Naiz
GASTEIZ

Barnahus ereduan oinarritutako Haurren Etxea aurrera doa; talde eragilea bertan bildu da

Haur eta nerabeen sexu abusuak modu integral batean artatzeko Barnahus eredu islandiarrak sustraiak botako ditu Gasteizen. Prozesuan parte hartuko duten talde eragile eta profesionalek bilera egin dute, eta aurreratu dituzte aurreneko xehetasunak. Urte amaierarako espero da martxan jartzea.

Barnhaus zerbitzuak arreta integrala eskainiko die biktimei zein haien familiei.
Barnhaus zerbitzuak arreta integrala eskainiko die biktimei zein haien familiei. (IREKIA)

Barnahus proiektu pilotuaren lehen Haurren Etxea egingo da Gasteizen, eta ostiral honetan bertan bildu da talde eragilea. Haurren sexu abusuaren kasu edo susmoetan inplikatutako sistema integralak zerbitzu eta agente guztien lan koordinatua barnebilduko du, eta arreta haurren biktimologian espezializatutako profesionalen eskutik eskainiko da.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua EAEn Barnahus programa pilotua garatzeko ardura duen profesional taldearen bosgarren bileraren buru izan da. Erakunde eta sail arteko lantalde teknikoa 2021. urtearen amaieratik ari da lanean Islandiako eredua bertako eskumen errealitatera egokitzeko eta inplikatutako sistemen artean (Gizarte Zerbitzuak, Osasuna, Hezkuntza, Justizia eta Segurtasuna) jarduera koordinatuko protokoloak egiteko.

Hego Euskal Herriko lehen Haurren Etxea (Barnahus islandieraz) «espazio eroso, harmoniko, seguru eta lagunkoi bat» izango da. Eraikina, Artolazabalek jakinarazi duenez, egoitza-eremu batean dago, ertzain-etxeetatik, ospitaleetatik edo epaitegietatik urrun; garraio publikoaren bidez konektatuta dago, eta desgaitasuna edo behar bereziak dituzten pertsonentzako irisgarria da.

Helburu nagusia «biktimei eta haien familiei arreta integrala eskaintzea da, testigantza bakarra, zehatza eta osoa lortuz, haurra edo nerabea berriz biktimizatzea saihestuko duena», esan du kontseilariak.

«Adingabeei ingurune atsegina eta abegitsua bermatzeko», sailburuak zehaztu du espazioak «dekorazio egokia eta adin desberdinetara egokitzeko modukoa izango duela, haurren biktimologian espezializatutako profesionalak izango dituela, haur eta nerabeen hizkuntza erabiltzeko eta kasu bakoitza bere ikuspuntutik ulertzeko gai izango direnak».

Prozesua sinplifikatu, biktima babestu

Gaur egun EAEn 600 sarrera puntu baino gehiago daude haurren ustezko sexu indarkeria kasuak detektatzeko eta haiei hasierako arreta emateko. «Gainera, haurrak hamar bat zerbitzu edo sistema desberdin igaro behar ditu, eta behin eta berriz kontatu behar du bere esperientzia mingarria; horrek bere errekuperazio prozesua zailtzen du eta bigarren mailako biktimizazioaren eta kalte gehigarriaren arriskua areagotzen du», azaldu du. Haurren sexu abusuaren ondorioz irekitako hamar kasutik zazpi ez dira epaiketara iristen frogarik ez dagoelako.

Ordea, datu hauek hobetzea lortu du Barnahus sistemak. Biktimak bere historia azalduko dio Auzitegiko Talde Psikosozialari, bere adinera egokitutako elkarrizketa aretoetako batean. Noranzko bakarreko ispilu baten laguntzaz, epaileak, fiskalak, ikertutako pertsonak eta horien defentsak lekukotza bakar, zehatz eta oso bat lortzen eta grabatzen laguntzen dute, aurrez eratutako frogatzat hartuko dena, prozesuko berme guztiekin.

Nazioartean egindako prebalentzia azterketen arabera, haur eta nerabeen %10 eta %20 artean sexu indarkeriaren biktima dira; horrek esan nahi du bost adingabetik batek sexu indarkeria jasan ahal izan duela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

Datu horien arabera, «gaur egun, Euskadin 18 urtetik beherako 2.000 eta 4.000 adingabe artean daude, bizitzan zehar sexu indarkeria motaren bat jasan dutenak».

Esperientzia pilotuak Save the Children erakundearen laguntza teknikoa du, eta etengabeko ebaluazio prozesu baten mende egongo da. Prozesu horretan, lortutako estalduraren, lortutako emaitzen eta lortutako inpaktuaren azterketa egingo da. Gainera, biktimen eta haien familien gogobetetze maila neurtuko du, Islandiako ereduaren kalitate estandarrek eskatzen duten bezala.