Arnaitz Gorriti

«Polita litzateke 2014/15 denboraldiaz geroztik aurrenekoz play-offetara iristea», dio Mumbruk

Erabat bere eskuan ez badago ere, Surne Bilbao Basketek Fase Erregularra zortzigarren amaitu lezake. Bada, aukera hori probesteko helburuz, zaleen babesa eskatu du beltzezko gizonen entrenatzaileak. «Polita da azken partidara aukerekin iristea, aukera murritzak izan arren», esan du.

Zaleen laguntza eskatu du Mumbruk play-offetarako aukerak zukutzen saiatzeko.
Zaleen laguntza eskatu du Mumbruk play-offetarako aukerak zukutzen saiatzeko. (Aritz LOIOLA / FOKU)

«Polita da play-offetan sartzeko aukerekin amaitzea Liga, nahiz eta aukera hauek oso murritzak diren». Esaldi horrekin laburbildu du Alex Mumbruk Surne Bilbao Basketen jarrera ACB Ligako Fase Erregularreko bezperan.

Esan bezala, ACB Ligako titulurako kanporaketetara sailkatzea ez dago Bilbao Basketen esku. Hasteko eta bat, Betisi irabazi behar dio talde bizkaitarrak eta hori bera ez da erraza izango. Sevillakoak maila galtzetik libre dira, pasa den asteartean Kanaria Handiari 93-86 irabazita. Shannon Evans antolatzaile estatubatuarra fitxatzea bedeinkazioa izan da Luis Casimirok entrenatzen duen taldearentzat. Esaterako, Kanaria Handiaren aurka 28 puntu eta 17 asistentzia lortu zituen; ez da Betisen erreferente bakarra, baina bai nahitaez aintzat hartu beharrekoa.

Alabaina, Bilbao Basketek garaipena lortzea ez da nahikoa. Kanaria Handiak galdu egin behar du, hasteko eta bat; jakina da Porfi Fisac eta talde horia denboraldia amaitzeko amorratzen daudela Segoviako entrenatzaileak taldea uzteko, baina gutxienez play-offetan sartzeko ahalegina egingo dute, eta bestetik, Real Madrilek Euroligako Final Fourra gogoan izango du. Datorren ostegunean Bartzelonaren aurka jokatu behar du Belgraden eta Pablo Lasok ez du taldea %100ean zukutuko.

Horrez gain, Sito Alonsoren UCAM Murtziak ere nahitaez galdu egin beharko du Bilbao Basketek zortzigarren postu desiratua eskuratuko badu. Murtziarrek Basket Zaragozaren aurka jokatuko du. Aragoiko taldea maila galtzeko kinka larrian dago, Fuenlabrada, Andorra eta Burgosekin batera eta, bada, murtziarrek gogotik ahalegindu beharko dute garaipena eskuratzeko.

Joan Sastreren hiruko hura

«Egia da duela bi urteko burbuilan izan ginela, baina fase hartara oso makal iritsi ginen, pandemiaren erruz. Pandemiaren etenaldia baino lehen, berriz, egokiera ederrean geunden play-offetara iristeko, baina azkenean beste era batera jokatzea tokatu zitzaigun. Bada, esan dezakegu 2014/15 denboralditik hona Bilbao Basket play-offetarako ez dela sailkatu eta zaila izan arren, gure zaleei opari hori egiten saiatu behar dugu», gaineratu du Badalonako entrenatzaileak.

Azken jardunaldiko karanbolak tarteka gertatzen dira, baina ez beti onerako. Alex Mumbru kantxan zen 2016ko maiatzaren 22an. Egun hartan Raul Lopez handiaren azken partida izan zen eta neurketa amaitu berritan omenaldi hunkigarria egin zioten Viceko aztiari. Alabaina, partida hura Basket Zaragozak 72-73 irabazi zuen, Sito Alonsok zuzentzen zuen Bilbao Basket play-offetatik at lagata.

Porrota bera baino mingarriagoa izan zen nola gertatu zen bera gogoratzea. Hasteko, 16 puntuko aldeari ihes egiten laga ziolako talde bilbotarrak. Raul Lopezen omenaldia partida jokatzen ari zen bitartean hasi zen –«31» zenbakiarekin jokatzen zuen antolatzaile katalanak eta 31. minutuan minutuko txalo zaparrada eskaini zion goitik behera bete zen Bilbao Arenak, jokoa bertan geratzea lortuz– eta horrek erabat apurtu zuen bilbotarren kontzentrazioa.

Hala, markagailua 68-52 egotetik, partida azken minutura 70na berdinduta iritsi zen. 72-70 aurrea hartu zuten bizkaitarrek, Raul Lopez berak eta Alex Mumbruk jaurtiketa libre bana saskiratuta, baina era berean, jaurtiketa libre bana huts egin zuten, gauza arraroa ordurako halako eskarmentua zuten bi jokalarirentzat.

Okertzen ari zen neurketa, ordea, azken unean okertu zen erabat. Egun Lenovo Tenerifen jokatzen ari den Joan Sastrek azken segunduan 20 metrotik nolabait botatako hiruko batek erabaki baitzuen norgehiagoka. Dairis Bertansek –larunbatean Betisen elastikoarekin jokatuko duen «Letoniako suziria»– ia baloia ostu zion Sastreri, baina honek nolabait bota eta azken unean partida irauli zuen. Aragoikoen ospakizuna zela-eta, Axel Hervelle eta Zaragozako Stevan Jelovacek gutxigatik ez zuten mutur-joka amaitu.

Ordutik aurrera, diru arazo larriak ez ezik, sailkapenean beheranzko bidean ibili izan da talde bilbotarra, 2017/18 denboraldian LEB Ligara jaitsi zen arte. Handik aurrera, jakina da ACB Ligara itzulera, 2019/2020 denboraldian erakutsitako maila bikaina covid-19aren pandemiak dena eten zuen arte eta pasa den denboraldiko sufrikarioa maila mantentzeko borrokan.

«Taldeak sekulako esfortzua egin du azken jardunaldira aukeraren batekin iristeko. Ondo legoke zaleek jokalariek egin duten esfortzu horri erantzutea eta harmailak beteko balituzte», eskatu du Mumbruk, beraz, 2014/15 denboralditik hona lortu gabe geratu den balentria lortzeko azken aukerak zukutzearren.

Datorren urtean Bilbon jarraitzea edo Bilbao Basket datorren denboraldian Europara itzultzea –FIBA BCLn izea ematea aurrikusten du Bilbao Basketek– ere hizpide izan ditu entrenatzaile katalanak. «Taldeak eta hiriak merezi du Europara itzultzea, baina beste kontu bat da Europan eta ACB Ligan zer maila ematen den. Hortarako ekonomikoki sendotasun handiagoa behar da. Baina horiek geroko kontuak dira; hobe dugu lehenengo oraingo honetaz gozatzea», esanda amaitu du.