NAIZ

Amazon multinazionalak atzera egin eta ez du Oiartzunen gune logistikorik izango

Udalean erregistratutako dokumentu baten bidez, Amazonek jakinarazi du Oiartzunen gune logistikoa ezartzeko asmoa bertan behera uzten duela. 

San Jose garraio-enpresarena izandako eraikin honetatik aritzeko asmoa zuen Amazonek. (SJL)
San Jose garraio-enpresarena izandako eraikin honetatik aritzeko asmoa zuen Amazonek. (SJL)

Oiartzungo Lanbarren eremuan Amazonek gune logistikoa jartzeko asmoa zuen baina egitasmoak ez du aurrera egingo, bertako Udalak ostegun honetan jakinarazi duenez.

Proiektua bertan behera utziko duela adierazten duen dokumentua asteazkenean erregistratu zuen multinazionalak Oiartzungo Udalean, maiatzaren 11ko datarekin, eta han azaltzen zuen «Estatu mailako antolaketa eredua birplanteatu dutela eta ez dutela hemengo zentroaren beharrik».

Amazonek Lanbarrengo parke logistikotik aritzeko egitasmoa zuela zabaldu egin zen, aurretik San Jose garraio-enpresarena zen lursailean, hain zuzen ere. Ondoren, inbertsio funts batek erosi zuen konpainia eta eremu honetan lurraren deskontaminazio lanak egin ditu jabeak bitarte honetan.

Enpresa gehiago interesatuta

«Partzela honen nagusiak Udalari adierazi dio hainbat garraio-enpresa partzelan interesatuak daudela beraien aktibitatearen ezarpenerako», gaineratu du Udalak publiko egin duen oharrean.

Herriko Hirigintza planeamenduaren (HAPO) arabera Lanbarrengo eremu horretan soilik jarduera logistiko edo/eta industriala baimentzen da.

Iazko otsailean aho batez onartu zuen Oiartzungo udalbatzak (EH Bildu eta EAJ) Amazonen aurka eta komertzio txikien aldeko mozio bat.

Amazonen etorrerak ekar litzakeen kalte erantsiak ekidin direla ematen du eta, ildo horretan, Udalak azpimarratu du herriaren garapen industrialaren eta komertzio txikien sustapenean jarraituko duela.