Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Plataforma kooperatibak, humanoak eta lehiakorrak

Kooperatiben balioak digitalizazioarekin lotzeak zerbait teorikoa eman dezake, baina zehatza eta benetakoa da. Momentu egokian iritsi da, gainera, algoritmo baten aginduetara baldintza negargarrietan ari diren langileei ahotsa eta duintasuna ematera.

Eraman Coop. kooperatibako kideak, Gasteizko beren egoitzaren atarian.
Eraman Coop. kooperatibako kideak, Gasteizko beren egoitzaren atarian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Google, Uber, Amazon eta halako izenek kontrolatzen dute internet. Ez dira 60 enpresa baino gehiago. Horietako aunitz plataforma digitalak dira. Saretik kanpoko benetako negozioetan bitartekari dabiltza. Langile poltsa handiak dituzte, baina ez dituzte langiletzat hartzen. Ez dago gutxieneko soldatarik, aparteko ordurik eta babesik. Enpresak ez du lanerako bitartekorik jartzen, ezta osasun arretarik eta langabeziarako eta istripuetarako asegururik ere. Gizarte segurantzarik ordaindu beharrik ere ez du.

Jendartearen parte bati hagitz erosoak zaizkio eskaintzen dituzten zerbitzu batzuk. Zerbait eskatu eta biharamunean etxeko atarian jasotzea, adibidez. Baina horren gibelean kostu sozial handiak daude, bereziki ikasketa mailarik apaleneko langileentzat.

Konpainia handiok legearen mugan ibiltzen dira sarri eta hausten dutenean ez da akats batengatik izaten. Ez da denborarekin konpontzen, metodo bat delako. Ez dute diru faltarik erakunde publikoei presioa egin eta aldeko legeak lortzeko, ezta ateari bira eman eta Europako Batzordetik Uberrera pasatzeko ere, Neelie Kroes komisarioak egin bezala.

Bertze esplotazio maila bat eta aberastasuna esku gutxiagotan pilatzea ekarri du horrek guztiak, Trebor Scholz adituak baieztatu duenez. Plataforma kooperatibak bultzatzen lan handia egiten ari da estatubatuarra eta berriki Euskal Herrian izan da, Mondragon Unibertsitatearekin. Azaldu duenez, ondasunak edo zerbitzuak saltzeko webgune, aplikazio mugikor edo protokolo bat erabiltzen duten enpresak dira plataforma kooperatibak. Erabaki demokratikoak hartzen dituzte eta langile eta erabiltzaileek plataformaren jabetza partekatzen dute.

Interneten boterea berreskuratzera datoz. Ohiko plataforma digitalen injustiziak agerian jarri eta aukera jasangarri, humano eta sozialak eskaintzera. Lanak pertsonari balioa kendu ordez eman egin diezaiokeela frogatzera. Bideragarriak dira, arrakasta izaten ari dira eta gero eta jende gehiagok babesten ditu munduan.

Trebor Scholz Ameriketako Estatu Batuetako The New School Unibertsitateko ikerlari eta irakaslea. (Platform Cooperativism Consortium)

Jabetza zabala da gakoetako bat

The New School AEBetako Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria da Scholz. Platform Cooperativism Consortium plataforma kooperatibak eratu eta hazteko partzuergoaren sortzaile eta zuzendaria ere bada. Azaldu duenez, ohiko plataforma digitalek zenbait abantaila dituzte: «Lanerako sarbide azkarra ematen dute eta kontsumitzaileei zerbitzu merkea eskaini. Baina ez dira jasangarriak. Banaketa zerbitzuetan, ekonomikoki puztutako enpresek bidaiak merketzen dituzte lehiakorragoak izateko eta sektorea suntsitzen dute. Langileek hagitz soldata baxua jasotzen dute, minimotik urrun, eta ez dakite hilabetero zenbat irabaziko duten, edo irabaziko duten ere».

Erantsi duenez, nagusiak ez dira pertsonak, baizik eta algoritmoak. Hortaz, langileek ez dute zeinekin mintzatu eta aski da erabiltzaile marmarti batek nota txarra jartzea lana galtzeko.

Pandemian, kooperatibak ez diren plataforma digitalek ezberdintasun ekonomikoak handitu dituzte. Horregatik, kooperatiben printzipioak jarraitzen dituzten antolakundeek mesede itzela egiten dutela defendatu du Scholzek. Jabetza zabala da printzipio horietako bat, langile eta erabiltzaileen artean banatzen dena. «Erabaki demokratikoak eta prozesu parte-hartzaileak dira gakoa. Pertsona bakoitzak du ahotsa eta botoa. Horrek balio handia du langileei duintasuna ematen dielako. Berriki mintzatu naiz lehen Uberren lan egiten zuen gidari batekin. Orain kooperatiba batean dabil eta antzera irabazten du, baina lan baldintzak aunitzez hobeak dira. Ez da etengabe kaleratuko duten beldur, enpresaren zuzendaritza antola dezake eta kideek errespetatu egiten dute. Aldea nabarmena da».

Garbiketa eta zaintzaren sektorean kooperatiba ugarik langileei soldatak bikoiztu dizkiela gaineratu du adituak. Hori gertatu da Ingalaterrako Equal Care Cooperativen eta New Yorkeko Un&go-n. Pobrezia arintzeak osasuna hobetzen du.

