Hezkuntza lege dekretu berriak aldaketak ekarriko dizkio Filosofia irakasgaiari

Dekretu bidez tarteka hezkuntzan egiten diren aldaketekin Filosofia eta pentsamendu kritikoa elikatzea bilatzen duten irakasgaiak atera ohi dira kaltetuak. Azken iragarpenek hautsak harrotu dituzte. Maitane Nerekan (Agora), Ekai Txapartegi (EHU) eta Lorea Agirreren (Jakin) ahotsak batu ditugu.

Maitane Nerekan Umaran, Agora elkarteko lehendakaria
Maitane Nerekan Umaran, Agora elkarteko lehendakaria (Jon URBE | FOKU)

Zaharrak berri Filosofia irakasgaiarentzat, oraingoan ere hezkuntza lege batek ekarriko dituen aldaketez ez baita libratuko. Hilabete batzuk lehenago iragarri zuena betez, iragan martxoan onartu zuen Madrilgo Hezkuntza Ministerioak errege lege dekretu berria; horrekin, datorren ikasturteari begira, aldaketa batzuk txertatuko ditu Derrigorrezko Hezkuntzan.

Eztabaida Filosofia irakasgaiaren bueltan kokatu da. Izango duen errelebantzia kezkaz hartu dute horretan diharduten eragile, elkarte eta irakasleek. Egia bada ere lege dekretuak derrigorrezko ikasgai bezala berreskuratuko duela Batxilergoko lehenengo mailan (bigarren mailan derrigorrezkoa izaten segituko du), badatoz galerak, besteak beste, DBHn 4. mailatik ezabatu eta Madrilek erkidegoen esku utziko duelako hautazko gisa eskaintzeko aukera, haiena baita hezkuntza eskumena. GAUR8k baieztatu ahal izan duenez, Hego Euskal Herriak hautu horri eutsi dio, eta bai EAEko eta bai Nafarroako Hezkuntza sailek bermatuko dute.

Lakuako Hezkuntza Saileko iturriek hedabide honi adierazi diote bai Lehen Hezkuntzako 6. mailan, bai DBHko 1. mailan “Balio zibikoak eta etikoak” deituriko irakasgaia eskainiko dela, derrigorrean, asteaz bi orduz. DBHko 2. eta 3. mailetan, ordea, irakasgai horren ildoari jarraitzen dion hautazko bat eskainiko da, “Pentsamendu kritikoa eta autonomoa”, astean bi orduz. DBHko 4. mailan hautazko moduan eskainiko da “Garapen pertsonal eta sozialari aplikatutako filosofia”, besteak bezala, astean bi orduz. Batxilergoan, modalitatea dena delakoa izanda ere, “Filosofia” emango da 1. mailan eta “Filosofiaren historia” 2. mailan. Batean zein bestean, astean hiru ordu eskainiko zaizkio irakasgaiari, iturri berberek adierazitakoaren arabera.

Gauzak horrela, filosofia eta pentsamendu kritikoa eguneroko tresna dutenengana jo dugu. Nola ikusten dituzte eraginak? Zer ondorio ekar ditzakete? Zer ekarpen egiten digu filosofiak eta zer inportantzia du gure eguneroko bizitzan? Galdera horiek eta beste zenbait ase nahi izan ditugu Maitane Nerekan Agora elkarteko presidentearekin, Ekai Txapartegi EHUko Filosofia irakaslearekin eta Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariarekin.

Munduan kokatzeko gakoak

Aldaketa eta, hein batean horrek baieztatzen duen azken urteetako joera, «oso kolpe gogorra» izan dela iritzi dio Maitane Nerekanek, «minimoen panorama» planteatzen duelako Pedro Sanchezen koalizio gobernuak. «Abiatzen gara egoera batetik non Filosofiaren defentsa egin behar dugun, eta hori oso esanguratsua da», esan eta zera erantsi du: «Ez dut ikusten Matematikako irakasle bat matematikaren defentsa egiten, baina guk, ordea, legez lege beti ibili behar dugu ikuskatzen eta borrokatzen».

Agorako presidentearen ikuspuntutik, azken lege guztietatik «txarrena» da honakoa; are gehiago, «bere burua progresistatzat duen gobernu batek Wert Legeak baino egoera zailagoa uzten digu», gaineratu du. Izan ere, hezkuntza curriculumari begiratuz gero, ordu murrizketa aldetik honexek egiten die murrizketa handiena filosofiari, balio etiko eta zibikoei eta orokorrean «hausnarketa kritikoa sustatzen duten irakasgaiei».

