako ikastolak egin zuen ekimen bat hirian bere burua ezagutarazteko, eta aldi berean, euskal kultura irekitzeko. Une horretan Angelun mutxikoak egiten zituzten, eta guk pentsatu genuen euskal kantuaren inguruan egitea, hilabetean behin hiri erdian. 

Hastapenean bakarka egiten genuen elkar ezagutzeko eta kantak ikasteko, eta gero merkatuan. Hastapenean ez genuen tokirik aurkitzen, beti bazen norbait esateko, ongi zela kantatzea, baina ez haren aurrean. Bi urte geroago Baionako bestetan, jendeak entzun gintuen, hurrengo irailean erabaki genuen merkatuaren galeriara sartzea eta jende askoz gehiago batu zen. Gero sartu ginen ofizialki Baionako besten programan, eta urtean zehar Herriko Etxearen programetan, eta bagenituen galde bereziak. Orduan erabaki genuen atxikitzea hilabeteko laugarren larunbata.

Hasierako guraso horiek ikastolatik atera ginen, eta ikastolarekin adostuta, Tuntuna elkartea sortu genuen.

Euskal kultura eta euskara Baionako karriketan ez zegoen gaur egun bezain presente.

Ez zen hainbeste agertzen.  Ohartu ginen urte horietan peña batzuk hasi zirela CD batzuk egiten euskal kantekin, zeren garai hartan bazen euskal kanten moda. Zenbait herritan ere hasi ziren kantu eskolak, eta hori bilakatu zen euskal kultura mundura ateratzeko modua.

Baiona plaza zaila zen. Batez ere frantsesek esaten zuten ez zela euskalduna, gaskoia baizik; hori aski fite aldatu zen, gu merkatuko galerian hasi ginenean. Adibidez, hainbat artikulu egiten zirelarik Baionari buruz,  anitzetan agertzen zen gure argazki bat, Baionaren ezaugarri bat bilakatu zen. Guri esker euskal kulturak eta euskarak izan dute beren lekua hiri erdian.

Geroztik Euskal Herrian dela esaten dute, eta Iparraldeko hiri nagusia dela. Ez da guri esker, baina dena momentu horretan izan zen. 

Nabari duzu orain beste pertzepzio bat dagoela euskal kulturaren eta Baionan Kantuzen inguruan?

Bai, badira 10 urte-edo aldaketatik. Gero, behar dira horrelako gauzak hazi eta berriz hasi; adibidez, pandemia eta gero, behar izan dugu berriz hasi, zeren eta galdu ditugu gure tokiak.

Guretzat 25. urtea lorpen bat da, noski, baina bada ere berriz abiatzeko momentu bat: orain gaude Euskal Museoaren aurrean, hitzarmen bat sinatuko dugu haiekin, eta kultur lotura desberdina izango da hemendik aurrera. Hor dagoen zuzendaritzak begi onez ikusten gaitu,,  bat egiten du bilatzen duenarekin: ondare bizia eta ondare immateriala.

Zein da Euskal Museoarekin sinatu duzuen hitzarmena?

Toki horretan kantatuko dugula, zenbait ekitaldi berezi egingo ditugula ere, eta errepika publikoak museoaren baitan urtean bi edo hiru aldiz. Euria ari duelarik ere, hitzordu handiak ez direlarik, barnean kantatzeko ahala izanen dugu. Museoaren jarraipena dela Baionan Kantuz, lotua da berari. Baina beti ikastolari lotuak, geure etekinak ematen dizkiegu-eta ikastolei.

Zenbat pertsonak hartzen duzue parte gutxi gorabehera?

250 eta 300 pertsonak modu jarraikian: ez dira beti hor, baina hori da guk ukitzen dugun jendea. Hitzordu batzuetan jende gehiago biltzen zaigu.  

Zuek hasi eta gero, Euskal Herriko beste tokietan ere hasi ziren kalean kantuz. 

Euskal Herri guztian badira horrelako taldeak: Lizarran, Donostian, Barakaldon... Hemen bertan Biarritzen eta Angelun ere ateratzen dira batzuetan. Baionan Kantuz izan zen lehena eta hori bilakatu zen kantu herrikoiari tokia emateko molde berria: lehenengo, ostatuetan edo jaietan egiten zen, modu naturalean. Orain, kantu herrikoiarentzat badira tenore bereziak, musika edo talde zaletasuna dutenen eskutik.

Zein kantarekin hasi zineten?

Badira klasikoak, errango nuke 30 bat bazirela garai hartan eta oraindik ere badirenak. ‘Guk euskaraz’ beti ematen dugu: duela 25 urtetik, Baionan Kantuz bukatzean, kantatzen dugu. ‘Bagare’, ‘Txoriak txori’, ‘Zazpi Euskal Herriak’... horrelako batzuk beti ematen ditugu.

Diskoak egiten zenituzten. Horrekin jarraituko duzue?

Bost CD atera ditugu orotara. orain plataformetan ematen dira, baditugu 70 kanta ere grabatuak, ez direnak plataformetan, eta urritik goiti nahi genioke horri lotu. Gero pentsatzen dugu grabatuko ditugula kanta batzuk: urrats horren egiteko gogoa ere bagenuke urritik goiti.

Zein kantak dute arrakasta handien?

Atera berrikitan dugun batek arrakasta izan du: Sorotan Beleren "Arratsalde honetan". Iparragirreren 100. urteurrena ospatu nahi genuen duela bi urtetik, eta sartu "Gernikako Arbola", nolabait Euskal Herriko himno bilakatu dena: hainbatek hori aldarrikatzen dute, eta guk ere hortik jotzen dugu. 

Monzon, Ken Zazpiren ‘Ilargia’ edo Gozategi anaien ‘Emoztazu musutxue’ ere bai... Urte bakoitzak bere kantak ekartzen ditu, eta urte bakoitzak bere liburutxoa. Estreinatu dugu geure azkena; 70 bat kanturen hitzak agertzen dira normalean.