NAIZ

Azkarateko Ainciburu familiaren ondasunen salmenta oztopatu dute Baionako Auzitegian

Ainciburu familiaren ondasunak saltzeko enkantea igarotzekoa zen gaur arratsaldean Baionako Auzitegian. Azkaraten kokaturik den Etxeberria etxeari buruzko salmenta hasi denean audientzia gelan ziren hamarnaka lagun oihuka hasi dira eta jujeak bertan behera utzi du salmenta.

Herritarrak trumilka heldu dira Baionako auzitegira espekulazioa salatzeko.
Herritarrak trumilka heldu dira Baionako auzitegira espekulazioa salatzeko. (Guillaume FAUVEAU)

Azkarateko herrian bizi ez bada ere bertan ondasun handiak baditu Ainciburu familiak.

Oinordekotzari buruz adosasunik ez dagoenez, ondasun horiek zatitu ondoren enkantean saltzeko erabakia hartu zuen badira hainbat hilabete Baionako epaitegiak.

Gaur arratsalderako ezarria zuen hitzordua epaileak. Orotara 31 hektarea laborantza lur, etxe bi eta Baigorri-Ortzaize eskualdeko herriaren muinean dauden bertze hainbat orube enkantearen bidez saltzeko hitzordua 14.00etan ezarria zen.

Ondasunen balorea 164.000 euroan estimatua da. Izan ere espekulazioak gora eraman zezakeela prezioa oharrarazi zuten lehenagotik ere laborantza lurrak babesteko jarduten duten eragileek.

Horrendako, audientzia hasi baino ordubete lehenago jendez bete da auzitegiaren kanpoaldea, ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak luzaturiko mobilizazio deiari erantzunez.

Jakin behar da Azkarateko Herriko Etxeak ondasunetaz jabetzeko asmoa agertu zuela. Izan ere, familiak eskaintza errefusatu zuen enkantearen bidezko salmenta desmartxarekin jarraitzeko hautua eginez.

Gauzak horrela Herriko Etxeak enkantera bertaratzeko asmoa zuela iragarri zuen.

Iragan maiatzaren 3an antolaturiko agerraldia egin zuen Azkarateko Udalak salmentaren aurrean tokiko erakundeak hartuko zuen jokabidearen berri emateko.

Philippe Etchenique auzapezak argitu zuenez, lehen unetik Ainciburu familiaren ondasunaz jabetzeko urratsa egin zuen Herriko Etxeak. Horretarako Safer eta EPFL egituren laguntzaz ondasunen gaineko prezio estimazioa gauzatu zuen horren berri famiiari emanez.

Familiak helarazitako eskaintza errefusatu egin zuelako damu azaldu zen auzapeza, herriak behar dituen hainbat egitasmo martxan jartzeko baliatu nahi zituelako Udalak ondasun horiek.

Hamarnaka lagunen babesarekin eginiko prentsaurreko horretan –besteak beste hauteskunde legegileetan Emmanuel Macronen alderdiaren hautagai izanen den Annick Trouday bertan egon zen–, espekulazioaren arriskuaz oharra egin zuten herri agintariak.

Gauzak horrela, gaurko audientziak ikusmin handia sortu zuen. Horren lekuko, Baionako auziegira bertaraturiko jende parrasta.

«Euskal Herria ez da salgai»

Ondasunak zatitu direnez, epaileak atalka hasi da salmentarekin. Hain zuzen Etxeberria etxea salgai jarri denean hasi da gelan ziren hamarnaka lagunen protesta.

Orduan herritarrak «Euskal Herria ez da salgai» oihukatzen hasi dira. Epailea gelatik atera da eta ondorioz eten egin da enkantea.

Handik denbora batera, «auzia egiteko lasaitasun baldintzarik ez dagoela» adierazi ondoren salmenta prozedura heldu den irailaren 8ra arte gibelatzea deliberatu du auzitegiak.

Gaurko mobilizazioa babestu duen etxebizitzaren eskubidearen alde eta espekulazioaren kontra jarduten duen Alda! mugimenduak txalotu egin du «behin behineko garaipena».