«Egia da pentsamendu kritikoarekin lotutako ikasgai berriak proposatzen direla eta hori garrantzitsua da», baina horiek oso ikasturte gutxitan direla derrigorrezkoak kritikatu du, eta hautazko gisa eskaintzeak ez duela bermerik ematen. «Hausnarketara bideratutakoa dena ez da produktibo bezala ikusten, eta guretzat hori errakuntza handi bat da: ez dugu uste mundua egitera egon behar garela hezkuntzatik, baizik eta munduan kokatzera».

Irakasgai tronkal gisa eskaintzea da gakoa, Agorako presidentearen ustez. «Hezkuntza konpetentzial batean, eta gainera dekretu berriak aipatzen dituen konpetentziei erreparatzen badiegu, ikaslearen ‘irteera profil’ horretan aipatzen da jarrera kritikoa garatua behar duela diziplina guztiekiko. Halaber, zientziarekiko ikuspegi kritikoa eta analisia egiteko gaitasuna ere jasotzen dira, baina gero inon ez da ematen espazio espezifikorik hori guztia lantzeko eta helburuak betetzeko».

Filosofiak ematen dituen gakoak errealitatea interpretatzeko are eta inportanteagotzat jotzen ditu garaiotan Nerekanek. «Mundua etengabe aldatzen ari da, eta erronka berriak etengabe agertzen zaizkigu. Horiek pentsatu eta birpentsatzeko gaitasuna oso aktibo izan behar dugu, dela zientzian, politikan, ingurumenean, ekonomian, gizarte antolaketan, dela feminismoan… Ezinbestekoa da jakintza bat errealitatearekin lotzeko gaitasuna izatea, eta horretan pentsamendu kritikoa izatea».

Pandemia aipatu du adibide hurbilena bezala. «Zientziak markatu behar izan ditu lehentasun batzuk, eta erabakiak nork hartu behar zituen auziaren gaineko hausnarketa egin behar izan da. Ea politikaren eremuak zer eragin izan behar zuen zientziaren eremuan, adibidez. Filosofiako jende ugari aritu da hausnarketa horietan, baina orokorrean gizarte osoak behar zuen izan pentsamendu propio bat beldur itsuan ez erortzeko. Buruko eritasunen mendean bizi gara. Autonomia kritikoak asko lagunduko liguke indibidualki zein kolektiboki». Bere iritziz, ordea, «ez dago herritar autonomoak egiteko interesik».

Filosofiako irakasleek egiten dutena –eta hau azpimarratu nahi du Nerekanek– ez da aldarrikapen laborala, baizik eta gizarteari begirakoa. «Gabezia horrek oso eragin kaltegarriak izango ditu. Gizarte moduan, eta batez ere euskal gizartean, non hausnarketa kolektiboaren beharra eta hausnarketa pausatu eta kritiko baten beharra gure gako historiko bat izan den, oso beharrezkoa da».

Agora elkarteko kide asko, aldi berean, haurrekin filosofia lantzen duen Jakinmin elkarteko kide dira. Transmisioaren balioa aipatu du Nerekanek. «Haurrak lauzpabost urte dituenetik aurrera, hizkuntza erabat garatua duenetik, badu hausnarketarako gaitasuna, eta horri bidea ematen badiogu pentsamendu abileziak deitzen diren horiei begira pentsamendu konplexua garatzeko gaitasuna askoz ere sendoagoa izango da».

Oiartzunen urteak dira haurrekin sortutako talde sendoa dagoela, Donostian ere ibilbidea egina dute, eta gero eta gehiago ari dira batzen: Errenterian, Durangaldean, Iruñean… «Txikitatik horretarako gaitasuna dute, baina gure hezkuntza ereduak egiten duena da blokeatu pentsamendu kritikoa, autonomoa eta sortzailea deitzen duguna. Horri ateak itxiko ez bagenizkio, Bigarren Hezkuntzan lan egiten dugunok ez genituzke izango ditugun arazoak ikasle batek iruzkin filosofiko bat egiteko, edo ikasle batek erabaki dezan bere eguneroko bizitzan zein den bere hautu politikoa, pertsonala edo erlazionala».

Makinak ordezkaezina

Lege dekretu bidezko moldaketak prozesu zabalago baten parte bezala hartzen ditu Ekai Txapartegik, Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia irakasleak. Gazteak 16 eta 18 urte inguru dituztenerako lehiatzeko eta ekoizteko eta lan merkatura jauzia emateko prestatzen ditugula edo prestatu nahi ditugula uste du. «Gazteei gero eta konpetentzia zehatzagoak eta ugariagoak eman nahi zaizkie gero eta denbora laburragoan, eta eskema orokor horretan filosofiak leku gutxi du».

