NAIZ
Bilbo

Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioak egingo ditu maiatzaren 26an

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizaziora deitu du maiatzaren 26an Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean aberastasunaren banaketa aldarrikatzeko, energiarako eskubidea bermatzeko, zerbitzu publikoak defendatzeko eta burujabetzaren alde egiteko.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren prentsaurrekoa.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren prentsaurrekoa. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak agerraldia egin du asteazken honetan Bilbon azken hilabeteetan landu duen birkokapen sozialaren berri emateko eta bizitzaren garestitzearen aurrean martxan jarriko dute mobilizazio dinamika berria aurkezteko. Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren ondokoak eta Igor Arroyo LABeko idazkari nagusiaren ondokoak egin dituzte adierazpenak.

Hasteko, herritarrak jasaten ari diren prezioen igoera handia izan dute aipagai eta nabarmendu dute arazoa egiturazkoa dela: «Iazko inflazioa (%6,5) koiunturala zela esan ziguten. Ez zen egia. Eta orain, urte arteko KPIa %9,8ra iritsi denean, Putinen eta Ukrainako gerraren errua dela esaten digute. Hori ere ez da egia. Prezioen gorakadaren %70 Ukraniako gerra baino lehen gertatua zen. Bizitzen ari garen inflazioaren jatorria egiturazkoa da, sistema kapitalistaren berezko espekulazioagatik edo elektrizitatearen prezioak finkatzeko sistemagatik».

Gaur egun, milaka langilek, pentsiodunek edo prestazioak jasotzen dituzten pertsonek, «bereziki emakumeek, gazteek eta pertsona migratuek», pobreziaren atalasearen azpitik dauden diru sarrerak dituztela salatu dute.

Hala ere, botere ekonomiko eta politikoek pobrezia zabaltzen jarraitu nahi dute, aberastasuna gero eta esku gutxiagotan metatzen eta beraz, biztanleriaren gehiengoa are gehiago txirotzen, langile eta herritarron erosahalmena erasotuz. Hori gutxi balitz, orain, eztabaida zergak jaistean zentratu nahi dute batzuk», gaineratu dute.

Egoera honen aurrean, eta Soldaten, pentsioen eta gizarte prestazioen erosahalmena defendatzeko, mobilizatzeko beharra azpimarratu du Eskubide Sozialen Kartak. Horregatik, manifestazioak egingo ditu maiatzaren 26an, arratsaldeko 19.00etan Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean ‘Bizitza duinak ez du preziorik!’ lelopean.

Aldarrikapenak

Mobilizazio dinamika honek 6 puntu nagusi izango ditu:

- Langileen eroshalmenari eusteko soldatak eta pentsioak defendatzea gutxienez KPI errealaren igoerarekin eta produktu energetiko guztien prezioak kontrolatu eta mugatzea.

- Energiarako eskubidea bermatzea. Honetarako hainbat neurri eskatzen ditu Karta Sozialak: Energia sektorearen publifikazioa, kontrol publikoa eta soziala; elektrizitatearen prezioa ezartzeko sistema marginalista aldatzea; konpainia elektrikoek jasotzen dituzten ezkutuko bidesariak kentzea; eta trantsizio energetikoa demokratikoki planifikatzeko bideorria.

- Zerbitzu publikoen defentsa: Kalitatezko Zaintza Sistema Publiko Unibertsalaren eta Doako Sistemaren bidez, «pertsona guztiek bizitza osoan beren zaintza-beharrak beteta izan ahal izateko»; osasun zerbitzu publikoek herritarren beharrei erantzun egokia eta kalitatezkoa emango dietela bermatzea; hezkuntza sistema publikoaren defentsa, hezkuntzara bideratutako aurrekontua Europako batez bestekoarekin parekatuz; eta Unibertsitate publikoko tasen jaitsiera.

- Babes sistema hedatu eta sakondu. Alde batetik, kalitatezko etxebizitzarako sarbide unibertsala bermatzea, alokairuaren prezioa mugatzea, etxebizitza parke publikoa handitzea, etxegabetzeak gelditzea eta okupazioa despenalizatzea eskatzen du. Eta bestetik. pentsio sistema publikoa indartzea.

- Aberastasunaren banaketa: Zerga erreforma egin; enpresen mozkinengatik, aberastasunarengatik eta errenta altuengatik ordaindu beharreko zergak nabarmen handitu; eta zorra publikoaren auditoria egitea.

- Burujabetzan aurrera egin: «Sektore estrategikoak, babes sistema eta lan merkatua arautzeko eskumenak behar ditugu. Ezinbestekoa izango da elikadura burujabetza, burujabetza energetikoa etab. sustatzea».