Asier Aiestaran

Ezkurdiak erakustaldi aparta eman du eta nafarren arteko finala izango da bi aste barru

Arbizuarrak dena ongi egin du eta 22-2 menderatu du Eibarren batere aukerarik izan ez duen Erik Jaka. Nafarroan jokatuko den historiako lehen Buruz Buruko Txapelketaren finalean nafarren arteko lehia izango da maiatzaren 29an.

Ezkurdia, garaipena amorruz ospatzen.
Ezkurdia, garaipena amorruz ospatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Joseba Ezkurdia izango da Unai Lasoren aurkaria maiatzaren 29an, bi aste barru, Nafarroa Arenan jokatuko den Buruz Buruko Txapelketan. Arbizuarrak sekulako erakustaldia eman du Eibarren eta 22-2 menderatu du batere aukerarik izan ez duen Erik Jaka.

Partidak ez dauka zer kontatu gehiegi, zoritxarrez. Joseba Ezkurdiak dena ongi egin du: sakearekin asko asmatu du, pilota ederki atzeratu du, errematean oso inspiratuta aritu da eta defentsan jardun behar izan duen une gutxi horietan ez du arazorik izan. Arbizuarrak 12 tanto egin ditu jokoan, 6 sakez eta pilota bakarra galdu du.

Perfekzio horretan salbuespen bakarra egon da, partidako lehen tantoa. Lehen sakea Ezkurdiari egokitu zaio, baina nafarrak ez du asmatu lehen pilotakada horretan, eta bigarrenean ere ez, Jakari errematerako aukera utziz. Bai, aurreneko tantoa lizartzarrak egin du (0-1).

Baina hortik aurrera Ezkurdiaren erauntsia hasi da, eta Jakak ezin izan du ezertxo ere egin. Eskuin boleaz txokoan, zabalera bikain irekiz, atzera joz… klase guztietako tantoak egin ditu Aspekoak eta lehen atsedenaldira (12-1) 15 minutuan iritsi da neurketa. Partziala 14-1ekora arte luzatu da.

Ezkurdiaren galdutako pilota bakarra 14-2koa izan da, txapara bidali duen pilotakada batean, eta horixe zen Jakaren aukera markagailuan inguratzen saiatzeko. Baina presio horrekin jokatzea ez da erraza eta txapa azpira joan zaio berehala pilota gipuzkoarrari, balizko erreakzioa ezerezean utziz.

Ezkurdiak berera jarraitu du eta zuzenean joan da azken 22-2kora, azken txanpan jada Erik Jaka lur jota zegoela. Garaipena merezi moduan ospatzeko aukera izan du Ezkurdiak, lehiaketa honetan bere lehen finala jokatzeko aukera izango baitu. Gainera, Buruz Buruko Txapelketaren historia luzean lehen aldiz Nafarroan jokatuko den finala bi nafarrek jokatuko dute, eta jada internet bidez salgai ziren sarrera guztiak agortu dira.

«Oso pozik nago. Astean zehar pelikula asko egiten dituzu, partida nolakoa izatea nahi duzun bisualizatzen duzu, eta gaur dena ongi atera zait», onartu du Joseba Ezkurdiak neurketa amaieran. «Lan asko egin dugu ongi prestatzeko. Aurrez bi aukera izan nituen finalean sartzeko eta ez zen posible izan, eta azkenean lortu dut. Esan nuen aurkezpen egunean, Iruñeko final horretan egon nahi nuela bai ala bai. Lortu dut, eta orain ahalik eta ongien prestatu nahi dut final hori».

Aurrean Unai Laso izango du. «Lau eta Erdian bi aldiz jokatu dut bere aurka, baina kantxa guztian inoiz ez. Aurkari gogorra izango da. Urte bete darama sekulako maila ematen, une batez ere jaitsi gabe, baina badakit nik nire maila ematen badut aukerak izango ditudala», gaineratu du.

Erik Jakak, bere aldetik, ez dio aitzakiarik ipini porrotari. «Berak dena ongi egin du, eta nik ezina sentitu dut. Pilota ez zitzaidan eskutik irtetzen eta gainera azkar nekatu naiz. Pilotari ez nion abiadurarik ematen, aurrean uzten nion, eta maila honetan horrela jokatuta ez dago zer eginik. Zoriondu, ez dago besterik», adierazi du lizartzarrak pena handiz.

Pilotakadak: 167. Partidaren iraupena: 34 minutu. Markagailua: 0-1, 14-1, 14-2 eta 22-2. Sakez: 6 Ezkurdiak. Jokoan eginak: 12 Ezkurdiak eta 1 Jakak. Galdutakoak: 1 Ezkurdiak eta 4 Jakak. Gertaerak: Sarrera apala Eibarko Astelena pilotalekuan. Ruben Ayarra izan zen Ezkurdiaren botileroa eta Jon Eskudero Jakarena. Lehen sakea, gorri.