Plataforma kooperatiba batzuk izurritean jaio ziren. Errate baterako, etxetik atera ezin zuten pertsonei auzoko dendetan erosteko bide eman zieten, eta gero desegin egin ziren. Bertze batzuek aitzinera segitzen dute. Euskal Herrian Eraman Coop., Botxo Riders eta Blokal ditugu, adibidez.

Ekonomia digital kooperatiboa prozesu bat dela azpimarratu du aditu estatubatuarrak, arrakastatsua gainera. «New Yorkeko Driver’s Coop-en 6.000 gidari dira eta haiek kontrolatzen dute enpresa. Lyft-ekin lehiatzen ari dira. Egunkarietako artikulu aunitzek diote plataforma kooperatibak Google eta Apple hiltzen ari direla, baina nire iritziz ez da hala. Arizmendiarreta ez zen konpetentzia suntsitzeko jaio, lehiatzeko eta bazkideen beharrak betetzeko baizik».

Agertu duenez, ez da erraza kooperatibak sortzea eta Mondragon Korporazioak paper garrantzitsua joka dezake horretan laguntzeko. Mondragon Unibertsitateak plataforma kooperatiben inguruko nazioarteko ikastaro bat ematen du The New Schoolekin. Hurrengo edizioa bihar hasiko da, hain zuzen. Hortik harago ere batera sortzen eta bidea egiten segitzen dute, «mugari gabe». Euskal Herrian The New Schoolen anaia-arreba izanen den institutu bat eratzeko lanean ari dira.

Adituak aldarrikatu duenez, ekosistema oso bat sortu behar da, hornidura kate guztia, kooperatiben ikuspegitik. Gero eta herri gehiagok babesten dute hori eta munduko hegoaldera gehiago iristeko asmoz, datorren nazioarteko konferentzia Rio de Janeiron, Brasilen, eginen dute azaroan.

Eraman Coop, hiri jasangarri eta lan baldintza onen aldeko pedalkadak

«Ekaitz perfektua izan zen; Europa iparraldetik etorria nintzen, ingeniaria nintzen, hirien jasangarritasun eta mugikortasunaren inguruan nenbilen lanean, eta zama bizikletak deskubritu nituen. Gasteizen nengoela, pandemiak jo eta Paul ezagutu nuen. ‘Argia’-rentzat erreportaje bat egin zuen banatzaileen lan baldintzak okertzeaz». Hala abiatu zen Eraman Coop. kooperatiba, Juan Latorrek kontatu digunez.

Ahal ziren ekintza guztiak elkartu zituzten, lan baldintza duinak sortzeko, txanda luze eta erosoak izateko, eskari bat sartzeko zain egon gabe.

CoopCycle mundu mailako federazioan sartu ziren. Bertan, denen artean jartzen dute dirua software bat garatzeko; ideiak ere bai, adibidez bezero mota bakoitzari zenbat kobratu. «Ohartu ginen ezin genuela Iruñean edo Bilbon eragin Euskal Herri mailan lan egiten ez bagenuen. Hori dela-eta, CoopCycleren barruan federazio txikiago bat eratzeko lanean ari gara. Kopia daitezkeen ereduak dira eta zabaltzeko elkarbanatu egin behar dugu, sare bat eduki».

Lakuaren oniritzia lortuta, zein eredu erabili aztertzen ari dira eta egunero daude kontaktuan, bezeroak banatzen. Praktikan, martxan dago oraindik izenik ez duen euskal kooperatiba federazioa.

Asanbladan
«Denok berdin kobratzen dugu, beti orduko. Hori garrantzitsua da, banatzaile gehienek egindako entregako kobratzen dutelako. Asanbladan eztabaidatzen dugu bakoitzak zenbat lan egin nahi duen», agertu du Paul Latorrek.

Plataforma kooperatiba bat softwareak definitzen badu, CoopCyclek batzen ditu, baina kontzeptua harago doala eta oraindik definitzeke dagoela uste dute. «Aukera asko dago. Bezeroek bazkide izan behar dute langileekin batera edo langileek bakarrik egin ahal dute? Teoria mailan lantzen ari gara. Egunerokoan sentitzen dugu geure eredua hori ari dela ahalbidetzen, plataforma bat sortzea beste kooperatiba askok erreminta berak erabiltzeko eta denen artean langile federazio indartsu bat eraikitzeko. Benetan edukiko du inpaktua mundu mailan».

Eraman Coop. aunitz hazi da: hasieran lau bazkide ziren eta orain 19. «Konfinamenduko behar asko geratzeko etorri ziren eta masa kritiko hori lortu dugu hiriari beste irtenbide bat emateko. Orain beste arazo batzuk dauzkagu: langileen ordutegiak bat etortzea, enpresako kontuak...».

Bertako jatetxe eta komertzioak, laborategiko laginak… zerbitzu ugari ematen dute, lan baldintza duinetan. «Denok berdin kobratzen dugu, beti orduko, ez banaketako. Asanbladan eztabaidatzen dugu bakoitzak zenbat lan egin nahi duen. Denok gabiltza banatzen. Askoz demokratikoagoa da eta denok ibiltzen baikara euripean, hotza pasatzen. Txamarra on batekin ez dago arazorik; gogorragoa da txanda batean lana ongi ez kalkulatzean sortzen den estresa edo eskaria aurreikustea dirurik ez galtzeko». Ikasten ari dira, gero eta informazio gehiagorekin.