NAIZ

Nafarroaren Eguneko eraso sexistaren aurkako manifestazioa deitu du Basaizea elkarteak

Apirilaren 30ean, Baigorrin ospatu zen Nafarroaren Egunean sexu erasoa jasan zuela jakinarazi zion emakume batek Basaizea elkarteari. Honek, sostengua ematearekin batera, manifestazioa antolatu du larunbaterako, maiatzak 14. Musikarien gibeletik egindako ibilbide bera eginen dute, baina haserre.

Nafarroaren Eguna joan den apirilaren 30ean ospatu zen Baigorrin.
Nafarroaren Eguna joan den apirilaren 30ean ospatu zen Baigorrin. (Guillaume FAUVEAU)

Iragan apirilaren 30ean Baigorrin ospatu zen Nafarroaren Eguneko gauean, sexualki erasotua izan zela jakinarazi zion joan den astean emazte batek Basaizea elkarteari. Bertako kideek, lehenik eta behin, «sostengu osoa» erakutsi diote eraso sexista pairatu duen eta salatzeko indarra ukan duen emazte horri.

«Nafarroaren Eguna besta bat da, elkarren arteko errespetuan iragan behar lukeena, berdintasunean eta segurtasun osoz bizi behar ginuekeena», nabarmendu du Basaizea Kultur Batasunak maiatzaren 7ko data duen bere idatzian.

Azkar erantzuteko premia

Elkarteak azaldu duenez, edozein motatako erasoak onartezinak dira eta gertatu denari erantzun azkar bat eman behar zaio, halakorik berriz ere gerta ez dadin.

Basaizea elkarteko kideek erran dute «kexu handiz» hartu dutela albiste larri hau, eta horren salatzeko eta beren haserrea oihukatzeko manifestatzera deitu dute heldu den larunbatean, maiatzaren 14an. Hitzordua goizeko 11.00etan jarri dute, Baigorriko herriko etxeko plazatik abiatzeko. «Duela aste bat musikari eta ziganteen gibeletik ginabiltzanok, ibiakoitzean haserrez eginen dugu bide bera», adierazi dute.