NAIZ

Sei bikotek hartuko dute parte erremonteko XII. Sagardoaren Txapelketan

Goikoetxea V-Barrenetxea IV (Oialume Zar), Urriza-Zubiri (Larre-Gain), Aldabe-Larrañaga (Bereziartua), Ezkurra II-Zaldua I (Gurutzeta), Segurola-Azpiroz (Petritegi) eta Ansa II-Juanenea (Setien) izango dira nor baino nor arituko direnak datorren astelehenetik aurrera.

Gaur egin den aurkezpen ekitaldiko argazkia
Gaur egin den aurkezpen ekitaldiko argazkia (Maialen ANDRES | ORIAMENDI)

Sei bikotek sei sagardotegi desberdin ordezkatuz hartuko dute parte gaur aurkeztu den erremonteko XII. Sagardoaren Txapelketan. Goikoetxea V-Barrenetxea IV (Oialume Zar), Urriza-Zubiri (Larre-Gain), Aldabe-Larrañaga (Bereziartua), Ezkurra II-Zaldua I (Gurutzeta), Segurola-Azpiroz (Petritegi) eta Ansa II-Juanenea (Setien) izango dira nor baino nor arituko direnak.

Bikote denak denen aurka jokatuko dute hasierako ligaxkan eta lehenengo lau sailkatuak finalerdietara sailkatuko dira eta azkeneko bi bikoteak kanporatuak izango dira. Partidu guztiak 30 tantura jokatuko dira eta sailkapena puntuen bidez erabakiko da. Garaileak lau puntu batuko ditu, 29-27 tantu artean geratzen denak bi, 26tik-24 tantura puntua, 23tik 17 tantura punturik ez eta 16 edo gutxuago tantu egina puntu negatiboa.

Lehiaketa ETBko “Erremontari” saioaren barruan kokatuko da, eta horregatik partida guztiak astelehenetan jokatuko dituzte Galarretan, bi partida jaialdi bakoitzean. Lehenengo jardunaldia datorren astelehenean, apirilaren 25ean, izango da. Bigarrena maiatzaren 2an jokatuko da. Hirugarrena maiatzaren 9an. Laugarrena maiatzaren 16an. Bosgarrena, maiatzaren 23an. Seigarrena, maiatzaren 30ean. Zazpigarrena, ekainaren 6an. Finalerdiak ekainaren 13an, ligaxkako lehenengo sailkatua laugarrenaren kontra eta bigarrena hirugarrenaren aurka, eta garaileak ekainaren 20ko finalean elkartuko dira txapela erabakitzeko.

Urriza-Zaldua (Bereziartua) izan ziren pasa den urteko garaileak finalean Ansa II-Labaka (Setien) 30-22 garaitu eta gero. Aurtengo txapelketak maila altuagoa izango du Ezkurra II, Azpiroz eta Aldabe bezalako erremontistak txapelketan sartu eta gero.