Eta hor bat dator Nerekanekin: «Gaur egun ematen zaigun gutxi hori ere auzitan jartzen da, eta beti aurkitzen gara curriculumean gelditzen diren hondarrak defendatzen».

Ikasleak, gaurko gazteak izango direlako biharko helduak, beharrei eta errealitateei moldatzea ondo deritzo, baina formakuntza hankamotz ikusten du ez bazaizkie «joera hauek eta errealitatearen konfigurazioa nondik datorren interpretatzeko gakoak eskaintzen. Moldatzeko tresnak ematen zaizkie, baina azaldu gabe zergatik eta zertarako, eta joera hauen atzean dauden indarrak ez dakizkite azaltzen. Perspektiba hori galtzen da».

Irakasten diren zenbait espezialitate eta konpetentzia, normala denez, hemendik urte batzuetara ez dira lehentasunezkoak izango; ordea, filosofiak ahalbidetzen dituenak ez dutela iraungitze datarik defendatu du Txapartegik. «Makinek ordezkatu ezin dituzten konpetentzia espezifikoak lantzen ditu filosofiak. Galderetan, moraltasunean, bestearekiko tratuan… Gero eta gehiago beharko dena da bestearekin egoten dakien jendea, gizakiak ez ditu giza harremanak ordezkatu nahi makinengatik», dio.

Irakaslearen ustez, «eskola ez da ezagutza eta informazio transmisore bat, hori sakelakoan eskura dutelako, Internet… Auzia da informazio zaparrada horren erdian gakoak interpretatzen jakitea, inportantea da zer den eta zer ez den bereiztea, egoera horretan nork bere burua kokatu eta erabaki zuzenak hartzen laguntzea». Galdera egokienak egiten jakitea, nor bere buruaz pentsatzeko gai izatea, gai nuklearrak dira, oinarrizkoak. «Konpetentzia filosofikoak ez dira kapritxo bat ikuspegi produktibista huts batetik begiratuta ere, zeren ikuspegi produktibista bera zalantzan jartzeko ere baliagarria da. Zentzu horretan, ez gara guretzat etorkizun hoberena eraikitzen ari filosofia murrizteko saiakeran tematuta segitzen badugu», ohartarazi du.

Filosofiak derrigorrezko hezkuntzan dituen trabak ikusita, fakultatera ailegatzen diren ikasleen profilari buruz galdetu diogu. Hain zuzen, lehenengo mailan zerk eraginda matrikulatu diren galdetzen die Txapartegik ikasleei. Gutxi batzuk, nahi zuten hura ikasi ezin ez, eta bertan ematen dituzte unibertsitatean lehen urratsak. «Horiei filosofiarekiko interesa sortzea da helburua», kontatu du.

Bigarren talde bat bada, «goizegi espezializatzearen tranpan erori nahi ez eta badatozenak perspektiba sakonago baten bila». Eta badago hirugarren multzo bat ere, «arrazoi zehatz batekin heltzen direnak: kontrako eztarritik joan zaien galdera bat askatzera datozenak, kontraesan sakonen bat dutelako, edo errealitateak astindu bat eman dielako».

Eta ikasleak Ibaetako campusera eraman dituzten arrazoiak direnak direla, bitxia da kointzidentzia bat: matrikulatu aurretik ia denek entzun dutela nork bere inguruan «zertarako Filosofia?» galdera. Prestigio falta, zalantza, mesfidantza.

«Kontrara –erantsi du–, ikasleek esaten dute topatu dutela figuraren bat animatu dituena beren bidea egitera, eta aztertzekoa da zergatia, zeren askok eta askok amona aipatzen dute. Ez aitona, baizik amona». «Jendartean badago filosofiarekiko ikuspegi antiintelektualista bat, baina gero eta hedatuagoa dago, uste dut, filosofia beharrezkoa den sentsazioa. Fakultatera iritsi direnak erresistentzia horiek guztiak gaindituta heldu dira, eta heroizitate puntu bat izateaz gain, horrek erakusten du militantzia bat, printzipioak eta konpromisoa».

