Arnaitz Gorriti

Zeinek jakin Endesa Ligako finalerdietan euskal talderik ez ote den izango?

IDK Euskotren 56-61ekoari buelta ematen saiatuko da Gironan 20.00etatik aurrera, Gasca kiroldegian jokatu zuen partidan egindako lana jarraituz. Lointek Gernika Bizkaiak nekez irauliko du Malosteko 70-85ekoa Salamancan, baina 2021/22 denboraldi petral honi duintasunez esan nahi dio agur.

Maria Españak badaki IDK Euskotrenek lan zailak dituela, baina itxaropenik badauka oraindik.
Maria Españak badaki IDK Euskotrenek lan zailak dituela, baina itxaropenik badauka oraindik. (Iñigo URIZ / FOKU)

Teoriak dio «kale edo bale», IDK Euskotrenek eta Lointek Gernika Bizkaiak finalerdietara pausoa luzatzeko azken aukera izango dutela ostegun gauean Spar Girona eta Perfumerias Avenidaren aurka. Baina praktika eta errealitatea askoz ezkorragoa da; gernikarrek denboraldiari agur esango diote miraririk tarteko ez bada eta gipuzkoarrek, bere aldetik, Josean Gasca kiroldegian ihes egiten laga zion abaguneari nekez emango diote buelta Fontajaun. Zeinek jakin, ordea, finalerdietan euskal talderik ez ote den izango?

Jokatzen aurrena Azu Muguruzaren taldea izango da, ostegun honetan 20.00etan hasiko baita Girona eta IDK Euskotrenen arteko lehia. Ezin esan igandeko partidako 56-61 emaitzak itxaropenari zirrikiturik ez dionik lekurik uzten –bost puntuko abantailaz irabaztea nahikoa luke talde donostiarrak baldin eta 62 puntu edo gehiago sartuta irabaziko balu–. Marian Coulibaly eta Laura Corneliusen bitartez, donostiarrek estu hartu zuten talde katalana, aurreneko laurdenean partidari 10-19 atzetik ekinagatik. Azken minutuetan markagailua berdintzea ere erdietsi zuten gipuzkoarrek, baina azkenean Alfred Julberen taldea gailendu zen Magali Mendy eta Kennedy Burkereri esker.

Bada, itzulerako partidari begira, talde biek badakite aurkariarengandik zer espero; kontua, kasu horretan, norbere buruarengan egongo da gakoa. Esaterako, Azu Muguruzarenek hamabi hiruko saiakeratik bi baino ez zituzten sartu eta Lauren Cox bezalako jokalari garrantzitsu batek oso egun petrala izan zuen, aurkarien defentsak oztopatuta, eta lau puntu baino ez zituen sartu. Maria España eta Yurena Diaz bezalako jokalariek ere puntu gehiago sartu beharko dituzte Fontajaun donostiarrek kanporaketari buelta emateko aukerarik izango badute.

Donostiara aurten iritsi bada ere, Maria España Almendro hegalekoa IDK Euskotrenen kapitainetako bat da. Mallorcako hegalekoaren iritziz «kanporaketa zabalik dago oraindik. Lastima litzateke denboraldia hain azkar amaituko balitz, baina talde honek ez du amore ematen eta dagoeneko sobera erakutsi dugu nornahiren aurka lehiakor izan gaitezkeela».

Gertatzen dena gertatzen dela, «Gironara bidaia berezia izango da taldearentzat», iritzi dio Maria Españak. «Taldekideen artean konplizitate handia dago eta pena emango liguke denboraldia hemen itxi beharrak. Azkeneraino saiatuko gara gutxienez»

«Taldea izan, galduta ere»

Askoz lan txarragoak ditu Lointek Gernika Bizkaiak. Ez da bakarrik Malosten 70-85 galdu zutela domekan Perfumerias Avenidaren aurka, ezta ere Bjorklund eta Alberdi gabe, aurreneko taldeko zortzi kide baino ez dituela talde bizkaitarrak. Egiari zor, ostegunean 20.30etan hasita ikusiko dena partida baino Salamancako taldearen «bakarrizketa» bat, edo ikusle eta guztiko entrenaldi bat izan liteke, eta lastima litzateke hain denboraldi gogorra horrela amaituko balitz Gernikako taldearentzat.

«Berdin dio zein emantza jazotzen den, gugan sinetsi behar dugu», iritzi dio neurketa bezperan Mario Lopez entrenatzaileak. «Ezinezkorik ez dago, baina egia da orain arte play-offen historian Perfumerias Avenidak ez duela etxean 10 puntu baino gehiagogatik galdu. Beraz, 15 puntuko desabantailari buelta ematea ezinezkoa dirudi. Dena den, gugan sinetsi behar dugu eta defentsan zein erasoan partida perfektoa jokatu, ea horrela aukerarik irekitzen zaigun», gaineratu du.

Malosteko partidako aurreneko laurdena nahikoa izan zen egun Salamancako taldearen eta gernikarren arteko aldea zein den bistaratzeko: 13-34 amaitu zen norgehiagoka eta handik aurrera, bizkaitarrek nahikoa lan izan zuten azken minutuetan markagailua apur bat itxuratuta. Horrez gain, Naiara Diezi azkenean egin zitzaion omenaldiak eta Paule Loroño eta Nile Mugira harrobiko jokalariek debuta egin ahal izatea pozteko moduko kontuak izan ziren.

Esan beharrik ez dago zenbat kosta zaion Lointek Gernika Bizkaiari play-off hauetara sailkatzea, hain denboraldi gogorra iragan ostean. «Etxetik kanpo batez ere, gauzak gaizki joaten hasi direnean, talde moduan jokatzeari laga diogu, eta hori da Perfumerias Avenidaren aurka saihestu behar dugun aurreneko gauza. Galduta ere, talde moduan jokatu behar dugu, hasi eta buka», azpimarratu du zentzu horretan Mario Lopezek, jakitun ez dela mirari ezinezkorik etorriko, baina duintasunez agurtu nahian 2021/22 denboraldia.

Gainontzeko bi final-laurdenetan, Valentzia Basket eta Estudiantesen arteko dema 59na berdinean iritsi da –joan-etorriko partidak izatera, ez zen luzapenik jokatu Madrilen– eta, aldiz, Cadi La Seuk erabat bideratu zuen bere kanporaketa Basket Zaragozari 57-75 irabazi ostean, Irati Etxarri itzuli eta Laia Raventos antolatzailearen partida bikainari esker.