Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Fiskaltzak Pablo Gonzalezen espetxealdia luzatzeko eskatu du

Pablo Gonzalez kazetariaren aurkako atxilotze agindua maiatzaren 28an amaitzen da. Poloniako Fiskaltzak kartzelaldia luzatzeko eskatu du, Efe agentziaren arabera. 

Pablo González, Fiskaltzaren erabakiaren zain.
Pablo González, Fiskaltzaren erabakiaren zain. (NAIZ)

Maiatzaren 28an amaituko da Pablo Gonzalez kazetariaren aurkako hiru hilabeteko atxilotze agindua. Hala ere, egoera hau epaiketa bitarte luzatu daiteke, Poloniako legearen arabera. Horretarako, epemuga baino 10 egun lehenago bere iritzia agertu beharko luke Fiskaltzak. 

NAIZek kazetariaren gertukoekin hitz egin du goizean eta oraindik ez zuten horren berririk. Iluntzean, ordea, Efe agentziari Fiskaltzako prentsa bulegotik adierazi diotenez, behin-behineko espetxealdia luzatzeko eskaera aurkeztu du Fiskaltzak. Hala, Gonzalezen egoera erabakitzeko auzi-saioa datorren astean izan liteke, eskaera egin eta hurrengo zazpi egunetan egin behar baita auzi-saioa, prozeduraren arabera.

11 aste daramatza espetxeraturik NAIZeko ohiko kolaboratzaile den Gonzalezek. Polonian atxilotu zuten otsailaren 28an, Ukrainako mugatik gertu. Fiskaltzak Poloniako Estatuaren aurkako «atzerriko inteligentzia jarduera» delitu bat leporatu zion eta espetxera bidali. Espioitza delitua urtebete eta 10 urte arteko espetxealdiarekin zigortzen da Polonian.

Aurreko astean, ‘The Guardian’ egunkarian, bere bikote Ohiana Goirienak Gonzalezek oraindik pairatzen duen inkomunikazioa salatu zuen. Bidali dizkioten gutun eta paketeak ez zaizkiola iritsi edo, iristekotan, berandu ailegatu direla azpimarratu zuen, tartean bere hiru seme-alaben marrazkiak daudela nabarmenduz.

Denbora honetan guztian ezin izan du ez senideekin ez bere konfidantzazko abokatuarekin, Gonzalo Boyerekin, hitz egin. Duela hilabete inguru lortu zuen berak aukeratutako Poloniako abokatu bat izatea.

Bartosz Rogala da Gonzalezen abokatua Polonian eta iragan astean adierazi zuen gorteari eskatuko ziola bere bezeroa kargurik gabe askatzeko edo, gutxienez, fidantzapean askatzeko. Audientziak ateak itxita egingo dira.