Kosmobisioa eraiki

Produktibitatearen logikaz gaindi begiratzen duen hezkuntza baten alde egiten du Txapartegik, bertan filosofiari lekua eginez, zeren azken batean «galdera filosofikoak denok ditugu», dio. «Iradokitzea edo lortu izana gehiengo batek galdera horiek ez egitea, hor atzean dagoena da bortxa. Zigor sozialean eusten den bortxa intelektuala gazteriari galdera batzuk egiteko gaitasuna kentzeko», uste du.

Maitane Nerekanek bezalaxe, pandemiaren adibidea erabili du. «Zer da errealitate objektiboa? Zein da iritziaren eta ezagutzaren arteko diferentzia? Ezagutza dutenek gobernatu behar dute beste guztien gainean? Non gelditzen da norberaren askatasuna testuinguru demokratiko batean? Pandemia bera ulertzeko galdera horiek, bizi izan duten egoera asimilatzeko… Non daude egoera horiek eztabaidatzeko guneak? Zeren galderak hor daude».

Defendatzen duenez, ikasleek euren artean hitz egin nahi dute, «beren iritzia eta kosmobisioa» formatu. «Behar intelektuala badago, eta hori mozten duen hezkuntza sistema batean sartzea gure haurrak eta gazteria… ari gara esaten bortxatzailea den hezkuntza sistema batean, finean ikasleen joera intelektual oinarrizkoenak kamusten ari dena inproduktiboa delako. Eta nik zera diot: ba al dago hazkuntza pertsonala baino gauza produktiboagorik?», bota du.

Gazteria postmillennialak posizio etiko batzuk eta nork bere autonomia landu izan gabe datorren etorkizunari eta inguratzen gaituen errealitateari aurre egitea posible dela sinistea «ilusiozko pentsamendua» izatea dela uste du.

Hau ere zientzia da

Zientzia humanistikoak direna bezala aldarrikatzen ditu Lorea Agirrek, alegia, «zientzia». Eta, hortaz, zientzia teknikoei parez pare begiratzeko gai direla. Estatus bera dutela. Batak bestea behar du, eta eskutik helduta joan behar dutela uste du, halabeharrez. «Zenbakia, datua, ikerketa positiboa… erabilgarria eta beharrezkoa da gizarte batek bere garapena eta hobekuntza izan dezan, baina horrek behar du gogoeta, kritikotasuna, galderak behin eta berriz planteatzea eta modu diferentean aldiro. Gizartean gertatzen direnak, injustiziak eta ezin biziak eta kezkak, horri guztiari Humanitateetatik heltzea ezinbestekoa da», adierazi du Jakineko zuzendariak.

Ez du dudarik egiten zientzia teknikoetan ari den zenbait jendek baduela beste begirada humanista hori, baina formakuntza lan mundura nola bideratuta dagoen jartzen du zalantzan: «Zientzia eta kontzientzia. Banaezinak dira. Zer egiten dugu? Zertarako eta zergatik? Gure gaurko gizartean, hemengo Euskal Herrian eta Mendebalde honetan, auzi politiko, sozial eta kultural handiak ditugu zabalduta, eta zientzia tekniko hutsek ez diete ez irtenbiderik ez erantzunik emango».

Espazioak gutxitzea, hezkuntzan kasu, borondate politiko batekin lotzen du. Produktibitatea gauza guztien gainetik jartzea, dirua eta merkatua. «Horri zuzenean lagunduko ez dion guztia baztertzen da, tartean, pentsamendu kritikoa. Kuantitatiboki eta dirutan oso gutxi aportatzen du, ez du Ibex 35ean kotizatzen. Eta nolabait alfer lanak balira bezala ikusten dira».

Zalantzak egiten gaituela boteretsu gaineratu du. Indibidualki bai, baina bereziki «kolektiboki». «Batak besteari galderak egin eta erantzunak partekatu gabe ez dago jakintzarik. Herri batek, antolakuntza edo akademia batek gizarte bati, biak elkarrizketan jarrita».

Horiek horrela, gero eta beharrezkoagotzat jotzen du galderak egiteko guneak zabaltzea. Edozein gauza, material edo immaterial izanda ere, kontsumo azkarrera daramagu, «eta zurrunbilo horretan pentsatzeko denbora gutxi dago. Eremu batzuk neoliberalismotik babestu behar dira, eta horietako bat da, dudarik gabe, hezkuntza. Beste parametroetan eraiki behar dira –proposatu du–. Jakintzaren eta eztabaidaren alde egin behar dugu, aniztasun erreal eta kualitatibo baten alde, auziak non dauden atzeman, eta kolektiboki zer egin daitekeen ikusi».