BABESLEDUN EDUKIA

Jaia eta poza berriz ere Txantreako kaleetan

Bi urte luze jairik gabe pasa ondoren, Txantreako bizilagunek benetako jaiak ospatzen ari dira. Ostegun arratsaldeko txupinazoaoso berezia izan da eta horretarako aukeratu duten pertsona ere ez da nolanahikoa izan: Vicenta Irurita, 106 urte egin berri dituen auzotarra.

Txantreako jaiei hasiera eman dien suziria bota duten unea.
Txantreako jaiei hasiera eman dien suziria bota duten unea. (Iñigo URIZ | FOKU)

Pasa den asteburuan ospatu ziren Sanduzelaiko jaiei erreleboa hartuz, asteburu honetan Txantreako jaien txanda da, Euskal Herriko jaien egutegiari hasiera emanez. Ostegun arratsaldean izan da txupinazoa, baina ordubete lehenago Neska-mutil nagusien kalejira abiatu da Auzotegitik, dantzari, joaldun eta erraldoien laguntzarekin. Suziria bota eta gero, kalejira abiatu da Ezkaba plazaraino eta bertan, urteroko brindisa egin dute.

Hurrengo lau egunetan, beraz, mota guztietako ekintzak antolatu ditu Txantreako Jai Batzordeak, horietako batzuk tradizio handikoak. Horrela, ostiral honetan Txokoz Txoko kalejira abiatuko da Kaskallueta elkartetik eta eguerdira arte kalez kale ibiliko dira «poteo eta dantza amaiezin batean» murgilduta.

Larunbatean, kalderete famatuen eguna izango da. Ekitaldi hau da Txantrean jende gehien elkartzen duena, guztira 3.000 edo 4.000 lagun elkartzen baitira marmitako edo untxi kazuelak prestatzeko. Garai batean txapelketa egiten zen kaldereterik onena aukeratzeko, baina azken urteetan, parte-hartzaile kopuru handia zela eta, utzi egin behar izan zioten lehiaketa antolatzeari.

Aurten ere, jai batzordeak dei berezia egin die auzotarrei ingurunea zain dezaten eta dena «aurkitu bezala edota garbiago uzteko». Ondoren, ohiko Karrikadantza abiatuko da elektrotxarangaren laguntzarekin.

Igandean, azkenik, artisau azokaren txanda izango da, baita herri kirol erakustaldiarena eta erraldoi eta kilikien topaketarena ere. Izan ere, urtero bezala, Erraldoi eta Kilikien Konpartsak protagonismo berezia izango du jai egun guzietan, egitarauan ikus daitekeen bezala.

Asteburu honetan, beraz, bada festaz gozatzeko aukera Txantrean. Eta bertara hurbiltzen bazara, ez ahaztu honako establezimendu laguntzaileei bisita egitea:

 

- BAR GAZTELU TABERNA

- EHUNTZE TABERNA

- EZKABA TABERNA

- BAR BAIGORRI

- BENTXI TABERNA

- ZAZPI OKINDEGIA

- KASKALLUETA

- TXANTREAKO JAI BATZORDEA