Maider Iantzi Goienetxe

«No tengo que hablar vasco», mila aldiz kopiatua

1966an Tolosako Bedaion ia inork ez zekien erdaraz, baina haur batek mila aldiz kopiatu behar izan zuen «En la escuela no tengo que hablar vasco». Euskaldunek jasotako zigor ugarien adibide bat da, Kike Amonarrizek ekarria. Kontatu digunez, inoiz ez du txio batekin halako oihartzunik izan.

Bedaioko 12 urteko ume batek mila aldiz kopiatu behar izan zuen «En la escuela no tengo que hablar vasco» esaldia bere koadernoan.
Bedaioko 12 urteko ume batek mila aldiz kopiatu behar izan zuen «En la escuela no tengo que hablar vasco» esaldia bere koadernoan. (@KikeAmonarriz)

‘Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat’ leloarekin manifestazioa deitu du Kontseiluak larunbat honetarako, Iruñean. Atxikimendu aunitz biltzen ari da deialdia, tartean Kike Amonarriz Topaguneko eta Galtzaundiko lehendakariarena. Maiatzaren 7an, 17.30ean Antoniutti parkean elkartzera animatzearekin batera, honako txio hau ere idatzi du euskaltzaleak:

 

NAIZi kontatu dionez, lagun batek erakutsi zion argazkia, eta segituan bururatu zitzaion ederra litzatekeela twitterren zabaltzeko. Adiskideari baimena eskatu eta hala egin zuen, baina etorriko zen erreakzio kate luzea batere espero gabe.

«Flipatuta nago zein zabalkunde izan duen, ez dut halakorik ezagutu», aitortu digu. Euskal Herritik soilik ez, Katalunia, Asturias eta herri gehiagotatik ere iritsi dira komentarioak eta lekukotza ederrak, baita errealitatearen ukazio «mundialak» ere: ‘Eso es mentira’.

Gaurko gazteei ezezaguna suerta dakieke agian, baina garai batean ohikoa zen euskaraz aritzeagatik zigortzea, eta Amonarrizen mezua irakurrita batek baino gehiagok berritu ditu oroitzapenak, edo etxean aditutako kontuak.

Frankismoan euskara debekatu zenetik 85 urte pasatu direla gogoratu, eta artikulu bat plazaratu du Francesc Bonastrek:

 

 

Pello Salaburuk hala erantzun dio, beste dokumentu bat atxikiz:

 

 

Gertatu zenari ‘Gernika kulturala’ deitu dio Jon Maiak. Eta, tamalez, garai hartan guraso eta aiton-amonek hizkuntza mantentzeko eta transmititzeko zailtasun nabarmenak izan zituztela ekarri du gogora Izaskun Kamiruagak.

«Zenbat horrelako, eta gainera Tolosara jaitsi eta hangoek ere burla», partekatu du Onintzak. «Eskerrak gauzak onerako, asko aldatu diren».

Juan Carlos Borboikoaren esaldia oroitu duenik ere izan da: «El castellano nunca fue lengua de imposición».

Intxortak film bat gomendatu du: ‘Las llaves de la memoria’.

 

 

Antoni Gaudi arkitekto ospetsuari gertatua oroitu du beste txiolari batek. 1924an atxilotu zuen poliziari gaztelaniaz mintzatzeari uko egiteagatik. Ordu batzuk eman zituen ziegan eta isun bat ordaindu behar izan zuen.

Urruneko kontuak dirudite, baina badute gaurkotasuna. Horren erakusgarri dira larunbatean Iruñean salatuko diren euskaldunen eskubide urraketak. Ezin ukatu hala ere aitzinera goazenik, euskararen erabileran, ezagutzan zein aldekotasunean. Eta hori indartzera etorriko da ostegun honetan Durangon aurkeztuko den Euskaraldia.