Jon Ormazabal

Jokatzeko moduan izan arren, Ihauterietatik Euskal Herrian zuriz jantzi gabe dago Mikel Larunbe

2022 osoan sei partida baino ez ditu jokatu Galdakaoko atzelariak eta gaur jokatu du zazpigarrena, Santo Domingo de la Calzadan. Victor lagun, 22-19 irabazi diete Elordi-Salaverriri

Mikel Larunbe, eskuinaz Lekeition pilota bat astintzen.
Mikel Larunbe, eskuinaz Lekeition pilota bat astintzen. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Buruz Burukoan dihartduten pilotariek azken egunetako lan kargak nola kudeatu dabiltzan bitartean, txapelketetatik at geratu diren pilotariek, atzelariek bereziki, zuriz janzteko hamaika arazo dituzte. Andoni Aretxabaletak, esaterako, martxoa eta apirila artean sei aste ere eman zituen partidarik jokatu gabe, baina muturreko egoerarik badago, hori Mikel Larunberena da. Izan ere, jokatzea galerazten dion inolako arazo fisikorik gabe, Tolosako Ihauterietako asteartean –martxoaren 1a- jokatu zuenetik, Euskal Herrian zuriz jantzi gabe dago atzelari galdakoztarra.

Gure frontoietatik kanpo ere, ez pentsa egoera askoz hobea izan denik 2017ko Binakako txapeldun ordearentzat. Partida bakarra jokatu zuen, maiatzaren 7an Salamancaco Aldearodrigon –Zubizarretarekin 22-18 irabazi zieten Arteaga-Salaverriri– eta gaur gauean berriz aritu da, berriz ere gure mugetatik kanpo –Santo Domingo de la Calzadan– eta telebistarik gabe. Victor errioxarekin 22-19 irabazi diete Elordi eta Salaverriri. Berez, apirilaren 30ean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatzeko iragarria izan zen, baina azkenean jaialdi osoa bertan behera geratu zen, Jokin Altunak Ezkurdiaren aurkako partida jokatzeari uko egin ostean enpresek asteburua berregokitu ostean.

Urteko balantzea ere oso da eskasa Larunberena, gaur arratsaldekoa 2022. urteko zazpigarrena baino ez baitu izango.

Grebaren ondorenak

Edozein kirolarik bere errendimenduan gora-beherak dituen arren, Larunberen baztertze honetan ez dirudi kasualitatea galdakoztarrak Baikoko pilotariek egindako greban izan zuen jarrera aktiboak. Aste honetan Iñaki Iza pilotariak Anboto aldizkarian gogoratu duenez, Larunbe bera izan zen, 2020ko udan, ETBren kameren aurrean, enpresaren jarrera publikoki salatzen lehena, kasu hartan Promozio txapelketa irabazi berritan, Eskirozi kontratoa berritu ez izanagatik.

Handik gutxira lehertu zen lan gatazkan ere lehen lerroan izan zen Larunbe eta negoziaketa prozesuan bera eta Ibai Zabala izan ziren pilotarien ordezkariak enpresarekin izandako bileretan. Berriztarrak pasa den uztailean utzi zuen pilota profesionala, Larunberi aurten amaitzen zaio kontratua eta, ikusitakoak ikusita, zail dirudi lan hitzarmena berritzea eskainiko diotenik. Pilotari zornotzarrak iritzi artikulo horretan aipatzen duenez, Larunbe izan zen greba eta gero osatu zen pilotarien elkarte horretara batu ez zen bakarra, «ez zuen onartu, besteak beste, enpresa-batzordea eratu ondoren, beste batzuen artean negoziazioak Olaizolak eta Urrutik sortutako elkarte baten bitartez egitea» eta elkarte horren elkartasun keinuren bat faltan botatzen du.